Zuzenean
Gaurko egunez gertatu zen Tolosa ia-ia suntsitu zuen ezbeharra, 1978ko martxoaren 28an. Lyon eta Burgos arteko bidaia egiten ari zela, 6012 zenbakidun trena trenbidetik atera zen, 1.30ean. Ez zuen Parisera zihoan Puerta del Sol trenarekin talka egin, azken honek atzerapena zeramalako.
Alarma guztiak piztu ziren; izan ere, trenak 55 tona azido zianhidriko zeramatzan. Azido kutsakorra, erabat toxikoa eta zeharo leherkorra. Zisterna apurtu edo pitzatzen bada, airearekin bat egiterakoan gas bihurtu eta oso hilgarri bihurtzen da.
Orduko alkate Iñaki Linazasorok, Karlos Linazasoro idazlearen aitak, gerora esango zuen 1978ko gau hura bere bizitzako egunik txarrena izan zela. Bi egun eman zituen trenbidean, batzuekin eta besteekin eztabaidan. Azido zianhidrikoa ekoizten zuen Lyongo fabrikako eta azidoa jasoko zuen Burgosko arduradun tekniko nagusiak berehala Tolosara joatera behartu zituen.
Gainera, Renfeko zuzendariak eta Herederos de R.Múgica Irungo enpresako ingeniariak ere bertaratu ziren, bagoiaren fabrikatzaileak baitziren. Dena ziztu bizian antolatu zuten. Istripua izan zuen treneko makinistek ez zekiten hain likido arriskutsua zeramatela. Istripua gertatu eta karga-gidak begiratu zituztenean baino ez zuten jakin.
Renferen lehentasuna trenbidea hainbat arinen irekitzea zen, baina Udala kudeatzen zuen gestorak ezezkoa eman zuen. Beraz, zisterna ez zen mugitu azido zianhidrikoa ontziz aldatzeko beharrezko neurriak hartu ziren arte. Gerta zitekeenaren zain, Gurutze Gorriko eta Dyako anbulantzia ugari, suhiltzaileen hiru talde, Guardia Zibila eta osasun-langile talde oso bat bertaratu ziren. Era berean, bereziki prestatu ziren Tolosako klinikak. Prest utzi zituzten 40 tona soda zituzten kamioiak, hori baita azido zianhidrikoa neutralizatu dezakeen sustantzia bakarra.
0,05 gramo azido zianhidriko nahikoa dira pertsona baten heriotza eragiteko. Eta Tolosan errailetik atera zen zisterna-bagoiak 55 tona gas hilgarri zeramatzan berekin. Beldurraren ondorioz, bizilagun askok, batez ere euren etxebizitzak trenbidetik gertu zituztenek, herritik alde egin zuten, izututa. Esan dutenez, bost mila lagun inguruk ihes egin zuten egun haietan.
Maria Angeles Arandia Tolosan bizi zen ezbeharra geratu zenean eta bizitakoa kontatu digu Bigarren Kafean. «Esan zuten oso arriskutsua zela eta ez dakit zenbat kilometrora alde egin beharra zegoela, orduan jende asko senideen etxeetara joan zen, Tolosatik kanpo», gogoratu du Arandiak. «Denda asko itxi zituzten eta ez zituzten berriz ireki. Jendea oso ikaratuta zegoen, kalean ez zegoen ia inor», azaldu du.
Baina Tolosako gazte asko ez zeuden herrian egun horretan. Izaskun Jauregi tolosarra Laskorain ikastolako ikaslea zen garai horretan. «Laskorain ikastolak bazuen baserri bat Abaltzisketan, oporretan joateko erabiltzen genuena. Egun horretan asteburu pasa geunden baserrian, eta irakasle batek kontatu zigun abisua heldu zitzaiela Tolosan istripu larria gertatu zela eta ez itzultzeko», oroitu du. Iganderako, ordea, itzuli zitezkeela esan zieten eta hurrengo egunetara arte ez ziren jazotakoaz ohartu.
«Izugarria izan zitekeen, eta ez zen ezer izan, denbora gutxian konpondu baitzen konpondu beharrekoa. Asko eta asko momentuan ez ziren konturatu ere egin, dena ebakuatzeaz ere hitz egin bazen ere», adierazi du. Ikasleak ez zeuden larrituta: «Denbora asko pasatu da eta ez dut ondo gogoratzen, baina ezin genuen ulertu gertatzen ari zena, benetako dimentsioaz beranduago ohartu ginen. Ez genekien hilgarria izan zitekeenik, orduan ederki pasatzen ari ginen».
Lortu zuten zauriturik gabe azidoa lekualdatzea. Ez ziren egun errazak izan eta balentria meza batekin ospatu zuten, Izaskungo amabirjinari eskerrak emateko, garaiko paper ofizialen arabera. Karlos Linazasorok ‘6012’ liburua idatzi zuen geratutakoan inspiratuta, fikziozko eleberria bada ere.