Zuzenean

Naiz Irratia

Etorkinekin: «Segituko dugu migratzaileei bidea egiten laguntzen»

Taldeko hiru kide Hendaian eta Urruñan atxilotuak izan ondoren, Etorkinekin elkarteak ziurtatu du migratzaileei laguntzen jarraituko duela. Aintzane Lasartek NAIZ Irratian azaldu zuen konbentzimendu argia dutela: ez da delitua migranteei laguntzea.

Audio_placeholder

Etorkinekin: «Segituko dugu migratzaileei bidea egiten laguntzen»

Loading player...
Hiru herritarrak ordu gutxira aske utzi bazituzten ere, protesta ekintza egin zen Hendaian Poliziak duen komisariaren aitzinean.
Hiru herritarrak ordu gutxira aske utzi bazituzten ere, protesta ekintza egin zen Hendaian Poliziak duen komisariaren aitzinean. (Guillaume FAUVEAU)

Astelehen eta astearte artean Urruña eta Hendaian hiru lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Lehena, autoan hiru migratzaile zeramatzala, Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasartek NAIZ Irratian azaldu zuenez; beste biak, hurrengo egunean. Aske utzi zituzten astearte arratsaldean eta ongi daudela baieztatu zuen Lasartek, argi dutelako ez dutela deliturik egin.

Lehen atxilotuak autoan zeramatzan migratzaileekin zer gertatu den ez dakite, baina Etorkinekin elkarteko ordezkariak uste du, askotan ikusi duten moduan, mugaz bestaldera eraman zituztela. «Askatu dituzte, baina guretzat ez da hor amaitzen afera. Ez dugu onartzen larderia, ez dugu onartzen jazarpena. Guk dugun elkartasuna ez da delitua», adierazi zuten astearte arratsaldean gertatutakoa salatzeko deitu zuten elkarretaratzean.

Aspaldian ez da halako atxiloketarik izan. Zerbaiten seinale ote den galdetuta, ez zeukan argi. Migrazio politiken legearen erreforma abian dela gogoratu eta akaso beldurra sortzeko helburua dutela atxiloketek. «Batzuetan horrelako kolpeak ematen dituzte. Ez dakigu beldurtu nahi dituzten, ahuldu nahi dituzten, baina gu seguru gaude ez dugula deliturik egiten. Hala ere, polizia-etxera joan eta gaizkile elkarte baten parte ziren, eta delitua egin zuten paper bat sinatzea nahi zuten. Ez zuten sinatu», aipatu zuen ordezkariak. 

Bidasoko delegazioa

Etorkinei bidean aurrera egiten laguntzen dien taldea dela azaldu zuen, tartean ez dagoela diru konturik. Elkartea Ipar Euskal Herri osoan antolatuta dago, eta Hendaia eta Urruña ingurukoei migratzaileei bidean aurrera egiteko laguntza eskaintzea dagokie. 

«Polizia izugarri tematu zen dirua hartu ote zuten. Dirudienez, atxilotuari aspalditik jarraitzen zioten, eta argi eta garbi dago elkartasun elkarte bateko kidea dela, eta ez dugula dirurik eskatzen. Agian beste batzuk dirutruk egiten dute... Etorkinekin elkarteak Iparralde osoan lan egiten du, eta gu bereziki, atxilotuak barne, Hendaia, Urruña eta Biriatuko jendea gara. Elkarteak baditu tokiko taldeak, eta Bidasoa Etorkinekin taldea gara Hendaiakoa, eta justuki guri tokatzen zaigu laguntzea bidea segitzen, Baionaraino. Baionan badago espazio publiko bat, trantsitu leku bat, eta haraino eramaten ditugu. Batzuetan janaria ematen diegu edo gau bat etxean pasatzen uzten diegu», aipatu zuen Lasartek.

Atxiloketak atxiloketa, orain arteko jardunari eutsiko diotela baieztatu zuen Lasartek, azalduz Poliziak atxilotuak izan berri direnei zuzenean egin ziela galdera eta baietz erantzun zutela.

Jaurlaritza Logoa