Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Freskotasun eztanda Janus Lester taldearen estreinako ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ diskoan

2022ko udan hainbat tokitan irakurri genuen Janus Lester izena, baina inork ere ez zeukan haien berri. Baina, bat-batean, eztanda fresko bat eman eta hainbat kantu plazaratu zituzten diskoa osorik erakutsi aurretik. Aurkezpen birako azkena dator orain, Bilbon, Kafe Antzokian, martxoaren 23an.

Audio_placeholder

Freskotasun eztanda Janus Lester taldearen estreinako ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ diskoan

Loading player...
Igeldoko jolas parkean izan ginen Janus Lester proiektuko sortzaile Jokin Pinatxorekin.
Igeldoko jolas parkean izan ginen Janus Lester proiektuko sortzaile Jokin Pinatxorekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Funky musikaren edota musika beltzean oinarritzen diren doinuen gorakada nabaria izaten ari da azken urtean Euskal Herrian eta horren adibide argietako bat da Janus Lester proiektua. Jokin Pinatxo Olaziregi da taldearen irudia eta ahotsa (besteak beste), baina musikari apartez inguratu da Euskal Herriko pista eta plazak dantzan jarri asmoz. Mattin Arbelaitz, Andoni Arriola, Ane Bastida, Javi Echarri, Garazi Esnaola eta Julen Suarez ditu lagun.

‘Ez gaitzala loak harrapatu’ deituriko lana kaleratu zuen 2022ko abenduan, kaleratu bezperan halako aurkezpen berezi bat egin zuen, gainera. Intimoa, berezia, baina aldi berean festarako giro aparta jarri zuen Pinatxok Donostiako Kutxa Kultur Kluba aretoan. Atzetik etorri dira, besteak beste, DabaDaba aretoa, Plateruena, Jimmi Jazz edota Sanagustin kulturgunea.

Energia deskarga itzelak egiten ditu Pinatxok emanaldietan, oholtzaren alde batetik bestera mugitu gabe ibiltzen da eta guztia ahotsarekin duen gaitasunari eutsiz, eta hori ez da lan makala gero, abestietan nahikoa adierazgarria delako beratarrak duen erregistro zabala.

Funkya, discoa, Motown zigiluak jorratzen zuen musikaren berotasuna, soula edota r&ba uztartzen ditu, guztia gaur egungo begiradatik eta pop ukitu nabarmen bat gehituta. Horrela laburbildu genezake Janus Lester proiektua. Hitzei erreparatuz gero, egunerokotasuneko gaiak daude tartean: askatasunari eta gozatzeari deiadarrak, oraina bizitzea, elkartasunari, laguntasunari eta laguntzea, pertsona bati agurra…

Datozenak

Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren 23an, ostegunarekin, egingo du aretoetako azken geldialdia Janus Lester taldeak Olaia Inziarte lagun dutela. Sarrera doan izango dela aurreratu dute eta festa giroa ziurtatua izango da bi proiektu nafarrekin, orain arteko emanaldi guztietan argi erakutsi duten moduan.

Gerora, Nafarroaren egunean izango dira Janus Lester taldekoak, apirilaren 30ean, Baigorrin. Atzetik uda sasoia iritsiko da eta, momentuz, Donibane Lohizunen, abuztuaren 8an, eskainiko duten kontzertuko data iragarri dute, baina etorriko dira gehiago.

Zientzia eta musika uztartuz

Emakume zientzialarien Emakumeak Zientzian kolektiboari abestia ere luzatu die Janus Lesterrek 2023 honetan. Kimikaria ere bada Jokin Pinatxo eta emakumeek zientziaren esparruan dutenari ikusgarritasuna emateko bidean, elkarlanean, ‘Ertzak’ deituriko kantua sortu zuten. Musikak ere, hein batean, zientziatik baduela erakutsiz.

‘Dap-dap’ egin eta mantendu adi, ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ Janus Lesterrek udaberri honetan. Bitartean, entzun diskoa eta baita goian aurkitu dezakezuen Jokin Pinatxorekin MusikHaria saioan izandako elkarrizketa ere.

Jaurlaritza Logoa