Zuzenean
«Hondoratzeko arriskuan zeuden 300 pertsona erreskatatzea ez da legez kanpokoa»
Itsasoko segurtasun araudia ustez urratzeagatik Aita Mari ontziaren aurkako salaketa aurkeztu du Italiak. Itsas Salbamendu Humanitarioko Isa Egigurenek kriminalizazio nahia salatu eta baieztatu du itsasoan dauden ontziek noraezean dauden lagunak erreskatatzeko obligazioa dutela.
«Hondoratzeko arriskuan zeuden 300 pertsona erreskatatzea ez da legez kanpokoa»
«Lekuko deserosoak gara, ez gaituzte Mediterraneoan nahi», adierazi du NAIZ Irratian Isa Egiguren Aita Mari euskal erreskate ontzia kudeatzen duen Itsas Salmendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariak. «Bizitzak salbatzeagatik kriminalizatzen gaituzte», baieztatu du azken erreskateagatik Italiak Aita Mariren aurkako salaketa aurkeztu ostean, itsasoko segurtasun araudia urratzea egotzita.
Pasa den astean «burdinezko zazpi ontzitan» hondoratzeko arriskuan zeuden 300 pertsona antzeman zituzten Aita Marik eta beste ontzi batek eta euskal ontziak 172 erreskatatu zituen. Salernon porturatu ostean jaso dute euren aurkako salaketaren berri, baina oraindik ez dakite zehazki zer egozten dieten.
«Esan dute segurtasun arloan zerbait gaizki egin dugula, baina guk momentuoro errespetatu ditugu segurtasun irizpideak, horregatik jakin nahi dugu zer leporatzen diguten zehazki», azaldu du.
Eguigurenek insistitu du Aita Marik ez zuela legez kanpoko ezer egin. «Gainera, herrialdeen erantzunik ez dagoenean, ontziko kapitainak zer egin erabakitzeko ahalmena du. Itsasontzien inguruko herrialdeen betebeharra da itsasoan arriskuan dauden bizitzak erreskatatzea, hala diote itsasoko legeek eta hainbat herrialdek sinatutako itunek, Maltak, Greziak, Italiak eta Espainiak barne».
Trabak Mediterraneoan ez daitezen egon
Hori horrela izanik ere, salatu du erreskate ontziek «gero eta traba gehiago» izaten dituztela beren lana egiteko. «Traba administratiboak jartzen dizkigute, kriminalizatzen gaituzte beren herrietatik ihes egin behar izan duten pertsonen bizitzak salbatzeagatik. Badakigu lekuko deserosoak garela eta ahalegin guztiak egiten ari dira Europako Gobernuak gu Mediterreneoan ez egoteko».
Eguigurenek deitoratu duenz, Europako agintariak italiar Gobernuaren jokaera babesten ari dira, nahiz eta Giorgia Melonik hartutako hainbat neurrik «nazioarteko itsas legeekin edo Europako giza eskubideen legeekin talka egiten duten», adibidez erreskate bakarra egiten uztea, portura joatera behartzea, portuak itsasontzitik 3 edo 4 egunera esleitzea edo «itsasontziak geldiaraztea Gobernuak hala uste badu».
Europako gobernuen erantzukizuna
«Italiako Gobernuaren politikak babesten ari dira Europako gainerako gobernuak eta horien guztien erantzukizuna da itsasoan gero eta emakume, gizon eta haur gehiago hiltzea», nabarmendu du.
Aita Mari Salernotik atera zen igandean eta Sirakusarantz doa, Siziliara. Han konponketa eta mantentze lanak egingo dituzte eta janaria eroski eskifaiarentzat. Ondoren zer egingo duten erabaki gabe daukate.