Zuzenean

Bigarren Kafea

Doinuetatik Haratago | Asier Izagirre

Hiztuna eta irekia da Asier Izagirre, aste honetako ‘Doinuetatik Haratago’ tarteko gonbidatua. Berarentzat kuttunak diren kantuan eskatu dizkiogu ohiko moduan baina berak momentu bereziak oroitarazten dizkiotenak hautatu dituela esan digu.

Audio_placeholder

Doinuetatik Haratago | Asier Izagirre

Loading player...
Asier Izagirre elkarrizketatu dugu 'Doinuetatik Haratago' tartean
Asier Izagirre elkarrizketatu dugu 'Doinuetatik Haratago' tartean (Asier Izagirre)

Crystal Fightersen ‘LA Calling’ izan da Asierrek aukeratu duen lehen kantua. Abesti honek oso umore oneko jartzen du. «Grezian bolondres modura egon nintzen Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinentzat bideoak egiten eta talde hori asko entzuten genuen. Une alaiak dakarzkit burura abesti horrek eta berezia da niretzat».

Bigarren abestirako estilo aldaketa handi samarra proposatu du Asierrek. Alaitz eta Maiderren ‘Txanpon baten truke’ abestia. «Txikitan askotan eskatzen nien gurasoei autoan Alaitz eta Maiderren lehen disko laranja hura jartzeko. Beraiei ez zitzaien batere gustatzen baina nik buruz nekizkien abesti guztiak».

Hizkuntzalaria da Asier eta hori argi utzi digu hirugarren kantuaren hautaketan. Stromaeren ‘Santé’ abestia aukeratu du. «Artista horren ibilbidea aspalditik jarraitzen dut eta letrak izugarriak iruditzen zaizkit. Gizon horren burua sekulako abiaduran dabilela iruditzen zait. Ez nuke buru horren barruan egon nahi». Gutxietsitako lanbideei omenaldi moduko bat da abestia.

Azken abestirako etxera itzuli da Asier. Kerobiaren ‘Esnatu naiz’ kantuarekin osatu du laukotea. «Eskolan nengoenean talde hori entzuten zuen bakarrenetakoa nintzen eta hasieratik konektatu nuen beraiekin. Erasmusen Kerobia gustatzen zitzaion lagun bat ezagutu nuen eta azkenaldian elkarrekin joan izan gara kontzertuetara. Barruan zerbait mugitzen dit, motibatu egiten nau eta Xabi Bandini artista puska iruditzen zait». 

Entzun Asierren hautaketa, Doinuetatik Haratago tartean.

Jaurlaritza Logoa