Zuzenean

Bigarren Kafea

«Guk argitaratzen dugunarekin gustura geratzea da erronka»

Bernat Etxaparek 1545. urtean argitaratu zuen 'Linguae Vasconum Primitae'. Euskal hizkuntza eta kulturarentzat garrantzitsua izan zen urte hori eta izen horrekin bataiatu dute Eneko eta Xabi Salaberria anaiek euren argitaletxea. 

Audio_placeholder

«Guk argitaratzen dugunarekin gustura geratzea da erronka»

Loading player...

«1545. hain urte bana-banakoa eta garrantzitsua da euskal hizkuntzaren eta kulturaren historian, non gure Erakundeen, Unibertsitateen eta kultur elkarteen begien aurrean ezin igaro baitzitekeen hauek omenaldi on bat haren gogoangarrian eskaini gabe» dio Patxi Altunak 1995ean Euskaltzaindiak argitaratutako 'Linguae Vasconum Primitae' testuaren edizioan.

Bada, argitaletxe bati urtearen izena jarri diote Xabi eta Eneko Salaberria anaiek; aitaren literatur zaletasunari jarraituz sortu dute 1545 Argitaletxea, elkarren artean lanak ondo banatuta. «Enekok marrazkigintzarako joera jaso zuen, eta nik literaturarena» esan digu Xabik. 

Elkarlan horretatik sortu da 'Mare: ilargiari poemak' liburua, gazteei zuzendutako poema bilduma. «Hiru hitzaurre ditu ilargiari begiratzeko hiru ikuspunturekin, zientifikoa, filosofikoa eta literarioa; horietatik abiatuta ilargian murgiltzen gara eta 29 poema eta kantu bat ditu». Proiektua borobiltzen duen abestiaren hitzak Jon Martinek idatzi ditu, eta Idoia eta Bea Asurmendik abestu dute. «Garbi genuen Idoiak eta bere ahizpa Beak bi ahotsetara abestea nahi genuela» kontatu digute.

Datorren asteburuan Zarautzen egongo dira, Literaturia jaialdiaren baitan. «Gu proiektuarekin oso babestuta sentitzen gara» aitortu digute. 

«Guk argitaratzen dugunarekin gustura geratzea da erronka. Hau zaletasun bat da eta badakigu zein den gure neurria. Egiten dugunarekin gozatu nahi dugu; urtean 3-4 argitalpen egitea eta horiek ondo egitea da jomuga» esan digute. 

Argitaletxeaz eta irakurzaletasunaz aritu gara Eneko eta Xabi Salaberriarekin Bigarren Kafean.

 

 

Jaurlaritza Logoa