Zuzenean

NAIZ

Bederatzi euskal federaziok kirolean euskara sustatzeko akordioarekin bat egin dute

Joan den urtean kirolean euskara sustatzeko akordioa egin zuten Lakuako Gobernuak eta EKFBk. Dagoeneko bederatzi euskal federaziok hartu dute akordioarekin bat egiteko konpromisoa.

Federazio horietako arduradunek Orioko Arraun Etxean bilera egin dute.
Federazio horietako arduradunek Orioko Arraun Etxean bilera egin dute. (IREKIA)

Euskal Herriko txirrindularitza, errugbi, gimnasia, surf, pilota, arraun, karate, mahai tenis eta xake federazioek (guztien % 20) bat egin dute azken urtean Lakuako Gobernuak eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak kirolean euskara sustatzeko sinatutako akordioarekin.

Federazio horietako arduradunek Orioko Arraun Etxean, Gipuzkoan, egindako bileran parte hartu dute larunbat honetan, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Angel Gurrutxaga EKFBko ordezkaria.

2022an egin zuten akordioa Lakuako Gobernuak eta EKFBk eta horren ondoren, txirrindularitza, errugbi, gimnasia, surf eta pilota federazioak izan ziren euskara sustatzeko konpromisoa adierazi zuten lehenak. Gaur, berriz, arraun, karate, mahai tenis eta xake federazioak batu dira akordiora.

Lakuako Gobernuak eta EKFBk ohar batean nabarmendu dutenez, «lankidetza behar-beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatzeko». Azaldu dutenez, aipatutako akordioari esker, 2022an zehar, bost federaziok «euskararen egoeraren eta erabileraren diagnostikoa» egin zuten beren erakundeetan, eta, horren ostean, euskara-plan bat jarri zuten abian, bakoitzaren egoerari eta beharrei egokitutakoa.

Akordio horren baitan, Elkar Ekin euskaraz kanpaina jarri zuten abian, kirol-munduko federazio eta eragileen parte-hartzea bultzatzeko. Kanpaina horretan, 26 kirol-jardueratako 460 kirolarik hartu zuten parte.

Jaurlaritza Logoa