Zuzenean

Amaia Zurutuza eta Garazi Castaño

300 haur jasoko ditu Oporrak Bakean egitasmoak aurtengo udaran

Oporrak Bakean programak Saharako haur errefuxiatuei udara kanpalekutik kanpo igarotzeko aukera eskaintzen die, bi hilabeteko egonaldiei esker, osasuna berreskura dezaten. Harrera etxeen bila dabiltza asteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Audio_placeholder

300 haur jasoko ditu Oporrak Bakean egitasmoak aurtengo udaran

Loading player...
Oporrak Bakean egitasmoko familien festa.
Oporrak Bakean egitasmoko familien festa. (Oporrak Bakean)

1975ean Espainia, Mauritania eta Maroko artean Hiruko Hitzarmena sinatu zenetik, Espainiako probintzia izateari utzi eta Marokoren indarpean bizi da Saharako herria. 75eko hitzarmenaren ostean Hassan II.a Marokoko erregeak Martxa Berdea bidali zuen Mendebaldeko Sahara okupatu eta kolonizatzera. Eremu interesgarria da, besteak beste, kokaleku geografikoagatik baina baita baliabide naturalengatik ere. Saharar askok Argeliara egin zuten ihes eta hasiera batean hilabete batzuetarako izango zen errefuxiatu kanpalekuan hartu zuten babes. 47 urte igaro dira eta bertan jarraitzen dute.

Eli Eizagirre Oporrak Bakean egitasmoko kideak azaldutako moduan, kanpoko laguntzari esker bizirauten dute bertan bereziki. Hori bai, zailtasunak ez dira falta: mugak irekitzen direnean iristen zaie laguntza, esaterako. Pandemia garaian mugetako arazoak are larriagoak izan ziren.

2020ko azaroaren 13an gainera Marokoko militarrek saharar zibil batzuei eraso egin zieten hauek protesta egiten ari zirela. Bake akordioa amaitu eta gerra berpiztu da Saharan. Kanpalekuko gizonak Lotsaren Harresira joan dira gerra egitera eta familiatik aldendu dira.

Unean bizi duten testuinguru sozial eta politikoaz gain, udara bereziki gogorra da bertan. Aldaketa klimatikoaren ondorioz beroa ikaragarri handitu da, 60 gradu ingurura iristeraino. Horri, duela gutxi arte kanpalekuan argindarrik ez zutela gehitu behar zaio. Ura eta janaria ere eskasak dira.

Osatzeko udarak

Oporrak Bakean 1979an sortu zen, erresistentzia programa moduan. Udararen gogortasunaren ondorioz haur asko hiltzen ari ziren eta kanpo laguntza eskatu zuten horiek babesteko. 100 haur ateratzea lortu zuten hasieran; gerora 10.000 arteko kopurura iritsi dira.

Eizagirrek azaldutako moduan, «nahiz eta kanpalekuen egoera aldatu den azken urteetan, bertako bizitza mailak behartzen gaitu urtean bi hilabetez 8-12 urte arteko haurrak atera eta osasuna berreskuratzen laguntzea». Ekainaren amaieratik abuztuaren amaiera arte Euskal Herrian izango dira haurrak, besteak beste, mediku azterketak eginez eta elikadura osasuntsu bat jasoz.  

Familia edo harrera etxeetan igarotzen dute denbora tarte hori haur sahararrek. Eizagirrek azaldu duen moduan, gogoa, disponibilitatea eta konpromisoa da eskatzen den bakarra; eta, familia hitza erabiltzen den arren, edozein bizikidetza nukleok parte hartu dezake programan: familiak, norbanakoek, bikoteek... «Denak dira apropos. Ez dago profil zehatzik».

«Asko ikasten da»

Leirek hirugarrenez hartuko du uda honetan haur saharar bat etxean. Esperientzia orain arte oso ona izan dela nabarmendu du: «Asko ikasten da pertsona eta familia bezala, gauzak beste era batean begiratzen ikasiz. Ikusten duzu haur horri ahalik eta gehien ematen diozula, baina jasotzen duzuna hori baina gehiago da». Euskal Herrian harrera programen inguruan elkarte asko daudela azaldu du eta laguntza etengabea dela: «Prozesuan inor ez dago bakarrik».

Eizagirrek gaineratu du haurrek alaitasuna transmititzen dutela: «Lasaiak eta alaiak dira, baten bat burugogorra, aurrera egiteko izaera hori behar dutelako. Baina orokorrean oso haur apalak eta lasai eramatekoak dira». Gaineratu du «esponja txikiak» bezalakoak direla eta oso erraz moldatzen direla egoerara.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lurrartzen da Oporrak Bakean programa. Nafarroan ere kanpaina egiten ari dira asteotan harrera etxeak lortzeko. Zalantzarik edo beldurrik izanez gero, informazioa eskatzeko gonbita egin du Eizagirrek. Egitasmoaren webgunean bertan daude eskuragarri herrialdekako kontaktuak.

Jaurlaritza Logoa