Zuzenean

Iker Gurrutxaga
DONOSTIA
Elkarrizketa
Joseba Manterola
Don't Save The Queen taldeko abeslari eta baxu-jotzailea

«Asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen duguna zabaltzea baizik»

Don't Save The Queen entzun eta Sex Pistolsen kanta aski ezaguna etorriko zaio askori burura. Ñaño Trichine, Berdoof eta Joseba Manterolaren taldeak, Lapurdikoak, izen hori du eta ‘‘Iritziak eta sentimenduak’’ diskoa plazaratu du aurten. NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da Joseba Manterola.

Audio_placeholder

«Asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen duguna zabaltzea baizik»

Loading player...
(Patxi BELTZAIZ)

Taldearen izena nondik dator?

Sex Pistolsen kantatik dator, handiak ez duelako txikia sekula babesten; ez du erreginarekin zerikusirik. Gero nork bere irakurketa egin dezake guztiaz.

“Lekukoa” kantan zertaz ari zara? Lekukoa hartzeaz edo emateaz?

Biez. Gaztetan zeure burua oso ziur ikusten duzu eta besteei entzutea kosta egiten zaizu. Baina nik ere adin bat bete dut eta ohartu naiz gaztetan entzundako guztia ez zela botatzekoa.

Ñaño eta Berdoofekin batera osatzen duzu taldea, baina hirukoak non du sorburua?

Bata Ahetzekoa da, bestea Senperekoa eta ni, Hendaiakoa. Arrangoitzen entseatzen dugu, lagun batek etxean duen lokalean.

2017an etorri zen lehen maketa, baina taldea noiz sortu zen?

Garai hartan beste formazio bat genuen, baina Ñaño eta biok soilik geratu ginen. Berdoofi proposatu nion, beste talde batean elkarrekin baikeunden, parte hartu nahi zuen. Ñañok musika egin zuen, nik hitzak eta berak berea gehitu zion atzetik.

“Iritziak eta sentimenduak” kantak ematen dio izena diskoari. Aurreko kantarekin alderatuta, gitarrak beste kolore bat hartzen du.

Nik ez dakit estiloak definitzen, baina rocka da, hori ziurra da. Kantak punka, metala… denetarik du inguruan, eta hitz batekin definitzea ezinezkoa da niretzat.

Diskoan soinuaren arabera kokatu dituzue kantak?

Antzekotasunik bazuten, toki desberdinetan kokatu ditugu; ahalegina egin dugu abestien artean soinu desberdina izateko.

Adierazpen askatasunaren aldeko kanta da.

Bai, alde batetik bai, eta gustatzen zait irakurketa hori. Baina, filosofiarik egin gabe, bizitzaren laburpena ere bada. Adierazi nahi dugun hori adierazi nahi izatea, inork trabarik jarri gabe.

Munduko desoreka salatzen da, bestalde, “Amets bat” kantan.

Aspaldiko film batean New Delhin kalean bizi zen haur baten istorioa kontatzen du. Gu herri aberats batean bizi omen gara, baina Indiako haur horren egoera berean bizi diren umeak baditugu geure hirien bueltan ere.

Une batez metal ukituak ere baditu abesti horrek.

Posible da, hirurok denetarik entzuten dugulako. Metal oso basatia, punka, hardcorea, rock lasaiagoa…

Diskoak rapetik ere baduela esango nuke, “Eta gero” kantan horrela abesten duzuelako eta zu, etenik gabe, baxuaren linearekin jolasean...

Baxua gogoko dudalako jotzen dut eta ez dut neure burua osorik baxu-jotzaile bezala ikusten; abeslari izan naiz. Linea errazak atzematen ditut, aski sinpleak ditudala aitortu behar dut. Baxu-jotzaileei entzun edo begiratzen diedanean, haien maila askoz ere altuagoa da. Hogeita hamar urte pasatu ditut musika egiten eta erdia baino gehiago abesten soilik igaro dut.

Zer ari zara kritikatzen “Azkarrena ahulena” kantan?

Bikote batean egon daitekeen bortizkeria, baina baita orokorra ere. Azkar bat beti erraz ari da ahularen kontra, baina txikiak erresistentzia guda egiten du, aurpegia ematen du. Beraz, azkarragoa da aurpegia ematen duena kolpea ematen duena baino, kolpea ematen duenak ez baitu arrazoirik eta benetan bera baita ahula.

Abestiak konposatzerakoan dena oinarri sendo batean joatea landu duzue? Izan ere, blokean zoazte denbora guztian.

Aski naturalki etorri zen eta Ñañoren etxean landu dugu hori. Linea bat hartu eta horren bueltan egin dugu lan, gero Ñañok gitarrarekin jolas egiten duen arren. Ez dugu gogoeta handiegirik egiten; gustura bagaude, aurrera egiten dugu eta ez bagaude, ez dugu grabatuko edo kanta osorik sortuko.

Oso surferoa iruditu zait “Deabrua nor ote?” kanta, diskoaren zabaltasuna nabarmentzen duena. Erreferentzia ugari duzuela agerikoa da; elkarrizketa honetara, esaterako, Sick Of It All taldearen kamisetarekin etorri zara.

Anaia helduek rock zintzoa entzunarazi zidaten umetan, eta nerabe nintzenean AC/DC ezagutzen hasi eta musika bortitzagoetara pasatu nintzen. Hori bai: aurretik ikasitakoa utzi gabe, Supertramp asko gustatzen zaidalako, adibidez. Baina gero Slipknot, Muse edota Berri Txarrak bezalako taldeak entzun ditut. Denetik elikatu naiz.

Hirukote pare bat aipatu duzu. Obsesioa duzu horrekin?

Ez, bereziki: musikan zenbakiak ez du garrantzia. Baina hiru pertsonen artean zer egin duten entzuten duzunean... Gure buruari erronkak ere jarri dizkiogu halako saiakerak egin ahal izateko.

Kantaren hitzei erreparatuta, batzuetan deabru izatea ona da, ezta?

Bai, baina kantaren zentzuan ez. Euskal Herrian garai batean herriaren alde egiten zen guztia terrorismoa zen, denak deabruak ziren, baina nork esaten zuen hori? Nondik zetorren mezua? Bada, hemengo agintari eta gobernuek oso azkar esaten zuten hori. Hortaz, nor da deabrua?

Abesti guztietan sakoneko mezu bat utzi duzu, aprobetxatu dituzu guztiak.

Bai, nahiz eta maitasuna bezalako gaiak ere hor dauden. Ez badut ezer garrantzitsurik esateko, ez dut idatziko. Nori interesatzen zaio lore eder batzuk bildu ditudala? Nire iduriko, behintzat, bestelako mezuak interesgarriagoak dira entzulearentzat.

Gai batetik, ideia batetik, etorri da gero kanta bat?

Testuak eta musikak askotan ez dute loturarik edo elkarren kontra doaz. Gauza oso larriak musika alaiekin esan izan ditugu guk ere; ez da berria. Ideiak egunerokotasuneko xehetasun batetik, albisteetan entzundako esaldi batetik, etorri daitezke, gero zein musika izango duen jakin gabe. Testua izan daiteke arina eta musika astuna edota mezu oso gogorra eta surf musika, aurreko abestian entzun dugunez.

Jolastu egiten duzue.

Musika horretarako egiten dugu, arnasa hartzeko.

Eta galtzen baduzue, ez da ezer ere gertatzen.

Noski, galtzen baduzu ez da ezer larria.

Erritmoekin egin duzue jolas “Oraindik ez” kantan.

Bai, testuari egin nahi diot aipamena, hala ere. Ni zu bezalaxe zahartzen ari naiz. Tarteko eritasun larri bat dagoenean edota heriotza gertuago ikusten denean, horixe diogu: «oraindik ez». Musikak eta testuak lotura handiagoa dute abesti horretan.

Hala ere, prokrastinazioaz ari zinela uste nuen.

Bai, hori da: ez dugu zulo horretan murgildu nahi, bizitzeko asko dugu oraindik. Baina bizitzak zer ekarriko dizun gero nork daki? Dena beltzez ikusi ahal da, baina urtebete edo biren buruan ez dakizu zer ekarriko dizun bizitzak.

Errealitateari uko egiten ari zaio “Ez dut nahi izan” kantan mintzo dena?

Ikusten duzu urteak pasatzen ari direla, baina nik neure buruan 20 urteko inozo bat ikusten dut, nahiz eta adinean bikoitza baino gehiago izan.

Introa oso indartsua da eta tappinga ere entzuten da.

Bai, hala da. Parte txiki bat badu tappingarena, Ñañok egin zuen saiakera batena, eta uzteko eskatu genion. Abesti batetik bestera aldea dagoela uste dut, kolore desberdina dutela eta entzuleek hori antzemango dutela espero dut.

Kantak sortzerakoan, nondik abiatzen zarete?

Batzuetan riff oso labur bat izaten da eta horri bueltak emanaz, inprobisatuz... sortzen ditugu Ñaño eta bion artean. Oso gutxitan gertatu da osorik abesti bat norbaitek egitea. Inprobisatu, orduak eman eta zati bat edo bi lortuta etxeratzen gara ordu txikietan.

“Zenbat aldiz” kantan esaldi bat markatu dut: «Pentsa eta gero mintza».

Haurrei ‘‘Peio eta Otsoa’’ istorioa kontatzen zaie: Peio artzainak otsoa etorriko zela esaten zuen eta sekula ez zelarik etortzen, azkenean etorri zenean ez zioten sinetsi. Bada, horren bueltan dabil; hau da, zuk zintzo jokatzea, besteei tranparik egin gabe. Denoi gertatzen zaigu, ez du adinik horrek. Ez du erremediorik, baina asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen duguna zabaltzea baizik.

Azken kanta “Irriz” da. Pozik bizitzearen aldarria?

Bai, baina ez hori bakarrik. Charlie Hebdo aldizkariko marrazkilariak umorea egiteagatik hil zituzten; irri egitea biziki garrantzitsua da eta biziarekin ordaindu zuten hori. Nola da posible? Irri egin behar da, baina nork bere buruaz ere bai, bistan da. Batzuetan gaizki hartzen ditugu gauzak, baina garrantzitsua da norberaz trufa egin dezaten onartzea ere.

Bandcampean erosi daiteke digitalki, baina disko fisikoa baduzue?

Ez. Biniloak egin nahi genituen, baina kostua pila bat igo da eta CDan egiteari ez genion zentzurik ikusten, jendeak ez baitu halakorik erabiltzen. Plataforma digital guztietara zabaldu dugu gure musika eta haietan entzuteko moduan dago gaur egun.



Jaurlaritza Logoa