Zuzenean

NAIZ Irratia

«Seaska egiteko manera bat da»

Ikasturte hasiera berezi izan da Seaskarentzat. Hilaren 4an ikasleek eskoletara egin zuten itzulera Ipar Euskal Herrian eta, horrekin batera, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak kolegio berri baten ateak zabaldu zituen. Senperen kokatua dago Kattalin Elizalde, Seaskako bosgarren kolegioa.

Audio_placeholder

«Seaska egiteko manera bat da»

Loading player...
Iñaki Lekuona, Kattalin Elizalde kolegioko zuzendaria ikasleen harreran.
Iñaki Lekuona, Kattalin Elizalde kolegioko zuzendaria ikasleen harreran. ( Guillaume Fauveau)

Astebete igaro da Kattalin Elizaldeko Kolegioak bere ibilbideari ekin ziola. Zer moduz hasi da ikasturtea?

Ikasturte hasiera uste bezalakoa izan da, tinkoa. Tinkoa bai denboran, lehen fasearen bukaera lanak justu aitzineko astean amaitu baitziren. Baita espazioan ere, lehen fase honetan bakarrik eraikinaren herena bukatua baitugu. Eta horrekin, adibidez, gaur bezalako egun euritsu batean, soluziobide batzuk pentsatu beharko ditugu, ez baitugu aterperik. Tinko, baina bereziki pozik gaude: ikasleak, irakasleak, gurasoak baita talde pedagogikoa ere.

Noizko aurreikusi duzue kolegioa ehuneko ehunean prest izatea?

Berantenik urtarrilaren hasierarako. Espero dugu omiasainduko bakantzatan ehuneko laurogeia edo eskuratzea eta azken partea urtarrilean. Eraikinaren zati bat bada lakura ematen duena, zortzi gela inguru dituena. Hori egin gabe geratuko da eta 3-6 urtera diru gehiago izango dugunean bukatzeke geratuko da.

Kasualitatea bada ere, Senpereko lakuak eta Herri Urratsek zerikusi handia izan dute Kattalin Elizalde Kolegioarekin, ezta?

Kasualitate ederra izan da. Azkenean, gure kolegioa Herri Urrats ospatzen den aitzina horren inguruan eraiki da. 200-300 metro badugu tartea gure kolegioa eta lakuaren artean. Kasualitateak egiten du bosgarren kolegio hau sinbolo bilakatzea: Seaskaren ibilbide bikainaren sinboloa eta Seaska finantzatzen lagundu duen Ipar Euskal Herriko festa handienarena.

Kolegio berriaren izenak ere badu istorio berezia atzetik. Nor izan zen Kattalin Elizalde?

Argi zuten Seaskak eta gurasoek emakume baten izena behar zela. Artxiboa miatzen eta iraganari so egiten agertu zitzaigun emazte senpertar bat 1609an, Frantziako erresumak sorgin ehiza abiatu zuenean, jazarria eta atxilotua izan zena. Senperetik ihes egitea eta Mutrikun erbesteratzea lortu zuen.

Hari buruzko informazioa Madrilgo artxiboetatik etorri da. Bertan badira gutun pare bat non preseski Hego Euskal Herrian garai hartan agintean ziren Gaztela eta Argoiko erresumen administrariek Madrilera galdetzen duten ea zer egiten duten emazte honekin, Frantziako erresuma bere atzetik zebilelako. Iruditu zitzaigun emazte hau nolabaiteko sinbolo zela. Alde batetik, euskara eta nortasunaren jazarpenaren biktima izan zelako; garai hartako sorgin ehiza hori baitzen, besteak beste. Eta bestetik, beste zerbaiten sinbolo: garai hartan ere, eta behar bada aurretik ere, gure arbasoek jasaten zuten garaiko erresumen zapalkuntzarena.

Zenbat ikasle eta profesional bilduko dira Kattalin Elizaldeko aterpean?

Gure sartzea 82 ikaslerekin egin dugu. Bi maila osatu ditugu, seigarrenekoak (11-12 urte artekoak) eta bosgarrenekoak (12-13 urte artekoak). Horiekin hasi gara eta helburua da hemendik bi urtera beste bi maila gehiago osatzea. Horrela,160 ikasle inguru izango ditugu. Denborarekin aurreikuspenek diote 200 ikasleren bueltan ibiliko garela. Gero badakigu aurreikuspenek zer duten. Duela 20 urte Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioarentzako egin ziren eta gainezka bukatu du kolegio horrek. Besteak beste, horregatik behar izan du Seaskak bosgarren kolegioa ireki Xalbador eta Piarres Larzabal kolegioen artean.

Halako aurreikuspen eta joera horiekin, ondorioetako bat bada Ipar Euskal Herrian euskarazko hezkuntza nahi dela.

Bai. Euskarazko hezkuntza nahi da eta hori ez da bakarrik ikusten Seaskak geroz eta ikasle gehiago hartzen dituelako. Beste euskal sareek, elebidunek, ere gorantz egiten dute. Urrun gaude, egia esan. Gure helburua litzateke haur guztiek euskararekin harremana izan dezaten lehen mailatik bigarren maila arte. Eta zergatik ez hortik aurrera ere. Baina bai, Seaskaren erakargarritasuna hor ikusten da. Geroz eta ikasle gehiago baititugu urtetik urtera eta hori zerbaiten seinale da.

Azken 50 urtetan Seaskaren inguruan ibili diren familia, langile, irakasle horiek... gauzka ongi egin dituzte. Eta ez bakarrik euskararen inguruan, egiteko manera kooperatibo eta kolaboratibo baten inguruan ere bai. Seaskak eskaintzen duena ez da soilik hizkuntza, nortasuna eta kultura; egiteko manera bat da.

Jaurlaritza Logoa