Zuzenean

Naiz Irratia

Arkaitz Rodriguez: «EAJ eta PSEren aliantzak galarazten du arlo guztietan aurrera egitea»

Giro politikoa nahasia dago azken asteotan. Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak, uste du irainekin eztabaidaren maila jeitsi eta benetako eztabaidak «ekiditen» ari direla. Bestalde, EAJ eta PSEren aliantza «gainditzearen» alde egin du.

Audio_placeholder

Arkaitz Rodriguez: «EAJ eta PSEren aliantzak galarazten du arlo guztietan aurrera egitea»

Loading player...
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia (Naiz Irratia)

Hauteskunde kanpaina hasteko ordu gutxitan, kanpaina «zikina» nahi dutela alderdi batzuk uste du Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak.

Herritarren kezka eta behar nagusiei erantzun ordez, eztabaida politikoa «nahita lokazteko» saiakeraz hitz egin du NAIZ Irratian. EH Bildu deskalifikatuz, euren proposamen eta egitasmoak «ezkutatzen» dituztela dio Rodriguez.

«Deskalifikatu behar dute ez dutelako nahi hitz egin dadin Osakidetzaren egoeraz, ez dutelako nahi hitz egin dadin De Miguel auziaz, ez dutelako nahi hitz egin dadin oro har zerbitzu publikoen nekatzeaz, ez dutelako nahi jendeak hitz egin dezan etxebizitzarekin egiten ari direnaz», adierazi du.

Giroa dezente nahasi duen gaietako bat memoriaren arloa izan da eta Aranzadik jasotako erasoa. Horrek «tristura» eragin diola esan du. Zentzu horretan, «lubakiak eraiki ordez, zubiak eraiki behar direla» uste du, «gizartearen gehiengoak hori eskatzen duelako».

«Bakeren eraikuntza aski serioa da eta ezin dugu fribolizatu», azpimarratu du hauteskunde interesak bultzatutako eztabaida izan dela salatu ostean. Uste du jendartearen gehiengoa ez dagoela termino horiekin ados. Are, bakeak eta elkarbizitzak preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea «ezinbestean» behar duela gehitu du.

Indar artikulazioa aipatuz, behin hauteskundeak pasata, aliantza berriak aldarrikatu ditu Rodriguezek. Erronka handiek PSE eta EAJren arteko «burdinazko» aliantza «gainditu» behar dutela uste du eta ezker soberanistak aliantzak «guztiekin» egin behar dituela.

«Aliantza zabalak behar direla uste dugu, guztien arteko akordioak eta aliantzak behar direla erronka kolosalak ditugulako parez pare», ohartarazi du Nafarroan eta Kongresuan egindako lana gogoratuz.

Jaurlaritza Logoa