Zuzenean

Elkarrizketa
Maria Dosil
EHUko irakaslaea

«Pornografia kontsumitzeak indarkeria normalizatzen, legitimizatzen eta hutsaltzen du»

EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak ikastaro bat burutu berri du gazteen eta nerabeen harremanetan gertatzen diren zibererasoak, egungo pornografiaren kontsumoa eta sexu indarkeria aztergai izan dituena. Maria Dosil, ikastaroko parte hartzailea NAIZ irratian izan da.

Audio_placeholder

«Pornografia kontsumitzeak indarkeria normalizatzen, legitimizatzen eta hutsaltzen du»

Loading player...
EHUko irakaslea den Maria Dosil.
EHUko irakaslea den Maria Dosil. (Naiz irratia)

Gazteen eta nerabeen arteko elkarreragin sozialaren moduak erabat aldatu dira azken urteotan, eta Internet eta sare sozialak haien arteko komunikazioaren funtsezko parte dira. Maria Dosil, ikastaroko parte-hartzailearen hitzetan «teknologiaren garapenak jazartzeko, kontrolatzeko eta abusatzeko bide berriak ekarri ditu».

Era berean, tresna teknologiko horiek eskaintzen duten eskuragarritasuna eta berehalakotasuna arriskutsua izan daiteke, behar bezala maneiatzen ez badira, eta nerabeak eta gazteak arrisku horiekiko bereziki kalteberak izan daitezke. Izan ere, Dosilek dioen moduan, «internet aukeraz beterik dago baina baita arriskuez beterik ere».

Ikastaro honetako ildo nagusietako bat nerabe eta gazteen artean gertatzen diren ziber-erasoak izan dira eta Dosilen esanetan «ziber-erasoaren espektroa oso zabala da» baina funtsean «informazioaren eta teknologiaren erabilpena nagusitzen duen jazarpena da»

Maria Dosilek ziber-erasoak uste ditugunak baino gehiago gertatzen direla nabarmendu du. Izan ere, eraso hauek plano onlinean gertatzen direnean «ez dira erraz identifikatzen» eta horrek normalizazioa dakar. Hain orokortuak daude gizartean horrelako jokabideak, non maiz biktima ez da ohartarazten jasaten ari dena indarkeria dela.

Dosilen hitzak aintzat harturik, ziber-eraso bat burutzeko probabilitatea handiagoa da faktore batzuk biltzen dituzten pertsonengan. Hala nola, autoestimu baxua, harremanekiko ziurgabetasun handia , jokabide antisozialak, erregulazio emozional eta enpatia eskasa, edota babes sozial urria duten pertsonak.

Ziber-erasoen prebentzio lanketari dagokionean, Dosilek «prebentzio hitza motz geratzen da» dio. Udako ikastaroan planteatu denaren harira, lekukoak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, Dosilen esanetan «benetan inpaktu soziala izateko, fokua ezin da bakarrik erasotzaile eta biktimarengan jarri». Hain zuzen ere, bere ustez ziber-erasoen afera honetan bi plano baino gehiago daude eta guztion erantzukizuna eta parte hartzea beharrezkoa da egoera honi aurre egiteko.

«Benetan inpaktu soziala izateko, fokua ezin da bakarrik erasotzaile eta biktimarengan jarri»

Maria Dosilek azaldu duen moduan, lanketa hau behar bezala burutzeko, asko dira landu behar diren esparruak. Esaterako, trebetasun sozioemozionalak, genero estereotipoak, maitasun erromantikoaren mitoak sentsibilizazioa edota pertsekuzioa.

Bestalde, ikastaro honetako beste zutarri garrantzitsu bat pornografiaren kontsumoa eta honek sexu-indarkeriarekin duen lotura izan da. Dosilek plazaratutako datuen arabera EAE-n 16 eta 28 urte arteko nerabeen %80ak pornografia kontsumitzen du eta %10ak mendekotasuna duela aitortzen du. Halaber, datuek  hamar urteko batez besteko adinarekin kontsumitzen hasten direla islatzen dute.

Nolanahi ere, ikerketan topatu dira kasuak, non zazpi urteko haur batek  pornografia kontsumitu duen, konturatu gabe izan bada ere. Izan ere, Dosilen hitzetan «internetek pornografia erraztu du» eta horren atzean dauden plataformak eta markak «gazteak eta adingabeak erakartzeko estrategia komunikatiboak garatzen dituzte».

Maria Dosilen esanetan «pornografia da gizartearen heziketa sexuala» eta honek ondorio nabarmenak ditu gazteen sexu harremanetan, sinesmenetan eta igurikapenetan. Izan ere, egungo pornografiaren hein nagusi bat heteronormatibitatean eta emakumearen jazarpenean oinarrituta dago.

Pornografia eredu horrek «errealitatea distorsionatzea eta kontsumitzailearen jarreran eta jokabideetan eragin zuzena izatea dakar»  Dosilek dioenez. Ikerketen arabera, pornografiaren %90ak  emakumearen aurkako indarkeria esplizitua du. Ildo beretik, frogatutzat eman da  gizonezkoen hein handi bat sexu-indarkeriari esker kitzikatzen dela eta sexu gisa normalizatzen dituzte jokabide horiek, non imajinario sexual bat eraikitzen duten, emakumearen plazera errespetua eta afektibitatea ez dira kontuan hartzen. Laburbilduz, «pornografia kontsumitzeak indarkeria normalizatzen legitimatzen eta hutsaltzen du»  Dosilek ziurtatu duenez.

Ildo beretik, Dosilen adierazpenei erreferentzia eginez «pornografiaren kontsumoa eta sexu indarkeriaren artean erlazio zuzen bat dago». Hau da, gizonezkoen sexu desira kontsumitzen duten edukiaren baitakoa da eta horrek sexu indarkeria erreproduzitzea eragiten du. Izan ere, hori dute sexu erreferente gisa eta hori «arriskutsua» da.

Heziketa afektibo-sexuala

Bestalde, gazteen heziketa sexualaren baitan, Dosilek nabarmendu du «instituzioek heziketa afektibo sexualarekiko apustu irmo bat egin beharko luketela». Betiere, «afektibitate» esparrua aintzat hartzen bada. Argi azaldu du adinari egokitutako programak sortu ez ezik, profesionalek bideratutakoa izan behar direla benetan inpaktu bat sortzea nahi bada.

Maria Dosilek aitortu du gai deserosoa izan daitekeela baina «ezin ditugu begiak itxi». Horrelako gaiak zeharka eta oso puntualki  jorratzen direnean «sakoneko mezua lausotzen da» bere esanetan.

Amaitzeko, Dosilek esandakoari men eginez aurretik aipatutako arazoekiko kontzientzia ez dago zabalduta egungo gizartean eta «gai tabu bat izaten jarraitzen du». Hori dela eta, gizarteak prebentzioa, pertsekuzioa, parte hartzea, babesa eta promozioa hizpide  dituen lanketa bat burutu behar du. Aipatutako guztia sentsibilitatean, kontzientziazioan eta erantzunkidetasunean oinarritzen delarik. Maria Dosilen ustez «orain da gai hau lantzeko unea».

Jaurlaritza Logoa