Zuzenean
Euskal gizartea islatzeko, euskal fikzioa behar dugu; hau da, euskarazko telesailak behar ditugu. Gure errealitatetik abiatutakoak, eta gure hizkuntzan sortuak. Etxeko gaztentxoenek badute ‘Irabazi Arte’, helduagoek izan dute ‘Ondar Ahoak’; baina tartean, 2002an ‘Hasiberriak’ amaitu zenetik, hutsune bat dago. Hori betetzera dator BEITA websaila.
Proiektuaren parte diren Danel Teran eta Malen Perez de Arenazak kontatu dute hilaren 25ean argitaratuko dela: «Bi aste falta dira eta apurtxo bat urduri gaude, atzo iragarri zen data ofiziala eta orain atzera kontaketa hasi da».
Sexu-eraso bat jasan duen lagun baten istorioa du ardatz eta sortzaileek azpimarratu dute erronka zaila izan dela gaia ondo landu nahi izan dutela. «Protagonista behar baino gehiago biktimizatu gabe egin nahi genuen lana, eta erasotzailearen inguruko jendearen jarrerak ere salatu nahi ditugu».
Prozesu luzea izan du Beita Websailak, antzerki bat izatetik laburmetraila idaztera, ondoren grabaketak eta postprodukzioa. «Ez da erraza izan, une oro justu xamar ibili gara, baina hemendik gutxira denok ikusi ahal izango dugula jakiteak asko pozten gaitu», kontatu du Teranek. Beita websailaren nondik norakoak eta baita gora beherak ere kontatu dizkigute gaurko Bigarren Kafean Danel Teran eta Malen Perez de Arenazak.