Zuzenean

Parekidetasuna nagusi 2023ko Musika Bulegoa sarietan

Zazpigarren edizioa izan dute aurtengoan Musika Bulegoa sariek eta hamar proiektu desberdini eman diete 2000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarenaren eskultura bana. Kepa Junkera izan da Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen zuzendaritza batzordeak hautatu duen ohorezko irabazlea.

Audio_placeholder

Parekidetasuna nagusi 2023ko Musika Bulegoa sarietan

Loading player...
Musika Bulegoaren saridun guztiak, Lekuona Fabrikan.
Musika Bulegoaren saridun guztiak, Lekuona Fabrikan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Errenteriako Lekuona Fabrikak hartu du 2023ko Musika Bulegoa sarien banaketa ekitaldia. Afrika Bibang eta Jon Gomez Garai musikariak izan dira ekitaldiaren aurkezle eta banatutako hamar sarietan parekidetasuna izan da nagusi, bost emakume eta bost gizonezko izan baitira hautatutakoen artean lidertzan egon direnak. Euskarak ere presentzia nabarmena izan du aurtengoan, sarituen musikaren %70a euskarazkoa izan baita zazpigarren edizio honetan.

«Proposamen guztietatik emakumeak %42a izan du lidergoa proiektu hauetan eta bide horretan oraindik ere bultzada eman nahi diogu guztiari. Nabarmena da oholtzetan ez dagoela dena orekatuta oraindik eta ahalik eta parekideenak izaten saiatzen gara. Azpimarratu beharra dago oholtza gainean gero eta emakume gehiago gaudela, baina oraindik ere bide luzea dagoela egiteko. Hortaz, Musika Bulegoa elkartetik panorama pixka bat gehiago orekatzen saiatzen gara», adierazi digu Maddi Arana Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko lehendakariak.

Guztira 120 proposamen aztertu ditu epaimahaiak eta aukeraketa konplexua izan dela kontatu digu Iker Barbara Zarata Mondo Sonoroko zuzendari eta ‘MusikHaria’ saioko kolaboratzaileak: «Jende asko eta oso desberdina izan gara. Bakoitzak bere hautaketak egin ostean, internet bidez batzar bat egin genuen sarituen zerrenda osatzeko. Nahikoa erraza izan zela esan dezakegu, baina guztiok pozik geratu ginela esango nuke. Ez da unean puntuazio bat ematea soilik eta aurrera begira ere jarri behar da. Unean talderen bat akaso sarituko zenuke, baina disko askoz ere hobea ekarriko badu edota ibilbide oparoa badu aurretik, akaso ez da momentu egokiena. Gauza horiek guztiak ere kontuan hartzen dira». 

Barbaraz gainera, Agus Barandiaran Korrontzi taldeko trikitilariak; Gabriel Erkoreka konpositore eta Musikeneko irakasleak; Gema Sanchez AIEnRUTako koordintzaileak; Maite Larburu biolin jotzaile eta kantautoreak; Maria Taosa Radio3-eko kazetariak; Mark Barnes Eresbileko dokumentazio eta partitura arduradunak; eta Sonia Duran Unión Fonográfica Independiente elkarteko gerenteak osatu dute aurtengo epaimahaia.

Denetariko proposamenak izan dira hautatuen artean. Tradizionalagoak diren soinuak eta abangoardistagoak, popa, elektronika, jazza edota rocka jorratu dutenak, Merina Gris, Ines Osinaga, Neomak, Su Ta Gar, M I C E, Teresa Catalan, Enrike Solinis eta Elena Setien izan dira epaimahaiak hautatu dituen proposamenak. 

Saridunak, gustura

Bi sari berezi izaten dira epaimahaiko kideez gainera hautatzen direnak. Lehendabizikoa Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak ematen duen ohorezko saria da eta, aurtengoan, Kepa Junkera trikitilari bilbotarrari eman diote sari hori. Hiru hamarkadatan kaleratu dituen hogeita hamarretik gora diskok ibilbide oparoaren adierazle direla aipatu dute EHMBEtik eta esker ona adieraziz jaso du saria Junkerak.

«Euskal musikarentzat eta euskararentza atzerrian bide berriak zabaltzeagatik» eman dio EHMBEk saria Junkerari eta arrazoi antzekoengatik ematen du Etxepare Institutuak ere bere sari berezia. Oreka TX izan da haien saria eskuratu duen proiektua euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzera eginiko ahalegina sarituz. Berriki, gainera, Kolonbian izan da Oreka TX proiektua beren musika aurkezten. 

Gainerakoan, Miren Narbaizak kontatu digu pozarren jaso duela saria, lehenengoa baita M I C E proiektuarentzat: «Nik gogoan daukadala ez dut saririk izan, aipamenak bai urteko zerrendetan eta halakoetan eta hori ere asko da. Baina ‘Lautada’ lan honetan jende asko inplikatu da, proiektu luzea izan da eta beti zaude zalantzan ea norbaitek entzungo duen, gustatuko ote den eta, ondorioz, zure eta inguruko guztien lanak halako sari bat lortzea, pozgarria da benetan».

Merina Gris taldeko Julen ere antzera agertu da NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan: «Polita da kanpotik nola ikusten zaituzten jakitea, asebetetzen duelako, zure lorpenen laburpen txiki bat bezala egiten delako halako sariketetan egiten dituzten aipamenetan. Askotan esaten da konstantzia dela gakoa eta Paskalek hori azpimarratzen du, baina dena beti ez da lanaren fruitua izaten. Oso garrantzitsua da, baina tranpatia ere bai, American Dream-aren, kapitalismoaren, oinarria da. Gu instrumentalizatzeko promesa faltsu bat dela uste dut, beste faktore asko daude lanaz aparte, talentuarekin eta balioarekin zerikusia dutenak, edota kontrolatzen ez ditugunak. Hortaz, zure buruarekin gustura bazaude egiten ari zaren horretan, konstantzia hori natural irteten da, ez duzu horretan pentsatzen ibili beharrik».

Neomak taldeko kideak ere ez dira berriak oholtza gainean, baina proiektu honentzat izan da sorpresan harrapatu duen zerbait Musika Bulegoa saria eskuratu izana, Leire Etxezarretak kontatu digunez: «Errekonozimendu garrantzitsua da eta are gehiago ikusita zeintzuk izan diren beste sarituak. Gainera bada hau guztia Euskal Herrian dabilen musika mugimenduaren adierazle bat eta guretzat bada lanean jarraitzeko eta aurrera egiteko bultzada bat ere».

Ekitaldi musikatua

Hain zuzen ere Oreka TX taldea izan da ekitaldian zuzeneko musika eskaini duen taldeetako bat. Haiez gainera, Elena Setien, Enrike Solinis eta Ines Osinaga ere igo dira instrumentuak lagun zituztela Lekuona Fabrikako oholtzara. Aniztasuna izan da, beraz, oholtza gainean ere, izan ere Amaia Ispiziua EHMBEko ordezkariak hori nabarmendu du bere hitzartzean, «euskal musikaren aniztasunaren isla» izan dela gaur Oreretako Lekuona Fabrikan ikusi dena.

Dozenaka izan dira bertara hurbildu diren musikari, ekoizle, manager, programatzaile, kazetari eta musikazaleak, tartean, NAIZeko ordezkaritza zabala ere bai. Erakundeen ordezkaritzan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendari nagusia edota babesle nagusia izan den Laboral Kutxako komunikazio zuzendari Marije Etxaniz izan dira, besteak beste. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek, Errenteriako Udalak eta Simpathy for the Lawyer erakundeek ere babestu dute ekitaldia.

Ekitaldiaren ostean, Ines DJak eman dio jarraipena festari, kultur eragile desberdinen arteko saretzea ere baimentzen baitute halako ekitaldiek. 

Bihar MIN sarien txanda

Asteazken honetan Palmako Auditoriumean (Mallorca, Herrialde Katalanak) banatuko dituzte Estatuko Musika Independentearen sariak eta bertan ere Euskal Herriko ordezkaritza zabala espero da. La Bien Querida, Chica Sobresalto, Niña Coyote eta Chico Tornado, Zea Mays, Vulk, Olaia Inziarte, Elena Setien, Belako, Ines Osinaga eta beste hainbat artista daude sarietarako izendatuta. Ea zer nolako uzta biltzen duten.

Jaurlaritza Logoa