Zuzenean

NAIZ Irratia

Ate birakariak eta Etika Publikoaren Batzordea, «hitz potoloetako» afera

Zalaparta eragin du Lakuako hainbat goi-kargu Etika Publikoaren Batzordearen baimenik gabe sektore pribatura igaro izanak. Iñigo Zaton (EP-IU), Josu Estarrona (EH Bildu) eta Alberto Alonso (PSE-EE) legebiltzarkideek aferaz duten iritzia azaldu dute.

Audio_placeholder

Ate birakariak eta Etika Publikoaren Batzordea, «hitz potoloetako» afera

Loading player...
Olatz Garamendi sailburua iragan den asteko kontrol saioan.
Olatz Garamendi sailburua iragan den asteko kontrol saioan. (Irekia)

Kalapita agerikoa izan zen martxoaren 17ko Legebiltzarreko kontrol saioan. Elkarrekin Podemos-IU, PP-Cs zein EH Bildu koalizioek galdegin zieten Etika Publikoaren Bartzordearen zilegitasunaz Iñigo Urkullu eta Olatz Garamendiri.

NAIZ Irratiari eskainitako adierazpenetan, Iñigo Martinez, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak berretsi du Gobernantza sailburuaren azalpenak «kezkagarriak» izan zirela. Ganora gehiago eskatu du ate birakariak jorratzeko garaian. «Ez genuen planteatzen Eusko Jaurlaritzako kargu publikoek sektore pribatura igarotzeko ezintasuna, baina bai ardura publikoa eta ardura pribatuek talka egiten dutenean, seriotasun gehiagorekin jardutea». Antzeko iritzia du Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak. «Azalpenak baino aitzakiak» entzun zirela deitoratu du. Hamabi goi kargu ohik «legea urratu» ostean, ebidentziak «ukatu» egin direla salatu du. Guztiz bestelako iritzia du Alberto Alonso sozialistak. «Garbiak izan ziren. Legeak esaten duena dio. Nik uste sailburuak esandakoak argi gelditu zirela», zehaztu du.

Martinez eta Estarronak bat egin dute ate birakarien afera «egiteko moduen» erakusgarri izan dela zehazterakoan. Elkarrekin Podemoseko kideak adibidetzat jarri du Alex Etxeberria, EJIEko zuzendari ohiaren ate birakariaren kasua. «Guztiz salagarria da, eta inpunitatearen erakuslea ere», zehaztu du. Josu Estarronarentzat, ate birakariena «zoritxarrez, nahiko orokortua eta normalizatua» dagoen praktika da.

Etika publikoa aztertzen duen araudiak Elkarrekin Podemosen iritziz, «gauza onak eta ahuleziak» dauzka. Aldiz, PSErentzat «dagoen moduan, ondo dago». Batzordea zaharberritu behar dela uste dute Josu Estarrona eta Iñigo Martinezek. Lehenak dio batzordeko kideak independenteak izan behar direla. Bigarrenak, berriz, baliabide eta indar gehiago behar dela.

Anonimotasun galera

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak etika publikoaren batzordean eginiko salaketa baten ostean, batzordeak berezkotzat duen anonimotasuna hautsi dela salatu du koalizioak. Ondorioz, babesa eskatu diote Legebiltzarreko Mahaiari, baina honek ukatu egin dio ostegun honetan bertan. Josu Estarronak zehaztu du mahaiak «zeresana» baduela.  

EH Bilduk eskaturiko babesaz, PSE-EEko kide den Alberto Alonsok nabarmendu du mahaiak bere subiranotasuna duela. Baita ere, ez dakiela «egia den ala ez» talde independentistak salaturikoa.

«Hitz potoloak gustatzen zaizkigu»

Olatz Garamendi «sorgin ehizaz» kexatu zen etika batzordeari buruz eskaini zuen agerraldian. Alberto Alonsorentzat, hauteskunde egoeran, adierazpenak puztu egiten dira. «Badago urduritasun bat, estrategia bat, hauteskundeak hor daude. Agian, testuinguru horretan hitzak handitu egiten dira», adierazi du.

Jaurlaritza Logoa