Zuzenean
«Euskaldunok aukera izango dugu nahi dugun moduan aurkezteko munduren aurrean»
Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburu eta bozeramailearen esanetan Tourra Euskal Herrian hasteak badu «nortasunezko ezaugarri bat, gure nazio izaerarekin zerikusia duena». «Festa» handi bat espero du datozen egunetan, baita ekimena turismoa indartzeko baliagarri izatea ere.
«Euskaldunok aukera izango dugu nahi dugun moduan aurkezteko munduren aurrean»
«Tourrak badu puntu bat estrategikoa ez dena, bizipozarekin eta gozamenarekin zerikusia duena». Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburu eta bozeramaileak NAIZ Irratian baieztatu du euskal zaleen gozamena eragingo duela Tourra Euskal Herrian hasi eta lehen etapak gure lurraldean egiteak. «Munduko hirugarren kirol ikuskizun garrantzitsuena» festa handi bat dela baieztatu du eta hala dakitela «hamarkadetan zehar, esfortzu handia eginez, Pirineotara nahiz Alpeetara joan diren euskaldunek». Tourra gurera ekartzeak «aukera ematen digu une gogoangarriak etxe ondoan, lehio ondoan edo gure bideetan bizitzeko, hori ere inportantea da». Hortaz gain «gure herria nolakoa den munduari erakusteko aukera» izango dela ere nabarmendu du.
Ekonomikoki, Tourrak Euskal Autonomia Erkidegoan igaroko dituen hiru egunen baitan 12 milioi euro ordaindu direla azaldu du. BEZari dagozkion 1,2 milioi euro euskal ogasunen esku geldituko direla azpimarratu du eta lehiaketa publikoen bidez esleitu diren zerbitzuetara bideratuko diren 5 milioi euroei dagokienez, «aurkeztu diren enpresa gehienak bertakoak» direnez, «diruaren zati handi bat hemen geratuko du», baieztatu du sailburuak. Gaineratu du egun hauetan 2000 pertsona baino gehiagok gurean hartuko dutela ostatu, bertan «jan eta ondo pasa» behar» dutela eta horrek ere diru sarrerak eragingo dituela. «Dena pasatakoan jakingo dugu gastatu dugunetik zenbat iritsiko den euskal ogasunetara».
Harago, «momentuko eragin puntualaz» gain, gobernuaren helburuetako bat ere bada Tourra Euskal Herrian hasteak «arrasto bat» uztea. Zupiriaren esanetan azken urteetan hartutako hainbat erabakiri esker lehen Euskal Herrira hurbiltzen ez ziren kanpotarrak gurera etortzea lortu da. Horren adierazle nagusitzat jo du Bilboko Guggenheim, «lortu du kanpotarrak etortzea ez bakarrik uda garaian baizik eta urte osoan». Hala, Tourraren hasiera mundu osoko telebistetan ikusiko denez, gobernutik espero dute «herri erakargarri bat» erakustea urtean zehar turista gehiago erakartzeko aukera bat izatea.
«Nazio izaera»
Ikurrina asko espero da gure herrietako bide bazter nahiz eraikinetan eta Zupiriak aitortu du Tourra Euskal Herrian hasteak baduela «nortasunezko ezaugarri bat, gure nazio izaerarekin zerikusia duena». Nabarmendu du Christian Prudhome lasterketako zuzendariak berak euskal txirrindularitzan «lotu» egiten dituela Iparraldea eta Hegoaldea, eta hala egiten duela Lakuak berak ere. Bakoitzak erabaiko du zer egin, festa, bolondres lana edo ikurrina eskuan «aldarri politiko bat» egitea baina «hiru egunez euskaldunok aukera izango dugu nahi dugun moduan aurkezteko munduaren aurrean», adierazi du gobernuko bozeramaileak.
«Ertzainek profesionaltasunez egingo dute lan»
Duela hainbat aste Tourraren hasiera boikoteatzeko mehatxua egin zuen 'Ertzainas en Lucha' mugimendu asindikalaz galdetuta, Zupiriak adierazi du langile orok duela aldarrikapenerako eskubidea baina «legearen barnean». Hala, ziur agertu da lan egitea tokatuko zaien ertzainen kasuan profesionaltasunez ariko direla.
Mugimendu honen baitan, hainbat kasutan «oso tonu bortitza», «gehiegizko gogortasuna» sumatu du bozeramaileak. «Kontu handiagoa izan beharko lukete ertzainek», baieztatu eta gaineratu du polizia autonomikoa bengalekin ikusteak «harridura» sortzen duela. Halaber, sindikatuek egindako manifestazioetan, pankartetan, hainbat pertsonen argazkiak jarriz hainbat pertsona «seinalatzea» ez du egoki ikusten, «hori herri honetan lehenago ezagutu dugu eta badakigu zer ondorio zituen».