Zuzenean

Peli Lekuona - NAIZ IRRATIA
Elkarrizketa
Igor Enparan
Abotsanitzeko alkategaia

«Alardean aldaketak ez dira egun batetik bestera iritsiko»

Hondarribiko udal hauteskundeak irabazi dituen Abotsanitzeko alkategai Igor Enparanek dio Alardearen gaia «elkarrizketaren bidez» jorratu behar dela, «adostasunak lortuz». Ez du epe motzean konponbiderik aurreikusten, baina baikorra da epe ertainean. Ilusioz eta arduraz hartu du igandeko «tsunamia».

Audio_placeholder

«Alardean aldaketak ez dira egun batetik bestera iritsiko»

Loading player...
Igor Enparan, Abotsanitzeko alkategaia.
Igor Enparan, Abotsanitzeko alkategaia. (Abotsanitz)

Udal hauteskundeetan espero gabeko emaitzetako bat Hondarribian izan dugu. Abotsanitz herri plataformak lortu ditu boto gehien, eta zazpi hautetsi eskuratu ditu. EAJ seirekin gelditu da eta PSE eta EH Bildu, binarekin. Emaitza hauek eta Hondarribira heltzear denaz hitz egin dugu Igor Enparanekin, Abotsanitzeko alkategaiarekin.

Aitortu duenez, aurreikuspenik onenetan ere ez ziren emaitza hauek agertzen. «Tsunami» gisa deskribatu du igandean bizitutakoa eta taldekideek «ilusio eta ardura handiz» hartu dutela adierazi du.

Aldagai askoren batura da, bere ustez, gertatu dena. Alde batetik, azken zortzi urteotan Abotsanitz taldeak egunero egin duen lanketa «sendo eta ona» azpimarratu du. 2015ean sortu ziren herri plataforma bezala. «Ezezagunak ginen. Herria gu ezagutzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta legitimitatea lortu dugu. Gure tankeran pentsatzen duten eta urrunago dauden pertsonek ere babestu dute gure lan egiteko modua. Hori da bigarren gakoa. Azken bi legealdiak gehiengo osoz gobernatu dira eta eredu hori iraungi egin da, ez duela alde bakarrez gobernatzea nahi adierazi digu herriak».

«Elefantea mugi dezagun»

‘Elefantea mugi dezagun’ ekimena abiatu dute, azken hamarkadetan, Udala, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, geldirik dagoela ikusi dutelako. Adibidez, «covidaren pandemian erreakzionatzea eta herritarren beharretara egokitzea kosta zitzaion; hilabeteak pasatu ziren laguntzak ematen hasteko. ‘Normaltasunerako’ itzuleran ere Euskal Herriko azken herria izan zen. Kasino zaharra bi urte eta erdi geroago ireki zen».

Defendatu duenez, «haize freskoa» izan nahi dute herritarrena den erakunde hau aldatu eta haien esku jartzeko.

Etxebizitza

Igor Enparanen arabera, etxebizitzaren arazoa ez da oraingoa Hondarribian, ezta duela 25 urtekoa ere, lehenagokoa da. «Herri eredu batena da arazoa, frankismo garaitik, aurreko Sagarzazu alkatearen garaitik dator, eta gaur arte iraun du politika horren norabideak. Hori aldatzera gatoz».

Apartamentu turistiko gehien duen herria da Hondarribia eta ez du zalantzarik erregulazio baten beharra duela. Badago ohitura bat aspaldikoa zeinetan uda aldean etxebizitza alokatzen zaien bisitariei, asko erregulaziotik kanpo. «Herriko gazteek, gure seme-alabek, hainbat belaunalditan kanpora joan behar izan dute bizitzera gogoz kontra. Hori moldatzeko merkatuan esku hartu beharra dago, etxebizitza politika publikoak eginez. Gazteentzat eta adinekoentzat ere behar ditugu etxeak, eraberritze programa bat ere garatu behar dugu, Hondarribia ez delako bere osotasunean liluragarria, baditugu hamaika eremu urteetan utziak izan direnak eta eraberritu beharrekoak».

Udal langileen %70, aldi baterakoak

Zortzi urte darama Enparanek zinegotzi Udalean. Nabarmendu duenez, udal langileen %70 aldi baterakoak dira. Tasa izugarria da eta adierazten du erakunde publiko bezala prekaritaterik handiena sortzen duen eragile ekonomiko bat dela.

«Helburu gisa jarriko dut aldi baterakotasun tasa urte gutxitan %8ko mugara jaistea. Beste xede bat azpikontratazioaren afera moldatzea da, udal zerbitzu trinkoak ezin baitira azpikontratatutako langileekin osatu. Lorezaintzako langileak greban daude. Berriki udal eraikinen garbitzaileek egin zuten, ia urtebetez. Etxez etxeko laguntzaileek ere bai. Azpikontratatuak dira denak. Zerbitzu horiek gure langileek eskaini behar dituzte. Bidea hasteko konpromisoa hartzen dut. Berdintasun saila ere behar dugu, langile propioarekin, eta gutxienez berdintasun teknikari bat jartzeko konpromisoa hartzen dut».

Alardea

Alardeak markatu du hein handi batean Hondarribiko politika azken 26 urte luzeetan eta oraindik konpondu gabeko gatazka bat da. Gatazka den heinean, Enparanek beharrezkotzat jo du Udalaren parte hartzea, herri giroa hobetzeko. Ondare inmateriala dela ere azpimarratu du. «Oso garrantzitsua da gure izaerarekin zerikusia duelako, eta erakunde publikoek babestu egin behar dugu».

Uste du une honetan «elkarrizketa fasea» hasteko baldintzak badaudela eta egiten diren urratsek «alde ezberdinen adostasunean oinarritutakoak» izan behar dutela. Abotsanitzeko alkategaiak gaineratu ez duela «herria berriro zatituko duen» pausorik emango. «Urratsek herria trinkotzeko izan behar dute, eta ez zatitzeko».

Ohartarazi du aldaketak ez direla «egun batetik bestera» iritsiko. «Norbaitek uste badu hemendik irailera konpon daitekeen gatazka dela, oker dago eta, gainera, arriskutsua izan daiteke, oraindik tentsio guneak existitzen direlako. Horiei konponbidea ematea izango da gure lana».

Baikorra da Enparan, konbentzituta dago «epe batean, behin bidea abiatzen denean, atzeraezina» izango dela.

Behe Bidasoa

‘Aldaketa giro’ hau Behe Bidaso osora zabal daitekeela uste du, eta Irun eta Hendaiarekin elkarlanean jorratu nahi ditu hainbat proiektu. Uraren eta hondakinen kudeaketaz aparte, mugaz gaindiko kontsortzioa eta Bidasoa Bizirik elkartea dituzte.

Horietan bultzada emateko asmoarekin sartuko dira, jakinik parte hartzearen %80 Irunek duela elkarte horietan, baina orain arte behintzat adostasunez jorratu dira gaiak eta hala jarraitu nahi dute, baina egiteko moduetan beren marka ezarriz, barne antolaketan aldaketak proposatuz. Kotte Ezenarro eta Jose Antonio Santano Hendaia eta Irungo alkateekin harreman ona eta estua izatea espero du Abotsanitzeko alkategaiak.

Jaurlaritza Logoa