Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Eider Mendoza
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua eta EAJko ahaldun nagusirako hautagaia

«Ez da nahikoa etorkizuneko erronkei bakarrik ekitea, ezinbestekoa da erakundeekin lan egitea»

Eider Mendozak indartsu ikusten du bere hautagaitza maiatzaren 28ko hauteskundeei begira. 8 urtetan Diputazioak gipuzkoarren arazoei aterabidea ematen jakin duela azaldu du eta hori, desberdinen arteko elkarlanari esker lortu dela gaineratu du.

Audio_placeholder

«Ez da nahikoa etorkizuneko erronkei bakarrik ekitea, ezinbestekoa da erakundeekin lan egitea»

Loading player...
Eider Mendoza da EAJko ahaldun nagusirako hautagaia
Eider Mendoza da EAJko ahaldun nagusirako hautagaia (NAIZ)

Lehia bizia aurreikusten dute inkestek Gipuzkoan. Eider Mendoza foru diputatu eta EAJko Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak ohikoa eta aurreikusgarritzat jo du egoera, lurralde abertzalea baita Gipuzkoa. Parte hartze handia aurreikusten du Mendozak eta prest sentitzen du bere burua, baita bere alderdia ere. Arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei hautagai jeltzaleak, «lurraldea baldintzatuko» baitute emaitzek.

'Entzunez eraiki' lelopean, entzute-ariketa egin du EAJk  eta bide berean dabiltza orain hiru lurraldeetako aldundiak. Mendozak egindako lanari garrantzia eman dio, entzuketa-ariketa handia egiteaz gain, etorkizuneko Gipuzkoako erronkei erantzuteko gaitasuna izan delako. Entzun, adostu eta ekiteko balio izan duela azaldu du, baita elkarlanean jarduteko beharra azpimarratu ere: «Ezinbestekoa da akademiarekin, unibertsitatearekin, formakuntza profesionalekin, herritarrekin... eseri, entzun, konpartitu eta proiektuak abian jartzea».

Egungo ahaldun nagusia Markel Olanoren lana goraipatu du, lider «sendo» baina aldi berean «apala» izan dela azpimarratuz. Bere eskuzabaltasuna tarteko, Gipuzkoari «ekarpen kualifikatua egin» diola gaineratu du.  EAJ eta PSEren arteko zortzi gobernantza-urteetako balantze positiboa egin du beraz Mendozak. Gipuzkoak «arazo potoloak»zituela azaldu du; hala nola, hondakinekin eta errepide sarearen aferetan, baina gobernuak aterabidea eman diela uste du.

Egungo arazo edo erronkei dagokionean, irakurketa baikorra egin du Mendozak. Herritarren kezkei buruz galdetuta, ekonomia jarri du erdigunean diputatuak. Euskal ekonomia «indartsu» dagoela azaldu du, nahiz eta egoera «aldakorra» den. Ekonomiari arreta berezia eskainiko diotela azaldu du, tartean, automozioaren sektorean indarra jarriz. Diputatuaren ustetan, gizarte kohesioa eta oreka mantentzeko bermea da ekonomia.

Osasungintzaren egoerari dagokionez, kezka egon badagoela badaki Mendozak. Baina «pazientzia» eskatu die herritarrei. Osasungintza publikora «inoiz baino baliabide gehien» bideratzen direla azaldu du eta egungo egoerak kanpo-faktoreekin lotura duela, Europa mailako arazoa dela eta pandemiaren ajeek dirautela argudiatuz.

PSE eta EAJk osatutako gobernuaren baitan egon daitezkeen posizio-politiko desberdinei dagokionez, Mendozak azpimarratu du norbere ideologia alde batera utzi gabe aurrera egiteko gaitasuna egon dela. Euskararekiko edota erabakitzeko eskubidearen inguruko posizionamenduetan ordea, distantzia edo talka agerikoa da bi gobernukideen artean. Hizkuntzaren aferarekiko ez du «arrakalarik» ikusi Mendozak bere gobernukidearekin, Uliazpiko helegitearen inguruan piztutako eztabaidan ezta ere.

Jaurlaritza Logoa