Zuzenean

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

«Gerran haurrak erbesteratu zituztenean hilabete batzuetako kontua izango zela uste zuten»

Gerra zibilean 10.000 haur gipuzkoarrek erbestera jo behar izan zuten, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Gipuzkoako Aldundiak egindako ikerketa batek zehaztu duenez. Larunbat honetan omenaldia egingo diete Donostian. Josu Chuekak eskeini dizkigu xehetasunak.

Audio_placeholder

«Gerran haurrak erbesteratu zituztenean hilabete batzuetako kontua izango zela uste zuten»

Loading player...
Josu Chueca
Josu Chueca (Naiz Irratia)

Gerra Zibilaren ondorioz Gipuzkoako 10.000 haurrek erbestea ezagutu behar izan zuten, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Aldundiak haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko egindako ikerketaren arabera. Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. 140 bizirik daude.

Ikerketan parte hartu duen Josu Chueca historialariak Naiz Irratian azaldu du orain arte egindako ikerketetan 4.000 haur inguru zeudela identifikatuak, beraz, nabarmen handitu da zenbatekoa, «sumatzen genuen gehiago izango zirela baina ez nuen uste hainbeste izango zirenik». Zehaztu duenez haurrak erbesteratzeko espedizioak Bizkaian antolatu ziren, «oraindik autonomoa zelako». Osasun azterketak egin zizkieten kanpora bidali aurretik eta andereñoak ere bildu zituzten eurekin joan zitezen.

«Espedizioak muntatu zituztenean uste zuten Errepublikak irabaziko zuela eta haurrak gerrak iraun bitartean egongo zirela kanpoan, bi edo hiru hilabetez», azaldu du Chuecak. Gertutasunagatik eta herrialdeko eragile ugarik eskeinitako babes eta laguntzagatik estatu frantziarrera joan ziren praktikoki ume guztiak. Haurren udalekuetarako prestatuta zeuden eremuetara eraman zituzten, «oso ondo egon ziren», batez ere haintzat hartuz gerra egoera bat utzi zutela atzean, «bonbak eta gosea».

Baina luzatu egin zen gerra, gero eta ume gehiago iristen zen estatu frantziarrera eta zailtasunak sortu ziren «beharrak asetzeko». Orduan planteatu zen haurrak beste herrialde batzuetara ere bidaltzea, Belgikara esaterako, «asko joan ziren bertara». Chuecak gogoratu du Britania Handiak neultraltasuna hautatu zuela Espainiako gerraren aurrean baina frankisten sarraskien berri izanda «iritzi publikoa aldatzen» joan zela eta azkenean, 1937ko apirilean 4000 haur jaso zituzten.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera ere joan ziren ume ugari, «noski, Errepublikaren alde zeuden». Bertan egondako haurrek oso ondo egon zirela kontatu dute eta historialariak nabarmendu du ikasteko aukera zabala eskeini zitzaiela. Gerra amaitzear zela edo amaitu zenean itzuli ziren etxera haurretako asko baina Errusian egon zirenen kasuan gehienak 1956. urterarte bertan egon zirela azaldu du Chuecak, beraz, 20 urte pasa zituzten erbestean.

Bildu ahal izan diren testigantzen arabera, orohar, positiboki baloratzen dituzte erbesteko egonaldiak, baina denboran luzatu izanak eta horrek eragin zuen baliabide nahiz azpiegitura faltak arazoak sortu zituela dio historialariak. Itzuleran ere izan zen arazorik, askok aita faltan zuten, ihesean, espetxean nahiz hilda zegoelako, eta orohar «ezagutzen ez zuten lurralde eta testuinguru batean» segi behar izan zuten bizitzen.

Jaurlaritza Logoa