Zuzenean
Ane Astiazaran bere abesti kuttunen zerrenda osatzen jarri dugu. Memorian atzera egin eta momentu edo leku ezberdinetara eraman duten kantuetan pentsatzeak sortu dion zirrara azpimarratu nahi izan digu. Literatura oinarri duen Uluka podcast-ean aritzen da Ane, baina liburuez gain musikak bere bizitzan presentzia handia duela senti dezakegu.
Lehen kantu kuttun gisa, Katamalo taldearen 'Ariane' abestia aukeratu du Anek. Bere hitzetan iraganean ezagutu baino gaur egun ere egunerokotasun batean entzuten duen taldea da. Eta baditu arrazoiak. «Niretzat kontzeptu berri bat izan zen, talde bat, poesia eta musika uztartzen zituena, nire gustoko bi gauza, eta geroztik konstante bat izan dira nire bizitzan». Literaturarekin duen zaletasunarekin ere lotu du abesti hau. «Nere terrenora ekarriz, euskal literatutan poesiak leku asko dauka, poema asko idatzi dira kantatzeko helburuakin eta horri leku bat eskaintzea egokia iruditu zait. Ariane abestiak Joseba Sarrionandiaren poema baten hitzak erabiltzen ditu, eta Aneren ustez «Joseba Sarroinaindia gehiago ezagutzeko aukera bat izan daiteke».
Bigarren kantu kuttun gisan Rotten XVIII taldearen 'Noain' kantua ekarri nahi izan digu. Kantua aukeratzearen arrazoia letra izan da, izan ere, letra zale amorratua da Ane. «Nik ia musikari baino gehiago begiratzen diot letrari, eta gustatzen zait aztertzea zer esaten den». Euskal Herriko kantagintzak betidanik izan du aldarria oinarri, baina urteen poderioz hori ere galtzen joan dela aipatu digu. «Duela urte batzuk garrantzi handia zuten aldarrikapenak pixkat bazterrean geratu dira, eta ez da negatiboa, gizartearen isla baizik. Baina niri gustatzen zaizkit aldarrikapen horiek eta lekua eman nahi nien». Nazio eraikuntzaren inguruan ari da Rotten XVIII kantu honetan eta horri ere garrantzia eman nahi izan dio Anek. «Gutxi hitz egiten da horri buruz, eta kantu honek Nafarroako erreinuari buruz hitz egiten du eta gazte eta ez hain gazteentzat ezezaguna den historiaren parte da, eta halako kantuei esker zabaltzen da».
Hirugarren kantu kuttun gisa Maio abeslariaren 'Precari-eté' kantua ekarri nahi izan digu, XXI. mendeko gazteen prekarizazioaz ari den kantua, baita beste zenbait arazo sozialen inguruan ere. «Bartzelonan ezagutu nuen, hain zuzen ere, prekarizazio momentu batean, eta momentu hartara eramaten nau, ez haserretik ez amorrutik, prekarizazio horiei aurre egitetko nahi hortatik baizik».
Azken kantu gisa Nani bakarlariaren 'Errenaren pauso definitua' aukeratu du Anek, pertsonalki eta profesionalki miresten duen sortzailea. Badu berezitasunik proiektu honek, izan ere, bere abetsiak ez daude ohiko euskarrietan entzungai. «Zorionez edo zoritxarrez, ez dago ez youtube ez spotyfyen, kontzertuan soilik gozatu daiteke, eta horrek ere badu bere xarma, lehena eta azkena balitz bezala gozatze dudalako konztertu bakoitza».«Gaur egungo gizarte azkar eta pantallaz betetako honetan zaila da momentuaz gozatzea, eta ariketa polita da hau, jakitea ez duzula berriz entzuteko aukerarik izango hurrengo kontzertuan ez bada, horrek gehiago konektatzea eragiten du».