Zuzenean

Garazi Castaño

Azalberrituta eta indartsu, bueltan da EHZ

27 urte beteko ditu aurten EHZk eta, oraingoan ere, indartsu dator jaialdia. «Etengabe azalberritzen» lelopean aurkeztu zuten larunbatean Larzabalen 2023ko edizioa. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitarte ospatuko da, Irisarrin.

Audio_placeholder

Azalberrituta eta indartsu, bueltan da EHZ

Loading player...
Larzabalen aurkeztu zuten EHZko aurtengo edizioa
Larzabalen aurkeztu zuten EHZko aurtengo edizioa (Patxi Beltzaiz)

EHZ etengabe eraberritzen ari den proiektua dela azpimarratu du talde eragileak. Belaunaldi bakoitzak bere neurria moldatu baitu jaialdia, unean uneko testuinguruaren beharrei erantzunez.

2019an hartu zuen gidaritza lantalde berriak. Irisarrira lekualdaketa sustatu zuen; proiektuak bizi zuen noraezari aurre egin, eta bultzada berri bat eman zion jaialdiari.

Positiboki baloratzen dute egindako lana, jaialdiak jendea gerturatzea lortzen jarraitzen duelako. Antolakuntzan zein bolondresen txandetara gazte pilo bat animatzen ari dela azpimarratu du Julen Oillarburu antolakuntzako kideak.

Musikalki EHZk badu ezaugarri nagusi bat: genero-aniztasuna. Kartela osatuko duten izen batzuk ezagutarazi dituzue jada: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare. Ertzak konpainiaren ‘Otempodiz’ emankizuna ere eskainiko da herriko plazan.

Oraindik sorpresa asko izango direla azaldu du Oillarburuk. Gaineratu du, genero-oreka zaindu dutela oholtza gainean izango diren artistei dagokionez. Eta ildo beretik, azken urtetako lanketaren bitartez, Erasoen Kontrako Brigadak denontzako espazio eroso eta segurua izan dadin lanean diharduela.

Hiru eguneko jarduna baino gehiago da EHZ. Pasa den urtean Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan saio pedagogikoak antolatu zituzten euskal kulturaren garrantziaren transmisioa jorratu nahian. Aurten ere formula errepikatuko dute.

Jaurlaritza Logoa