Zuzenean
Joseba Erremundeguy Euskal Elkargoko mugaz gaindiko kooperazioko kontseilari delegatua, Annick Trounday Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilaria (Renaissance), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Pernando Barrena (EH Bildu) europarlamentariak, Txomin Heguy Etorkinekin eta Diakiteko kidea, Anaitze Agirre Irungo Harrera Sarekoa eta Iker Barbero Zuzenbidean doktorea. Hauek dira martxoaren 23ko emankizun berezian izango diren hizlariak.
Urruñako eta Donostiako Mediabasken eta NAIZ Irratiaren erredakzioetatik aldi berean osatutako emankizuna izango da. Bi hedabideek elkarlanean gauzatu duten 'BIDEAK' egitasmoaren baitan kokatzen da eta Frantziako Gobernuak mugetako kontrolak zorrozteak bidean diren migratzaileengan izan dituen ondorioak aztertzea du helburu.
Gai nagusi bat izango da ardatz, ia Euskal Herrian migratzaileentzat pasabide seguru bat ziurtatzeko beharra dagoen. Izan ere, mugen kontrolak areagotu zirenetik arrisku gehigarriak sortu dira migratzaileentzat Irun eta Baiona arteko bidean. Zortzi hildako izan dira mugen kontrol honekin zuzenean lotuta eta aspaldian bizi gabeko egoerak sortu dira Irun eta Hendaia arteko mugan.
Nola ari dira erantzuten instituzioak erronka honi? Nola egituratu da herri ekimena migratzaileei babesa ematerako garaian? Zer dio Europak? Legezkoa da Frantziako Poliziaren jarduna? Lehen mailako mahai inguru zabal horretan aztertuko diren gaiak dira.
Zuzenean Mediabask eta NAIZen
Martxoaren 23an 19.00tatik aurrera izango da emankizun berezia, Oihana Dagerre Mediabaskeko kazetariak eta Ainara Rodriguez NAIZ Irratiko goizeko magazineko gidariak zuzenduko dute solasaldia eta zuzenean ikusi eta entzun ahalko da Mediabasken, NAIZen eta NAIZ Irratiaren frekuentzietan.