Zuzenean

Naiz Irratia

«Orain hamar urte baino herri hobea gara, jarrera eraikitzailea dugu bakegintzan»

Hamaika enbata eta buruhausteri egin behar izan dio aurre Foro Sozial Iraunkorrak bere hamar urteko ibilbidean, baina horiei ateratako zukuak herri hobeago bat ekarri duela sinetsita dago Agus Hernan bozeramailea. Berarekin hitz egin dugu agurraren atarian.

Audio_placeholder

«Orain hamar urte baino herri hobea gara, jarrera eraikitzailea dugu bakegintzan»

Loading player...
Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea.
Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea. (Foro Social)

Hamar urteko ibilbidearen ostean, sentsazio onak ditu Agus Hernanek. Gora-beherak gora behera, ibilbidea «emankorra» izan dela dio, baina konbentzituta dago «fase bat amaitu dela eta beste bat abiatzear» dela. Azken hori, ordea, «erabat baldintzatuta» egongo da laister hasiko den ziklo elektoralengatik.

2013an egin zituen lehen bilkurak gerora Foro Sozialaren ernamuina izango zenak; 2016an eratu zen formalki, eta orain artekoa «oso baikorra» izan dela dio Hernanek. Ez zuen sekula pentsatu hamar urteren ostean bakegintza prozesua puntu honetan izango zenik. Osloko prozesuaren porrotaren liseriketa egitetik zetozen orduan: «Garaiak okerrak ziren, deskonfidantzak solidifikatu egin ziren garai haietan». Eta alde horretatik argi dio, jarrerak horren polarizatuta izan diren urte hauetan, asko kosta dela «konfidantza esparruak berreraikitzea».

Ez du zalantzarik, ordea, «herri gisa asko hobetu» garenik: «Aspektu humano batetik, urte guzti hauetako lanketan agerikoa izan da biktimek zabaldu duten mezua: 'Gu gai izan bagara, zuek zergatik ez zarete izango'; horrek lortu du beste sektore batzuk bustitzea. Enpatia sortu da, adostasunak eraikitzea aurrekoarekin desadostasunean egon arren. Uste dugu gai hauekiko askoz ere jarrera eraikitzaileagoa dagoela egun».

Baina ibilbidea ez da samurra izan, noski; harri kozkorrak ere topatu dituzte bidean, batzuk, «korapilo handiak» izan direnak. Baina denbora eta lanketa eskatu duten arren, horiek gainditzeko gai izan direla ere jarri du balorean.

Iheslari eta deportatuak

Asko izan dira Foro Sozial Iraunkorrak erdietsitako lorpenak, eta bere agurrean, ez dira gutxi egiteke uzten dituen zereginak. Horietako batzuk zerrendatu ditu Hernanek, iheslari eta deportatuen behin betiko soluzioa erdiestea esaterako; onartu du auzi hau ez dagoela gaur gaurkoz agendetan. Eta honekin batera ere badira gehiago. Baina uste du gizarte eragileek egingo dituztela bere, eta alde horretatik, ziur da azken burura eramango dituztela.


Jaurlaritza Logoa