Zuzenean

Bigarren Kafea

Julen Basterra: «Gizaki izateko ezinbestekoa da natura, eta ezinbestekoa da patxada».

Nekazari eta musikaria da Julen Basterra. Jardun batek bestea inspiratzen du, eta elkarrekintza horretatik sortu du 'Jardun4aldi' diskoa, hamar abestiz osatutakoa. 

Audio_placeholder

Julen Basterra: «Gizaki izateko ezinbestekoa da natura, eta ezinbestekoa da patxada».

Loading player...

Txalo besterik ezin egin Julen Basterraren jardunaren aurrean. Modu sinplean esanda, berak sortzailetzat du bere burua, eta txikitatik gitarra bidelagun zintzo izan du; berarekin istorioak kontatzen ditu. Sorm3n izeneko lehen lana kaleratu zuen 2020an eta Jardun4ldi izenekoa 2022an. Honen ingurun aritzeko eta beste gai askotan sakontzeko Bigarren Kafean izan dugu Julen Basterra.

Naturarekin harreman zuzena du Julenek, nekazaritzan lanean ibiltzen baita, honek eskatzen dituen denboraldi eta patxadaren baitan. «Nekazariztzan ibili naiz azken urteetan, lehen sektorean lanean, eta lan jarduna bukatu zaidan honetan erabaki dut gitarrari berriro protagonismoa ematea».

Izan ere lan jardunaldi horiek izan dira azken lanean bildutako hamar abestien inspirazio iturri nagusi. «Ideia hau Igeldon sortu zen, pandemia garaian, kiwi artean nenbilela, lursail batean sasi pila bat zeuden eta sasiak kentzen nenbilela, kantu batzuk etorri zitzaizkidan; hasi nintzen horiek mamitzen eta egunaren zati desberdinek niri nola eragiten zidaten gitarrarekin kontatzen«

Elkarrizketan zehar nabari da Julenek duen bizimoduak zein puntutaraino eragiten dion bere musika ikuspegian eta konsposatzeko eran, lurrarekin bezala, gauzak alsai eta denborarekin egitearen alde hitz egin du. «Lurrarekin lanean aritzeak, eta itsasoa ikusteak lana egiten duzun bitartean, patxada bat ematen dizu, errutina horretan oreka bat lortzen dut nik; gizaki izateko ezinebstekoa da natura, eta ezinbestekoa da patxada».


Gabezia taldean ibilitako da Julen, eta bakarlari eta talde dinamika artean dauden ezberdintasun eta dinamiketan sakondu dugu, norberak norbere bidea hartzearen atzean dauden sentimenduen inguruan. «Ez dut bakarlariaren idealizazio bat egingo, bakarlari izateko asko sinetsi behar da zuregan, eta lasai egon behar duzu bakarrik, baina aukera asko ematen ditu».


Aukera horiek hartu eta bidea egiten dabil Julen, beti ere, sei urte zituenetik ondoan duen gitarra lagun, hau baita bere sentimenduak adierazteko instrumentu kuttunena. «Denbora gehien harremanetan egon naizen instrumetua da, ahotsa izan zitekeen, baina sei urte nituenetik gitarrarekin ibili naiz».


Musikaz harago joan da elkarrizketa, gizatasun, oreka emozional eta saiatzearen aferen inguruan. Julenek ideia nagusi batzuk bota dizkigu bere musika sentitzeko bidearen inguruan. «Nire ustez, ez bagaude naturarekin errotuta, inguruko zein gure natura pertsonalarekin, nekez izango gara gizaki. Niri musikak burua ordenatzeko balio izan dit».


Gaurkoan galdetu behar genion, hazi, landare eta uzta artean ibiltzen den horri, ea ereindako guztia jasotzen ote den. Julenek irakaspen handia eman digu elkarrizketa osoan zehar, baina baita bukaerako kolpean ere. «Zuk erein, agian ez da aterako, baina noizbait uzta jasoko duzu; hazirik jartzen ez den bitartean, ez».

Jaurlaritza Logoa