Zuzenean

“Araba eta Burgos arteko uharte bizkaitar bat“. Horrela definitu genezake Urduña.
Urduña Bizkaiko udalerririk hegoaldekoena da. Nerbioi ibarrean dago, Arabako eta Burgosko lurrez inguratua. Hortaz, Arabako Aiaraldea eskualdeko herritzat ere har daiteke, arrazoi geografikoak direla kausa. Gainera, Urduña da hiri titulua duen Bizkaiko biztanlegune bakarra. Guztira, 4.100 biztanle inguru ditu. Gorobel mendilerroaren azpian dago udalerria, Txarlazo mendia gainean daukala. Urduñako mendatea urteetan izan da Euskal Herritik Gaztelara joateko bide nagusia.
Urduña 1229. urtean sortu zen, Bizkaiko jaurerriaren seigarren jauna zen Lope Diaz Harokoak hiri-gutuna eman zionean. Gaztelako Erresuman ekoizten zen artilea hiribildu honetatik garraiatzen zuten Ipar Europarako bidean. Hori dela eta, Enrike IV.ak Bizkaiko Jaurerriko hiri izendapena eman zion. 1535. urtean sute handi baten ondorioz hiri osoa kiskaltzeko zorian egon zen.
Herriko plazan bertan dago udaletxea. Bertan sartu, eta Itziar Biguri alkatearekin hitz egiteko aukera izan dugu. Udalgintzaren balorazioa, erronka nagusiak, Urduñaren izaera berezia (Bizkaia izan arren, geografikoki Araban kokatuta bait dago), hilerriaren indusketak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen eskutik, duintasunaren kolumnarioa, eta ospetsuak diren otxomaio jaiak izan ditu hizpide Biguri alkateak.
Herri guztiek dute herrikoak propio diren jaiak, baita Urduñak ere. Urduñako Otxomaioak Tradizio handiko jaiak dira. Izenak berak adierazten duenez, maiatzaren 8an ekartzen dute gogora herriko biztanleek Antiguako Amaren, Urduñako zaindariaren, agerraldia. Egun horretan, bertako agintariak, mazolariak eta turuta jotzaileak lagun dituztela, Antiguako Amaren santutegira joaten dira Ama Birjina gurtzeko. Pare bat egun lehenago ematen zaie hasiera ofiziala Otxomaioei, txupinazioarekin. Otxomaio jaiak 1600. urteaz geroztik egiten dira hiriko eta bailarako zaindaria den Antiguako Andra Mariaren omenez.Maiatzaren erdialdera bitartean, jarduera anitz prestatu ohi dituzte: kirol-ekitaldiak, mota askotako txapelketak, abeltzaintza azokak, dantza eta antzerki emanaldiak, kontzertuak, zezenketak, kalejirak, haurrentzako ekintza berezi ugari eta herri-bazkariak.
Egoera soziolinguistikoa ere berezia da Urduñan. Izan ere, 20 urtetan Euskararen erabilera 5 puntu igo egin da, ia zerotik abiatuta. Urduñako euskararen kale erabilera datuen aurkezpena egin zuten pasa den azaroan, Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak eta Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarrizek gidatuta. Banan-banan aletu zuten hirian bildutako informazioa