Zuzenean

NAIZ irratia
Elkarrizketa
Aritz Argote
Etxebarrieta Memoria Elkartea

«Memoria ez da espazio neutral bat, disputan dagoen kontu potente bat da»

Jose Antonio Etxebarrieta abokatuaren heriotzaren 50. urteurrenarekin batera, errepresaliatu politikoen defentsan azken 60 urteetan jardun duten abokatuen lanari aitortza publikoa egingo diote apirilaren 1ean Bilbon, Etxebarrieta Memoria Elkarteak antolatuta.

Audio_placeholder

«Memoria ez da espazio neutral bat, disputan dagoen kontu potente bat da»

Loading player...
Euskal presoen abokatuak, Burgosko Auzian.
Euskal presoen abokatuak, Burgosko Auzian. (EUSKAL MEMORIA FONDOA)

Jose Antonio Etxebarrieta hil zenetik 50 urte betetzen direnean, abokatu hark frankismo garaian egindako ekarpena gogora ekarri eta euskal errepresaliatu politikoen defentsan aritu diren abokatuak omenduko dituzte apirilaren 1ean Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egingo den ekitaldian.

Ekitaldiaren antolatzaile den Etxebarrieta Memoria Elkarteko Aritz Argotek ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkio NAIZ Irratiari. «Joseanen ekarpen historikoa oroitu nahi dugu eta irakaspen batzuk hartuta, gaurko testuingurura ekarri. Memoria ariketa bat da, baina formakuntza politikorako ere erabil dezakegu», nabarmendu du.

Bide horretan, apirilaren 1ean, 9.00etatik 15.00etara Etxebarrieta Anaien plazan ‘Los vientos favorables. Euskal Herria 1839-1959’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute. 70 bat pertsona arituko dira irakurketan, belaunaldi ezberdinetako ezker abertzaleko militante esanguratsuak, auzoko eragileak, errepresaliatuak izandakoak, adin ezberdinetako auzokideak...

Baina batez ere, deialdi berezia egin diete abokatuei. Besteak beste, Miguel Castells, Pedro Ibarra, Francisco Letamendia, Jone Goirizelaia, Arantza Zulueta eta Alfonso Zenon izango dira. Horiez gain, Etxebarrieta ezagutu zuten kideak egongo dira: Kepa Enbeita, Tasio Erkizia, Ione Dorronsoro, Ramon Zallo...

«ETAn militatzen hasi zen erakundea egituratzen ari zenetik. Hasieratik adierazi zuen erresistentzia armatu baten beharra zegoela. Hortik aurrera, erakunde barruan pentsamendu marxistak bultzatu zituen. 1966ko ETAren V. batzarrean, abertzaletasun burgesaren aurrean, langile abertzaletasuna aldarrikatu zuen, eta horrek gure historian garrantzi handia izan du», azaldu du Etxebarrieta Memoria elkarteko kideak.

Zer da memoria?

Memoria kontzeptua oroimenaz baino harago doala nabarmendu du. «Errelato bat ere bada. Iraganean herri honek kolektiboki bizi izan zituen gauzak oinarrian jarriz eraiki nahi dugu oraineko errelatoa».

Horretaz gain, memoria ez dela «espazio neutral bat» azpimarratu du. «Disputa batean dagoen kontu potente bat da. Frantziar eta espainiar estatuei memoria konkretu bat interesatzen zaie. Horren aurrean, elkarte memorialistok eta herri honen alde eraikitzen jarraitzen dugunok, herri memoria bat sortzea behar dugu, herriak egindakoa eta herria oinarrian jarriz, estatuetatik datorkigun errelato dominante horretatik kanpo», adierazi du. Izan ere, horretan ekarpena egin nahi du Etxebarrieta Memoria Elkarteak apirilaren 1erako antolatu dutena bezalako ekimenekin.

Etxebarrietak abokatu gisa egindako lana oroitzearekin batera, euskal errepresaliatu politikoen defentsan «bere atzetik etorri diren abokatuak» omentzeko ere baliatuko dute eguna.

Jaurlaritza Logoa