Zuzenean

Bigarren Kafea

Mirua: «Entzun nahi genukeen musika egiten saiatzen gara»

Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoan izan dira Mirua taldeko Maitane, Malentxo eta Mattin. Duela bi urte sortu zuten proiektua, eta dagoeneko lortu dute izaera handiko soinua garatzea.

Audio_placeholder

Mirua: «Entzun nahi genukeen musika egiten saiatzen gara»

Loading player...

Talentua, gogoa, bihotzean oinarrituriko bidea eta beste gauza asko arnastu ditugu  Bigarren Kafean. Basakabitik bueltan etorri zaizkigu Mirua tolosarrak, Oskorriren erritmoan, txin-txin eginez eta bizitza ospatuz.

Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoan izan dira Maitane, Malentxo eta Mattin. Aspaldiko lagunak dira, bidelagun orain abentura musikal berri honetan. Taldearen sorreraz galdetu diegu, asmotik errealitaterako jauzian zer sentitu duten. Izan ere, talde berri edo hasiberritzat jo daiteke Mirua, baina bidea egiten hasiak dira. Hasiera, ordea, nolakoa izan zen? «Hasieran Maitane ta ni akustikon jotzen hasi ginen, iritsi zan momentu bat non Mattinekin elkartu eta sortzen hasi ginen» esan digu Malentxok. «Bidean gauza berriak egiten saiatu gara, gure soinua garatzeko asmoz, esango nuke hasieran baino grin handiagoa dugula orain, esperimentatzeko motibazioa».

Mattin da hirukoan soinuaren trataera gehien landu duena, “frikia”, beste bi taldekideen hitzetan. Esperimentazio hori nola burutzen duen galdetu diogu, Miruaren ezaugarri berezi hori nola lortzen den. «Niri gustatzen zaidana da beti aurrera egitea, eta egia da Euskal Herrian ez dagoela horrelako aniztasuna musika mota honen aldetik, nik beste zapore bat bilatu nahi dut produkzioan».

«Gauzei bi hiru buelta ematea garrantzitsua da, baina norberaren esentzia aurkitu behar du bakoitzak, eta oso inportantea da denetarik entzutea; horrela garatu du Miruak bere izaera» esan digu Maitanek.

Duela gutxi sortu zen taldea, eta lehen EParen bueltan bildu ditu taldearen aurkezpena egiteko kantu sorta. Baina prozesua anitza da, batzuetan hitz batetik hasi, besteetan bulkada bat, produkzio ideia bat akaso. Nola jakin abesti bat bukatuta noiz dagoen? «Inguruko jendeari iritzia eskatzen diogu, baina egia da kosta egiten zaigula abesti bat bukatuta dagoela erabakitzea».

Sentimenduen transmisioaz aritu gara, eta taldearen hitz edo mezuak nolakoak diren galdetu diegu, baita zein garrantzia ematen dieten ere. «Batzuetan mugikorrean apuntatzen goazen ideietatik hasten gara abestiak idazten. Nik uste Miruaren gauzak esateko modua zein den bilatzen ari garela oraindik, esateko gauzak badauzkagu, baina batzuetan nola esan kostatzen zaigu».

Jaurlaritza Logoa