Zuzenean
«Guk irudipen bat izaten dugu, baina gero publikoak ere eramaten gaitu beste bide batzuetara»
Denbora luzez itxaron eta gero, duela hilabete batzuk aurkeztu zuen ‘Zeldatik’ diskoa Asgarth taldeak. Pandemia aurretik hasi ziren martxan eta horrek luzatu du guztia denboran. Dena dela, taldea berriz ere martxan jarri da zuzenekoetan ere. MusikHaria saioan izan dira Asier Enbil eta Mikel Yarza.
«Guk irudipen bat izaten dugu, baina gero publikoak ere eramaten gaitu beste bide batzuetara»
Kaixo bikote, zer moduz zaudete?
Asier Enbil: Gogotsu beti bezala, martxa hartzen. Emozioekin jolasten saiatu gara diskoan eta jendea ere gogotsu zegoela agerikoa izan da.
Mikel Yarza: Oholtza gainean hala ere eztanda bat izaten ari da, izerdia eta garagardoa uztartzen diren tokia da.
Aurreko etapan belaunaldi oso gazteetaraino iritsi zen zuen musika.
A.E.: Hemen gaztea Mikel da, berak esango dizu hori hobeto.
M.Y.: ‘Crowdsurfing’ delako hori, hau da, jendartean etzanda eta buruen gainetik ibiltzea, behin bakarrik egin dut, Donostian, 2009an eta Asgarthen kontzertu batean izan zen.
A.E.: Taldeak utzita zuen ordurako, gainera, berezia izan zen.
M.Y.: Orduan abeslariak seinalatu ninduen eta, begira, ez nuen pentsatuko 14 urte beranduago oholtzan elkarrekin izango ginenik. Zaleak ginen garai haietan eta pertsonalki oso gertuko jendea direla esan dezaket, oso ondo hartu gaituzte.
Diskoaren irekierako introaren inguruan idatzi duzuen azalpena eta azala bera tetriko samarrak dira, ezta?
A.E.: Iker Bengoetxea da azala egin duena eta asko gustatu zitzaigun. Horren zergatia azaltzea ere garrantzitsua zela uste dugu. Iker artista handia da eta dena ondo pentsatuta egiten du, buelta asko ematen dizkio irudiei eta guk ere gerra dezente eman diogu.
Elektronika kutsua duen intro bat da, baina kolpe bat ematen duzue segidan ‘Zeldatik’ kantuarekin. Kantu hau modernoa da edo klasikoa da?
M.Y.: Nik esango nuke beteranoek oso argi dutela zein den formula eta beren kantak egiteko modua. Hortaz, konposatzen klasiko samarrak dira orokorrean. Konponketak akaso Etxahun eta biok modu berriago batean egin ditugu, eta Haritzen soinua ere modernoagoa da, ez 90etakoa.
A.E.: Dena koktelera batean sartu eta atera dena da, ez dakit hainbeste sailkatu behar den.
‘Zeldatik’ kantuan ez dakit pandemiaren bueltan edota taldearen inguruan ari ote zareten hizketan.
A.E.: Askatasun oihu bat bezala ulertu behar da, musikalki hori iradoki zidalako letra idazterakoan. Eztanda moduko bat da. Normalean beti musika doa lehendabizi eta horren gainean idazten dut.
Atzetik ‘Izurri berria’ dator. Gazteek ekarri dute iluntasuna zuengana, Asier?
A.E.: Ideia originala Anderrena da eta Judas Priest taldearen kutsua ikusten diogu. Azken urte hauetan pasatako garai beltzari egiten diogu erreferentzia, nahiz eta jakitun garen ez garela originalenak.
M.Y.: Nik zuzenean asko disfrutatzen dut hau jotzen, erdi tenpo batean.
Bada, baxuaren sakontasuna azpimarratu nahi nuen abesti honetan, lodi-lodi entzuten baita. Bilatua izan da?
A.E.: Nik uste dut Mikelen lerroak oso landuta daudela eta Haritzek bere puntua eman ziola estudioan bertan.
M.Y.: Nik orain arte lau sokako baxu batekin jo izan dut eta Haritz, soinu astunagoetan, lodiagoa den noten bila ibiltzen da. Hortaz, soka bat gehitu zion guztiari, bost sokako baxu batekin egin genuen proba eta hortik hona halako batekin nabil, horrek ematen die abestiei entzuten den gorputz guztia.
Zure kantaera ere aldatu da, Asier, ez dakit oldarkorragoa den definitzen duen hitza.
A.E.: Egia da urteekin zerbait ikasi dugula. Lehen askoz ere garbiagoa zen, lehen diskoetan fina ere bai. Baina gustuko ditudan abeslariak entzunaz-eta, bilatu egin dut urratze hori eta askoz ere erosoago sentitzen naiz. Abestien estiloak holako ahots bat eskatzen zuen.
Metalaren oso arlo desberdinetako teknikak nahastu dituzte gitarra-jotzaileek abestietan.
A.E.: Unaik ekarri zuen ideia nagusia abesti honetan eta oso modu berezia du konposatzeko garaian. Estilo propioa dauka, oso markatua eta tenpo-erdiko kantetan duen domeinua handia da eta segituan asmatzen dut berea den edo ez. Estilo asko kontsumitzen ditugu eta ideiak etortzen direnean denak uztartzen dira.
Zatika konposatzen duzue edo nola izaten da?
M.Y.: Intuizioz egiten dugu guztia, zer den zer hitzak jarri ordez, jo eta gorputzak eskatzen digunaren arabera eraikitzen ditugu abestiak.
A.E.: Ez dago modu zehatzik. Gitarra ideia bat edo baxu lerro bat etorri daiteke, edota ahotsarekin melodia bat. Gero, ideia nagusi horretatik lokalean dena lantzen joaten gara, bakoitzak sortu dituen abesti zatiak lotzen ditugu eta funtzionatzen dutenean aurrera egiten dugu. Askotan aspaldiko zati bat etortzen zaigu burura, eta hori intuizioz izaten da.
Lehen hiru abestiak bat balira moduan ulertu ditut, ez dakit gaiagatik den, estiloagatik den… Dena dela, argi dagoena da ‘Kale gorrian’ kantuan salatzen duzuena, okerrera baino ez doan kontu bat dela.
A.E.: Letrekin bakoitzak bere pelikula egitea ere intesgarria izaten da, nahiz eta kantuak nahikoa zuzenak diren. Letrak nik egiten ditut, nahiz eta laguntzen didaten taldekideek hobetzen, baina ez dut beste batzuk duten idazteko gaitasuna. Gorka Urbizuk esaldi batean laburtu dezake nik bost esalditan esango nukeena, baina zuzena izaten saiatzen naiz.
M.Y.: Asierren alde esango dut nik ere egiten ditudala irakurketak eta esaterako abesti hau eta ‘Abdoulay’ lotuta egon daitezkeela. Nire lanagatik ezagutu ditut kale gorrian bizi direnak, itsasoa gurutzatu duen jende horren drama, eta oso gertu sentitu ditut bi abesti horiek.
A.E.: Bai, oso gai sozialak dira.
Adoulayren blokearen aurretik, ordea, ‘Ezin bizi’ aipatu nahiko nuke. Heavytik eta hard rocketik badu kantu honek.
M.Y.: Hard & heavy esaten zuten batzuk.
A.E.: Ahotsetik sortu zen abesti hau, ostiral arratsalde batean ziur. Noiz ez dakit, baina subidoi horrekin negoela grabatu nuen eta bidali nien eta polita izan zen gero beste elementuak gehitzen ikustea. Abesti bizia da.
M.Y.: Bitxia da abesti hau hasieran zuzenekoetatik kanpora utzi genuela, baina publikoak eskatu digu eta aurreko batean, Oñatin, zuzenekora eraman genuen.
A.E.: Guk irudipen bat izaten dugu, baina gero publikoak ere eramaten gaitu beste bide batzuetara.
Ahotsetik esan duzu sortzen dela kantu hau, aipatu beharrekoa da ahotsaren lana disko honetan. Zenbat geruza, teknika, gutxienez bi ahots abesti bakoitzean…
A.E.: Nik Haritzi esan nion bururatzen zitzaizkidan guztiak grabatuko nituela, Asgarthen esentziaren zati bat badelako ahotsa eta koroena. Gero berak kenduko zituen nahi zituenak, baina ez ditu kendu bistan denez. Estudiora sekula ez nintzen inoiz iritsi ideiak hain argi nituela, eta nabaritzen da.
M.Y.: Estudioan momentu polit bat bizi izan genuen, ahotsak isolatuta soilik jartzen zizkigulako Haritzek eta orkestra-gizon bezala aurkeztu Asier, bera grabatzen ari zen bitartean.
Zuzenean nola defendatzen duzue hori?
A.E.: Mikelek eta Unaik egiten dituzte lan horiek. Unairen ahotsak sekulako potentzia du eta fina da. Lehendik ere egiten zituen koroak. Orain, zortez, Mikel ere batu da, abeslaria da eta, ikasi egin behar izan badu ere, nabari da aurrerapausoa eta gure artean ere komentatu genuen hori Oñatiko kontzertuaren ostean.
M.Y.: Esan beharra dut ahots garbiarekin disfrutatzen ikasi dudala, orain arte Hilotz taldean modu guturalean abesten nuelako ia beti.
Garbitasuna aipatu duzunez, ‘Abdoulayren agurra’ kantua aipatu behar. Ezin zuen falta baladatxoak.
A.E.: Aspalditik buruan nuen ideia da. Ander eta biok entsegu batetara iritsi ginen eta hau jotzen hasi zen berotzeko gitarra jotzen. Buruan nuen melodia bat etorri zitzaidan bapatean eta gitarraren doinuekin uztartu genuen. Abesti indartsu baten intro lasai moduan ikusten nuen eta horrela joan zen kantua eraikitzen. Gitarra entzun orduko zerua zabaldu zitzaidan.
Zuzenekoetan arnas txiki bat.
M.Y.: Eta garagardoa ere bai, kar-kar. Hainbeste dezibelio eta bonbo bikoitzen artean, atsedena denentzat.
Abdoulayren dramaren zati bat, abiatzea, kontatzen du kantuak. Halako istorioak entzutean, zirrara berezia sortzen da.
A.E.: Abdoulayk istorioa zuzenean kontatu zidan, Pasai San Pedron, garagardoa eskuan nuela. Irribarrea du beti aurpegian, haurrekin oso ondo konpontzen da… oso maitatua da herrian. Eta, bizi izan duen guztia eta gero, bizitzarekin duen jarrera benetan mirestekoa den zerbait da.
Gainera, egun badakite bide zail batekin egingo dutela topo hona etortzean.
A.E.: Bai, eta pentsa gure bigarren diskoko ‘Arraza’ abestiak gauza beraz hitz egiten duela eta zenbat urte pasa diren.
Gero ‘Abdoulay’ kantuan halako amorrazio kanporatze bat ematen da. Itsasoz etorri zen Abdoulay?
A.E.: Bai, bera arrantzalea da, gainera. Itsasoa gurutzatu zuen eta gero kamioi baten azpian iritsi zen Euskal Herrira. Hesiaren jauzia, poliziak nola jipoitzen dituzten hesitik jaistean… Argi neukan polizia zer den erakutsi nahi nuela, migranteek jasandakoa jasan eta gero jipoitzeko gai direlako.
Trasha da?
M.Y.: Nik power metala dela esango nuke, nahikoa azkar doan kantua, bonbo bikoitz azkar horiek hori adierazten duten moduan.
A.E.: Nik ere hala ikusten dut. Trashagoa ‘Parasitoa’ da, adibidez.
Baxuan efektu bereziren bat sartu duzu Mikel? Soinu bereziren bat entzuten delako diot.
M.Y.: Nota batzuetan baxuak presentzia gehiago hartzen du, frekuentzia konkretu batean, kilkerraren frekuentzia deitzen dugun horretan. Hortaz, efekturik ez, anplifikagailua, distortsio pedala eta besterik ez dago.
Notarik altuenak hemen abesten dituzu zuk Asier?
A.E.: Ahots nagusian ez, baina koroetan bai. Grabatzerakoan, koro bakoitzaren ostean, Haritzek ea ondo nintzen galdetzen zidan. Kontzentrazioa behar nuen, arnasketa ona, eta nota horietara iritsi behar nuenean serio samar jartzen nintzen itxura denez.
Blokea ixteko ‘Nahi nukeen herria’ kantua dator. Abdoulayri herri utopiko bat aurkezten diozuela dirudi.
A.E.: Lehen esan bezala gai oso sozialak lantzen ditugu hitzetan. Telebista ikusten jartzen bazara, dena drama da. Halakoetan, nire herria nolakoa nahi nukeen pentsatuz jartzen naiz.
Nahikoa satanikoa dirudi.
A.E.: Bai, iluna da, baina mundua bera ere horrelakoa da. Errepikan argitasuna eta itxaropena dago, nolako mundua nahiko genukeen abesten dugulako. Gero, badira barre batzuk gizarteaz barre egiten duten jauntxoak, nahieran erabiltzen gaituztenak, irudikatuz.
Beno, eta ‘Parasitoa’ kantuan iluntasun horrek jarraitzen du, abiadura bizian.
M.Y.: Trash metal kontzertu baten itxura ematen du zuzenean jotzen dugunean, Exodus eta Testament bezalako talde kutunen girora eramaten nau ni. Anderrek ekarri zuen ideia, baina Etxahun eta bion eskua nabarmentzen da. Unean landutako zirriborro baten emaitza da, berehala hau sortu zen.
A.E.: Nabaritzen da Unai eta biok oporretan ginela, metraileta bat baita abestia. Cadizen nintzen oporretan hau bidali zidatenean eta ordu erdirako eginda neukan ahotsaren konponketa. Hondartzan nintzela, ideia pila bat etorri zitzaizkidan burura eta oso argi ikusi nuen guztia. Eta bai, abesti honetan nabarmena da bi gazteenen eskua.
‘Ispilu zelataria’ kantuan estiloz aldatzen da berriz guztia. Bertan salatzen dena da azpimarratu beharrekoa, trabestitzen den baten paperean jartzen zarelako Asier.
A.E.: Gai hau landu beharreko beste gai bat da, gizarte gaiak lantzen ditugun heinean. Heavy mundua ilunagoa da eta askotan esan izan digute zaldun eta ezpatez soilik hitz egiten dugula. Bada, saiatu gara pertsona horren azalean jartzen. Ez gara jarri gaur egun prozesu hori bizitzen dabilenaren azalean, abestian badiogu egun pausoak eman direla, emango direla eta eman behar direla. Guk, frankismo garaian, gisa horretara, oso ezkutuan zebilenaren paperetik abestu dugu.
Oñatin izan zineten, orain zer datoz?
A.E.: Martxoaren 25ean Tolosako Bonberenean izango gara Niña Coyote eta Chico Tornadorekin eta maitzaren 13an Vertigo Rocken ere izango gara, Ermuan. Data gehiago ere agertu dira, baina kontatuko ditugu. Bitartean, diskoa bandcampean eskuratu daiteke.
Bada zuek ere gainditu duzue etapa bat eta berria joan dadila behar eta merezi duen moduan, mila esker!
Zuri eskerrik asko!