Zuzenean

Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak Bilbotik jarraitu du martxoaren 8ko mobilizazioa. Bildutako jendetzaz «pozik» agertu da. Halaber, «inflexio puntua» izan da greba orokor feminista proposatu izana. M8aren bueltan sortzen diren indarrak «metatzeko beharra» ikusi du Bilgune Feministak. «Guretzat oso tresna garrantzitsua da. Feminismotik ere klase ikuspegia mahai gainean jarri behar dugu. Guk ere baldintza materialen hobekuntza behar dugu».
Zaintza eskubidearen baitan kokatu dute greba aldarrikapena. Bilgune Feministako kideak aldarrikatu du «eskubide unibertsal eta kolektiboa» izatea. «Duintasunez zainduak izateko eskubidea eduki behar dugu, baita ere, duintasunez zaintzeko», zehaztu du.
Naia Torrealdaik egungo zaintza ereduaren «negozio» izaera salatu du. «Erresidentzietako pribatizazioak eta etxeko langileen ez erregularizazioan dagoen negozioarekin bukatu nahi dugu, zaintza eskubidea izan dadin».
Oraingoz, greba orokorraren proposamenak ez du data zehatzik. Bilgune Feministak «eragile askorekin» eraiki nahi du jardunaldia, prozesuari «garrantzia» emateaz gain.