Zuzenean

Elkarrizketa
Iker De Las Heras eta Manex Pagola
Erroka taldeko kideak

«Jendeari gustatzen zaiona soilik egin izan bagenu, reggaetoia eta kunbia egingo genituen»

Kaleko musikariak direla erakutsi digute argi Erroka taldeko Iker De Las Heras eta Manex Pagolak. Etxean sartu eta grabatu dituzte orain kalean maiz erakutsitakoak eta disko moduan argitaratu. Denetariko musika du diskoak, nolabait ere munduko musiken bildumatxo bat egin dutelako. Haiekin izan gara.

Audio_placeholder

«Jendeari gustatzen zaiona soilik egin izan bagenu, reggaetoia eta kunbia egingo genituen»

Loading player...
Freskotasuna da nagusi Iker De Las Heras eta Manex Pagolak Erroka taldearekin egiten duten musikan.
Freskotasuna da nagusi Iker De Las Heras eta Manex Pagolak Erroka taldearekin egiten duten musikan. (ERROKA)

Baten batek trikiti doinuak espero ditzake diskoa irekitzen entzutean, baian folka eta elektronika jorratzen dute Iker De Las Heras eta Manex Pagolak.

Zuzena hori litzateke? Folka eta elektronika uztartu dituzuela?

Manex Pagola: Bai, hasieratik ideia hori zen.

Iker De Las Heras: Hasieran folka jorratzen genuen eta gerora etorri zen elektronika.

Debuteko diskoa da baina ez zarete debutariak.

M.P.: Hasieratik nahi genuen diskoa atera eta denborarekin ikasten joan gara eta orain osatu dugu.

Denboran barreiatuta grabatu dituzue?

I.D.L.H: Ez, hasieran grabatu genituen lau abesti baina diskorako dena hilabete batez grabatu genuen. Soinu aldetik orain kalitate gehiago dute abestiek.

M.P.: Ekoizleak ere gu izan gara eta kantu bakoitzari soinu propio bat eman nahi izan diogu, hortaz, horregatik normala da aldea nabaritzea batetik bestera.

Intro moduan ‘Abadiño San Blasetan’ sartu duzue, zergatik?

M.P.: Kontzertuetako sarrera moduan erabiltzen genuen eta folketik gatozela argi utzi nahi genuen. Mauriziaren figura ere interesgarria dela uste dugulako. Abadiñon San Blasetan diskoa irekitzeko egokia iruditu zitzaigun hartara, baina moldaketa hau egin dugu.

Segidan datorren ‘Haragikoia’ kantua ere beste kantu ezagun bat moldatuz hasten da. Hala ere musika latinoa da, ez dakidana Andeetan edo Kariben kokatu behar den.

M.P.: Erritmoa reggaetoira doa, baina ez da hain latinoamerikarra. Kick eta baxua Espainiar estatuko artista batean oinarrituta dago, La Zowiren kantu batean inspiratu ginen.

Igor Estankonaren letra bat moldatu duzue, sentsualitatean kurria eta kominoa afrodisiakoak dira?

M.P.: Janariekin eta jolasten duten artista asko daude. Kantu guztietan saiatu gara gu ere halako zerbait egiten, eta Igorren poesia moldatzerakoan ere horretan saiatu gara.

Erroka, erro karratuaren sinboloa… Erroa zer da, bi zaretelako edo erroetatik datorrelako?

I.D.L.H.: Manex eta biok kalean jotzen hasi ginen eta taldearen izenak k bat eduki zezan nahi genuen. Musika folklorikoa dago guztiaren erroan eta hori ere hor dago. Dena dela izena lehenago etorri zen esanahia baino, izan ere Indian Erroka desobedientzia zibilaren sinboloa da eta hori ere bikain etorri zaigu guzti honetan.

Grupo Alegría bezalako talde mitiko baten kunbia bat ere moldatu duzue.

I.D.L.H.: Nik ere ez nuen ezagutzen, Manexek fruten inguruan kantuak bilatzen zebilela ezagutu genuen.

M.P.: Letra ez genuen gogoko, baina horrelakoetan gurea egin dugu eta aurrera.

Maitasuna azeituna kopuruarekin neurtu liteke?

M.P.: Ez ez, askok esan digu bost edota hiru azeituna, baina beti gehiago ez da hobeto izaten eta hemen ere ez, bi da neurri perfektua.

Kunbia dub batean bihurtzen da, ordea.

M.P.: Grabatu, nahastu, dena batera egin dugu eta horrela ari ginela etorri zitzaigun ideia. Abestiari beste buelta bat eman genion eta mantsotu eta horrela sortu da guztia.

Tilotan zer egoten da ostegunetan, giro berezia?

M.P.: Gu bertan egoten ginen, baina herri askotan pintxo pote eguna izaten da osteguna eta antzerakoa izango da.

‘Oi gu hemen’ kantuan bada halako bidaia bat. ‘Sinnerman’ eta ‘Drunken sailor’ abestiak moldatu dituzue. A zer bi mundu uztartzen diren, azpian herrian sortutako abestiak daude ordea.

I.D.L.H.: Nina Simonek ere abesten du berez hori, baina Euskal Herrian datorren lehenagotik dator. Bi abestiak bertsionatzen genituen eta abestia ekoizten ari ginela konturatu ginen bi kantuak oso antzerakoak direla, uneren batean batera ere abestera iritsi gara.

Serio abesten duzue sexu askatasunaren aldeko aldarria.

M.P.: Ez dago abestirik mezurik gabe. Ez dakit nondik etorri zen ideia.

I.D.L.H.: Bidean galduta non egon zaitezkeen galdera egin zuen Manexek eta hortik abiatzen da guzti hau.

«Norberaren herriko plazan, zergatik hau dena jasan», hain nazkatuta zaudete Hernanin?

M.P.: Bai eta azkenaldian are eta gehiago. Astigarragara ere zabaldu da guztia, jendea nekatuta dago Hernaniko masifikazioaz eta hemengoa jaitsi ordez hangoa handitu da.

Dikotomia bat badago sagardo kultura eta txotx denboraldiaren artean.

M.P.: Badirudi errito bat bihurtu dela urtean behin bertaratzea, baina eskuetatik joan zaigu.

I.D.L.H.: Letra oso esplizitua da horregatik.

Doinua ‘Ding deng dong’ kantutik hartu duzue, zein da estiloa?

M.P.: Balkan ska esango nuke dela hau, aspalditik doinu balkaniarrak modernizatuta daudelako. Internet bidez batetik bestera mugitzen iristen zara halakoak topatzera.

I.D.L.H.: YouTuben hasten zara kantu batetik bestera saltoka eta akaso algoritmoak eramaten gaitu.

M.P.: Ez da zerbait bilatua izan, aurretik ere kantu irlandar, errusiar, balkandar edo euskaldunak jotzen genituelako.

Instrumentu asko jo dituzue eta programatu ere bai. Zer izan da errazago lantzeko?

I.D.L.H.: Elektronikan duela bost urte ez geneukan ideiarik eta orain iritsi gara gutxieneko maila batetara, hortaz, organikoan askoz ere erosoago aritu naiz.

M.P.: Baina desberdina da diskoa den edota zuzenekoa den, izan ere grabatzen ordu asko pasatzen dituzu edizioan dena ondo egon dadin, ez dago organikorik digitalik gabe. Hortaz, hor dago aldea.

Zuzenekoan elektronika nahasten duzue?

I.D.L.H.: Ez, programazioa bota eta horren gainean jotzen hasten gara.

Biotakoren bat zeliakoa da?

I.D.L.H.: Ez, baina inguruan bai eta batek animatuta hasi ginen ‘Zeliliaka’ abestia idazten balcan swing abesti hau.

Abestia zein herrialdetakoa da?

M.P.: Melodia ez dakigu nongoa den, talde frantziar baten bidez iritsi zitzaigulako.

I.D.L.H.: Bazen YouTuben tradizionalagoa zen grabazio bat, baina aspaldian galduta dago.

Akordeoia eta biolina uztartzea bada ekialdeko ohitura bat gisa honetako melodietan, ezta?

M.P.: Ez dugu hainbeste ezagutzen herrialde bakoitzeko musika melodia nondik datorren asmatzeko. Europa osoan asko nahastu dira bi instrumentuak izan Irlanda, Frantzia, Errusia edota Europa erdialdean.

Baina hauek badute arabiar ukitu bat.

I.D.L.H.: Nik uste dut gure soloetan oso balkandarra dela armoniaren ukituak.

Doinu latinoak eta errusiarrak nahasten dira ‘Fruta yan’ kantuan.

I.D.L.H.: Grabatzean ez ginen konturatu eta izebak esan zidan hori lehenengoz, eta egia da, hara eramaten gaitu.

M.P.: Merenge bat da oinarrian dagoena, gainera.

Eskoletara bidaliko zenuten, ezta?

M.P.: Ez dugu bidali baina haurreskoletara eta lehen hezkuntzara batez ere iritsi dela badakigu.

I.D.L.H: Hernanik inauterietan ume batzuk frutaz mozorrotu ziren eta hau abestuz ibili ziren kalean, polita izan zen.

Atzetik datorren ‘Korotechniki’ nondik eta nora bururatzen zaizue?

I.D.L.H.: Hasi ginenean hau betidanik jo dugun kantua da eta kontzertuetan akaso mantso samar geratu zen, hortaz disko honetarako techno bat sartu diogu indarra emateko.

M.P.: Akaso ez da izango jendeari bereziki gustatuko zaion kantua, baina egon behar zuen beti gure zati izan delako.

Jendeak identifikatzen du ‘Tetris’ jokoko abestia delako? Jabetza uste dut Errusiar estatuarena dela, baimenik eskatu duzue?

M.P.: Ez gehiegi. Hala ere esango nuke jokoan inportantzia duena melodia sinplifikatua da, abesti tradizionalarekin ez dudalako uste arazo asko izango dugunik.

Technoa jarri diozue, ez dakit Errusiako technoa asko markatzen ari delako hautatu ote duzuen.

M.P.: Jakin badakit Errusian egiten dela hori, eta pare bat talde ere ezagutzen ditut, baina ez nekien horrelako baieztapena egiteko besteko zerbait denik.

Zekale-soroaren kontzeptua gustatu zait.

M.P.: Berezko hitzetatik moldatua da, oso zaharra den olerki batetik hartua, Sobietar Batasunaren aurreko Errusiatik datorrena, baina ez du esanahi berezirik.

I.D.L.H.: Gainera kantuaren tituluak, ‘Korobushca’, sorotik zekalea biltzen duen pertsona esan nahi du.

Kunbia eta rapa uztartuz dator ‘Tomateak gorantza’ kantua. Soinuen biblioteka asko zabaldu zaizue?

M.P.: Bada, asko asko.

I.D.L.H.: Bada kantuaren arabera gehiago esperimentatu dugu edo gutxiago, baina hau asko kostatu zitzaigun.

M.P.: Bai, gainera abesti hau aterata genuen eta buelta bat ematea zailago egiten zitzaigun eta azkenean lortu dugu.

I.D.L.H.: Manexek atzetik bachata moduko bat sartu zion eta nik kunbia asko gogortzeko erabakia hartu nuen, horregatik lortzen da halako efektu berezia.

Originala Alika eta Nueva Alianza taldeena da.

M.P.: Argentinan asko ematen da kunbia eta askorik pentsatu gabe bertsionatu genuen. Modernoetan hau izan zen lehenengoa eta elektronika sartzen lehenengoa. Eliri, arrebari, eskatu genion letra egiteko eta horrela etorri zen.

Lehen sektoreari kaltea egiten ari zaio etxeko lorantzien ugaritze hau?

M.P.: Ez nuke esango, balkoian lau landare jarri ditzakezulako baina familia ez duzu elikatuko hortik.

I.D.L.H.: Eta gainera zaila da, bi urtez saiatzen nabil eta ez dut askorik lortu nik.

M.P.: Dena dela ez dakit lehen sektorearen esparrura goazen hainbeste, elikaduraren ikuspegitik gehiago ari gara hizketan kantuetan.

Bai, eta ‘Afayah’ kantuan nabaritzen da. Baina bitxia da nahasketa: elikadura, sentsualitatea, reggaetoia eta Hemendik at!. Nola sortzen da?

M.P.: Gauza asko nahasten dira hemen eta abestia asko joan da aldatzen, gelditu eta hona iritsi zen arte. Reggaetoia nahi genuen egin.

I.D.L.H.: Afayah entzun eta Faya esan nuen nik eta Manexi «Goazen guztiok batera» etorri zitzaion, hortik dator.

Badu bapatekotasunetik hortaz.

M.P.: Bai, eta sorkuntzak beti dut hortik, nahiz eta gero garapen bat izan dezaken hasierako hazi horrek.

‘Irix Mix’, musika irlandarra eta drum and bassa nahastuta.

M.P.: Hasieratik jo izan ditugu halako kantuak eta mantendu nahi genuen. Jendeari gustatzen zaiona soilik egin izan bagenu, reggaetoia eta kunbia soilik edukiko zituen diskoak.

I.D.L.H.: Halako nahasketak badaude, baina ez zidaten askorik konbentzitzen.

Bukaeran arin-arin itxura ere hartzen du.

M.P.: Erritmo kontua da, Irlandan reels eta jigs kantuekin ere halakoak gertatzen dira.

Uda honetan asko dantzatuko dugu zuekin?

M.P.: Baditugu batzuk, ez gehiegi, baina ari gara proposamenak jasoz eta ibiliko gara batean eta bestean musika joz.

Edizio fisikoa badu diskoak?

I.D.L.H.: USB eta CDak atera ditugu, Hernaniko Garinen daude adibidez eta baita bandcampean ere. Baina kontzertuetan edota sare sozialetan edota zuzenean eskatuta ere eskuratu daiteke.

Electro swing batekin bukatzen da, ‘Betirako gazte’ kantuarekin. Peter Pan sindromerik izan duzue?

M.P.: 30 urteren bueltan denoi gertatu zaigun zerbait dela esan dezakegu.

I.D.L.H.: Bai, Manexek eta biok elkarbanatu dugu hori.

Bada udan gaztetu denak betirako eta gozatu zuzenekoez.

Eskerrik asko!

Jaurlaritza Logoa