Zuzenean

NAIZ Irratia

Katti Goikoetxea: «Nafarroan benetako berdintasuna lortzeko 67 urte behar dira oraindik»

Nafarroako Estatistika Institutuak 2090. urtean kokatu du berdintasunezko gizartea. Datua ikusirik, abiadura «handitzeko» beharra ikusten du, Katti Goikoetxea Nafarroako Berdintasun Institutuko teknikariak. «Erabateko berdintasunik gabe, ez da erabateko demokraziarik egongo», berretsi du.  

Audio_placeholder

Katti Goikoetxea: «Nafarroan benetako berdintasuna lortzeko 67 urte behar dira oraindik»

Loading player...
La reivindicación de «Justicia feminista» llega a la Plaza del Castillo de Iruñea.
La reivindicación de «Justicia feminista» llega a la Plaza del Castillo de Iruñea. (Jagoba Manterola | Foku)

'Zuregatik, guztiengatik' lelopean igaroko da aurtengo Emakumearen Nazioarteko Eguna Nafarroan. «Sentsibilizazio eta aintzatespenean» oinarritu dira herrialdeko institutu publikoaren ekintzak. Eguna nahitaezko jo du Katti Goikoetxea teknikariak. «Beharrezkoa da arrakalak ikustarazteko, emakumeen ekarpenak nabarmentzeko eta bidea markatzeko», adierazi du.

Kanpaina instituzionalak hiru protagonista ezberdin dauzka: adineko emakumea, migratutako emakume ertaina eta haurra. Hiru figura hauetan irudikatu nahi izan dituzte lorturiko legeak, emakumeen aniztasuna zein etorkizuna. Xedea emakume guztiei «eskerra ematea» da.

Berdintasuna helburu, pausu garrantzitsuak eman direla baieztatu du Katti Goikoetxeak. Emakumearen aurkako indarkeriari aurka egiteko legea eta ekintza plana, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren legea eta emakumea zein gizonaren arteko 2019ko berdintasun legea azpimarratu ditu. «Legeek eskubideak bermatzen dituzte. Garrantzizkoa da, sozialki akordioak egon direlako».

Halaber, berdintasun formala eta benetakoa ez direla gauza bera oroitarazi du. «Legeek ageriko diskriminazioak ekiditzen dituzten arren, oraindik beharrezkoa da kultura eta gizarte oztopoak kentzea», nabarmendu du. Goikoetxeak «arrakala asko» daudela onartu du. Hala nola, indarkeria, estereotipo, zaintzen erantzukizun edota parte-hartzean. Beharrezkotzat jo du «gizarte eraldaketa» bat. Testuinguru honen adibidea da Nafarroako Estatistika Institutuaren aurreikuspena. Benetako berdintasuna 2090. urterako aurreikusi du. Abiadura «handitzeko» beharra ikusi du Nafarroako Berdintasun Institutuko teknikariak.

«Lau ardatz nagusiak»

Katti Goikoetxeak lau lan ildo ezberdin identifikatu ditu: politika publikoak, indarkeria, berdintasuna eta zainketak. Lehen lan-arloan, «zeharkakotasuna» ezarri izana nabarmendu du. Hau da, genero ikuspegia plan eta proiektu guztietan aplikatzea. «Nafarroako Gobernuak eta administrazio publikoek bultzatzen dituzten proiektu guztiek kontuan hartu behar dute emakumeei nola eragiten dien, eta ia arrakalak murrizten laguntzen duten. Hala ez bada, neurri zuzentzaileak aplikatuz».

Indarkeriaren lan-arlotik «errekurtso gehiago eta arreta gehiago» egiten direla esan du Goikoetxeak. Baita ere, prostituzioa, emakumeen salerosketa zein mutilazio genitalean «arreta berezia» eskaintzen diete.

Institutuak «zainketaren filosofia aitzindaria» bultzatzen ari dela aipatu du Katti Goikoetxeak. 2005eko tokiko itunetatik aldaketa egon arren, «haratago» joateko beharra ikusi du. «Pandemiak argi utzi zuen zainketa lanen banaketa ez dela inolaz ere ekitatibo. Emakumeok jarraitzen dugu ardura hori izaten, eta honek gure bizitza pertsonalean, familia bizitzan eta lan bizitzan eragiten du». Itunen helburua gizartearen antolaketa, ekonomia eta politikan zainketek duten  garrantzia «aintzat hartzea eta aldaketa sustatzea» da.

«Berdintasunarekin bakarrik izango da posible gizarte demokratikoa»

Nafarroako Berdintasun Institutuak sustaturiko kanpainak demokrazia interpelatu du. «Berdintasunik gabe, eta emakumeen erabateko parte-hartzerik gabe, ez da erabateko demokraziarik egongo» ebatzi du Katti Goikoetxeak.

 

Jaurlaritza Logoa