Zuzenean

NAIZ

Interes foralaren izendapenaren ostean Erdizen aldeko lana indartuko duela esan du plataformak

Erdizen egin nahi duten meatzea interes foralekotzat jo berri du jardunean den Nafarroako Gobernuak. Horren aurrean, eremu hori defendatzeko lanean indar gehiagorekin aritu dela azaldu du Erdiz Bizirik plataformako kide Mikel Sobrinok NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Interes foralaren izendapenaren ostean Erdizen aldeko lana indartuko duela esan du plataformak

Loading player...
Joan den maiatzean, orduko Baztango alkate Joseba Otondo, Nafarroako Parlamentuko hautetsiei eremuko ezaugarriak tokian bertan azaltzen.
Joan den maiatzean, orduko Baztango alkate Joseba Otondo, Nafarroako Parlamentuko hautetsiei eremuko ezaugarriak tokian bertan azaltzen. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Nafarroako Gobernuak Magna enpresak Erdizen martxan jarri nahi duen meatzea interes foralekoa izendatu izana kritikatu du Erdiz Bizirik plataformako kide Mikel Sobrinok NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan. «Bagenekien trikimailu guztiak erabiliko zituztela. Guk indar gehiagorekin egingo diegu kontra, arrazoia gurea delako eta herritarren gehiengoak guk bezala pentsatzeko duelako», nabarmendu du.

Sobrinok salatu duenez, ezin izan dute Nafarroako Gobernuarekin zuzenean solastu. Parlamentuan saioa egin zuten, baina «nahiko antzerkia» izan zela gaineratu du. Izan ere, Erdiz Bizirik plataformako kideek hiru galdera zuzen egin zizkieten talde parlamentarioei baina ez zuten erantzunik jaso. EH Bilduk egoera hori salatu zuen. «Aurrez idatzitako diskurtsoa bota ziguten, guk galdetutakoari kasu egin gabe», azaldu du.

Galdera horietako bat afera honi buruz baztandarrek iritzia emateko eskubideari buruz izan zen. Galdeketa bat egiteko zenbait saiakera egin izan dira (Nafarroako Gobernuari eskatuz, Baztango Batzar Nagusiaren bidez eta bailarako alkateen bidez), baina guztietan ezezekoa eta isunen mehatxuak jaso dituzte erantzun bezala.

Gobernua, enpresarekin bat

«Nafarroako Gobernua eta enpresa elkarrekin doaz. Ezinezkoa da ez haiekin solastea ez herritarrei galdetzea», laburbildu du, Nafarroako Gobernuak PSIS delako tresna erabili duela gogoratuz. Honen bidez, udalei proiektuari buruz erabakitzeko eskubidea kentzen zaie Gobernuaren eskutara pasaz.

Sobrinok gogoratu duenez, 80 familiak eramaten dituzte aziendak Erdizera. Aurten inoiz baino buru gehiago joango direla espero da, bazka hauek Baztango abeltzainentzat geroz eta beharrezkoagoak direlako. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak soilik Zubiriko fabrikan dauden 80 lanpostuak mantentzea lehenetsi duela salatu du. «Ez ditu bi aldeak balantzan jarri. Lanpostu batzuk lehenetsi ditu abeltzainenak arriskuan jarriz», gaineratu du.

Azkenaldian barra-barra erabiltzen den ekonomia zirkularraren kontzeptua Baztanen aspalditik dagoela indarrean nabarmendu du Erdiz Bizirik plataformako kideak. Erdizko bazkalekuei esker abeltzainek bailaran ekoiztu ahal dute eta horrek bailarako tailer edo ostatuen mesederako da. «Martxan dagoen toki bat suntsitzeko prest dira. Astakeria hutsa da, logikarik gabekoa».

Jaurlaritza Logoa