Zuzenean

Naiz Irratia

«UEUko udako Ikastaroek eboluzio bat izan dute, hausnarketa guneak eskaini nahi ditugu»

Ekainaren 12tik uztailaren 12ra hamazazpi jardunaldi antolatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak. Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak azaldu du «buelta bat» eman diotela 51. edizioari eta «batez ere gogoeta eta hausnarketa guneak» eskainiko dituztela. Webgunean bildu dute informazio guztia.

Audio_placeholder

«UEUko udako Ikastaroek eboluzio bat izan dute, hausnarketa guneak eskaini nahi ditugu»

Loading player...
2023ko UEUko Udako Ikastaroen aurkezpena, Iruñean.
2023ko UEUko Udako Ikastaroen aurkezpena, Iruñean. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Iaz urteurren borobila izan zuten Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatzen dituen Udako Ikastaroek. 50. edizioa izaki urte osora zabaldu zituzten jarduerak. Aurten, 51. edizioan eskaini nahi zutenaren inguruan hausnartu ostean «buelta bat eman diogu, eboluzio bat izan dute, eskaini nahi duguna, batez ere, gogoeta eta hausnarketa guneak dira», azaldu du Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak NAIZ Irratian.

Formakuntza «urte osoan zehar lantzeko» asmoa dute eta udan hausnarketari tartea zabaltzea da helburua. Ikerketa, hizkuntza, generoa, adimen artifiziala... askotariko gaiak landuko dituzte, «batez ere sozialak», Iciarren hitzetan, eta beste eragile batzuekin elkarlanean gainera.

Irati Iciarrek azaldu duenez, presentzialtasuna izango da ardatz aurtengo edizioan, pandemiak eragindako onlinerako joeraren aurrean, UEUk «oso argi» dauka bere udako eskaintza aurrez aurrekoa izan behar dela, urtean zehar aukera baitago ikastaroak online egiteko.

Gainera, Iciarrek garrantzitsua deritzo Euskal Herriko ikuspegi nazionalerako topaketa hauek aurrez aurre izatea. Argudiatu duenez, «komunitate txikia gara eta elkarrekintza eta gertutasuna inportanteak dira eta aurrez aurre egitea indargune bat da».

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria ere izan da NAIZ Irratiaren uhinetan. Udako Euskal Unibertsitateak dituen erronkez galdetuta, beraien helburua «herritarrak ikerketara erakartzen saiatzea» dela azaldu du. Horren harira dator, hain zuzen, aurtengo edizioaren hasiera ekitaldiaren ardatza eta izena, ‘Herritarrak ikerketan inplikatzen’, ekainaren 14an Bilboko La Bolsa eraikinean izango dena. Halaber, UEU «unibertsitate herritar bezala» sortu zela eta iaz Lakuako Gobernuak ikerketa agente bezala formalki onartu zuela nabarmendu du. Funtsean, handitzeko lanean ari direla zehaztu du.

Bestalde, Euskal Herriko beste unibertsitateekin duten aliantza eta elkarlanaz aritu da Bengoetxea. Maiatzean izan zen IkerGazte Ikertzaile Euskaldunen Kongresuan Euskal Herriko unibertsitate guztiak babesle izan direla jakinarazi du zuzendariak. «Oso pozik gaude babesarekin, aurten plenoa lortu dugu eta Euskal Herriko zazpi unibertsitateek kongresua babestu dute», balioetsi du.

Hizkuntzan, «gabezia nabarmenak»

IkerGazte kongresuaren leitmotiva ikerkuntza euskaraz egin daitekeela da, eta ikertzaile gazte euskaldunen topagune izatea du helburu. Hala ere, Bengoetxearen ustetan Euskal Herriko unibertsitate guztietan «gabezia nabarmenak» daude euskaraz ikasteko aukerei dagokienez. Azaldu duenez, EHU da euskara gehien inplementatu duena, baina bereziki graduetan antzeman daiteke hori, masterrak eta maila altuagoko ikasketak euskaraz burutzeko eskaintza «izugarri» jaisten delako, ia «salbuespenekoa» izatera arte.

Horren aurrean, UEU «eragiten» eta unibertsitatearen eta euskararen artean «zubiak eraikitzen» ahalegintzen dela azpimarratu du zuzendariak. Adibide bezala EHUrekin elkarlanean sortutako ekimena aipatu du, doktoregaiei euskarazko ikastaroak emateko.

Irati Iciarrek ere euskararen garrantzia nabarmendu du. IkerGazte kongresuan nahiz Udako Euskal Unibertsitateko jardunaldietan ikertzaile euskaldunak biltzea eta komunitatea sortzea dela xedea azaldu du ikastaroen arduradunak. Esate baterako, osasun zientzietako ikasleek beraien Gradu Amaierako Lanak partekatzeko biltzen dira, egindako lanari ikusgarritasuna emateko eta, bide batez, komunitate euskalduna sortzeko.

Horregatik beragatik, eta parte-hartzaile guztiek hitza artzeko aukera izan dezaten, aurtengo edizioaren jardunaldietan eta topaketetan taldeak 50 eta 60 pertsona ingurukoak izango dira. Izena emateko tartea irekita dagoela gogorarazi du Iciarrek, UEUren webgunean, eta bertan ere dakarten eskaintza kontsultatzera dei egin du.

Jaurlaritza Logoa