Zuzenean
59 jarduera eta emanaldi izango ditu Atlantikaldiaren hamargarren edizioak. Lau gune nagusitan banatuta, ikuskizun mordoa izango du jaialdiak, kulturaz gozatzeko. Bitakora lelopean, omenaldia egin nahi diote hamarkada honetan egindako lanari eta baita parte hartu duten sortzaileen ekarpenei ere.
Oholtza nagusitik Herrixkaraino, Torrekuako inguruko dantzatik igaro eta gastronomia ere erdigunean jarriko duten ekitaldietara heltzeko. Plan zabala eta zinez interesgarria datozen egunetarako, «musikari garrantzia berezia ematen badiogu ere, programa beste jarduera askok osatzen dute» esan digu Josean Ruiz de Azuak, jaialdiko zuzendariak.
Olaia Inziarte, EDE, Yaima Orozco, DJ Rita, Doble & Hugsound, Rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso ariko dira jaialdian, besteak beste. Gainera, Itsas Elkarrizketak antolatu dituzte beste behin, nazioarteko eta bertako sortzaileak taula gainean elkarrekin aritzeko. «Egunero egongo da gutxienez Itsas Elkarrizketa bat; oso aberasgarria da artistentzat eta baita jendearentzat ere, hemen ikusten dena ezin da beste inon ikusi».