Zuzenean

NAIZ Irratia

Fermin Alvarez: «Zientziak eskua altxatu du. Ozeanoen %30a babestu behar da»

NBEko estatu kideek itsaso zabala babestuko duen akordioa sinatu dute. 20 urteko eztabaidaren ostean, ozeanoaren %30ak babesa jasoko du. Fermin Alvarez itsas geologoaren iritziz, «aurrerapauso handia» izan da erabakia. 

Audio_placeholder

Fermin Alvarez: «Zientziak eskua altxatu du. Ozeanoen %30a babestu behar da»

Loading player...
Ocean Decade programaren interes-taldea.
Ocean Decade programaren interes-taldea. (World Metereological Organization)

Zientziak Monrealeko COP15 goi-bilkuran plazaratu zuen itsaso zabala babestearen beharra. Izan ere, ozeanoaren %64ak ez du jabetzarik. Nazioarteko urtzat jotzen dira. Fermin Alvarezen esanetan, «denona eta inorenak» dira. «Orain arte, arrantza masiborako, baliabide geologikoak zein biologikoak ustiatzeko, zientziarako eta garraiorako erabili dira. Honek eragin zuzena izan du ozeanoen osasunean».

Ustiaketa masiboaren ondorio izan dira bioaniztasunaren galera edota tenperaturen igoera. Kaltea geldiarazteko xedez, Klima Aldaketari buruzko 2009. urteko goi-bilkuran, «ozeanoen ongizatea bermatzea» erabaki zen. Fermin Alvarezek zehaztu du ekimena «polita» zein «beharrezkoa» dela. «Helburua gizakiak itsasoan duen eragina ebaluatu eta kudeatzea da», erantsi du.

Ekimen berria heldu arte, «oso kontrol gutxi» egon dela deitoratu du itsas geologoak. 1962an balekoa eman zitzaion nazioarteko uren ustiaketari, berariaz ekarri duen «ustiapen masibo industrialarekin».

«Elkarlanera behartzen ditu»

Proposamen berriak ekimena sinatu duten herrialdeen konpromisoa eskatzen du. Ituna abian jarriz gero, itsasoaren osasunaren «hobekuntza» aurreikusten du Fermin Alvarezek. Halaber, garapen bidean diren herrialdeentzako ustiapen aukera zein emaitza zientifikoen publikotasuna sortuko da.

«Ongi etorria da akordio hau»

Greenpeace antolakunde ekologistak begi onez ikusi du ekimena. Lorea Flores, talde ekologistaren Euskadiko koordinatzaileak ongi etorria eman dio proposamenari. «Hobe berandu, inoiz baino. Lorpen handia dela uste dugu». «Minimotako akordioa» izan arren, balioan jarri du itsas espezientzako babesguneen sorrera.

 

Jaurlaritza Logoa