Zuzenean

Bigarren Kafea

Josune Arakistain:  «Ibilbide oparo honek eman dit sorkuntzatik bizitzeko esperantza»

Huntza Taldearen agurra iragarri zuten duela egun gutxi. Badoaz bidean hamaika plaza eta bizipen eta euskal imaginarioan txertatuta geratuko diren beste hainbat kanta. Josune Arakistain taldeko kidearekin aztertu dugu bide hori eta etorkizunak emateko duena. 

Audio_placeholder

Josune Arakistain:  «Ibilbide oparo honek eman dit sorkuntzatik bizitzeko esperantza»

Loading player...

Sorkuntzarekin duguna ere amodio istorio bat ez ote da askotan, aldapan gora egin behar denean zaila baita gauzak lasai lasai hartzea, Itakarako bidean, olatu bat, bi olatu, baino ezin ito,  iñundik iñoare, eta jarraitu behar, asunen kontra, baina maitasunez. Bihotzari lana buruak ematen diola entzun diogu Huntzari kantu batean, eta gaurkoan, Josune Arakistain abeslari eta trikitilaria izan dugu gurean taldeak iragarri berri duen etenaldi mugagabeaz, atzean utzitako bideaz eta etorkizunak duen tankeraz aritzeko. 

Duela egun gutxi iragarri zuen Huntza taldeak datorren urtean etenaldi mugagabe bat egingo duela. Bidean lau disko, ehunka abesti eta mila plaza. 10 urteko ibilbide oparori agur esan eta erronka berriei heldu nahi die Josunek, baina agurrak beti dira emozioz beterikoak. 

«Egia esan, gorabeheratsu nabil, emozioz tope, batzuetan alai, besteetan negarrez, errusiar mendi baten moduan» aitortu du Arakistainek. Izan ere, ibilbide oparoa izan du taldeak azken urteotan, lehen diskoarekin entzule ugari lortu eta taldea plazaz plaza hasi baitzen kontzertuak bata bestearen atzetik eskainiz. 

«Hasieran dena izan zen zurrunbilo oso inozente bat, espero gabe etorri zena, eta orain arrotz sentitzen dut hasiera hori» azaldu du, eta baita gaineratu «Hamar urte hauetan asko aldatu naiz, Huntzak moldatu nau hein haundi batean pertsona bezala, eta bizitzako etapa oso garrantzitsu bezala sentitzen dut».

Huntzari «arrakasta» abiadura handiegien etorri zitzaion, eta bidean ikasten diren lekzio horiek azkarregi etorri ote ziren galdetu diogu Josuneri. 

«Hasierako birak disfrutatzen nituen modu batean, baina orain konsziente naiz ez nuela guztiz disfrutatzen, handiegi etorri zelako dena, ez genuen idea handirik eta dena zen berria» onartu du. 

Arakistainek dio Denborarekin, plazak «leku bat» eman diola, «nire eta gure musika egin ahal izateko, disfrutatzen dudan hori egiten disfrutatzeko leku bat izan da, babesten zaituen jendearekin gainera». 

Sorkuntza prozesua zenbat disfrutatzen duen kontatu digu Josunek, eta intimitatean sortutako horiek erakutsi eta abestean sentitzen den amildegi horren inguruan aritu da. «Egia da sorkuntza prozesuak barnekoak eta intimoak izan ohi direla, eta gero ikustea jendeari gustatzen zaiola… horrek zentzu bat ematen dio egiten ari zaren horri. Guk lagunentzako eta etxekoentzako sortu genuen lehen diskoa, eta jasotako erantzuna bizitza honetan geratu zaidan gauzarik polittena izan zen».

Sune proiektu berria abian du, sormena lehen lerroan jarri, eta bidean bere jarduna profesionalizatzeko asmoa piztu zaiola ere aipatu digu. «Egia da bolada bat izan nuela gauzak asko planteatu eta nire norabidea zein zen pentsatu nuena, nere buruari galdetu nion sorkuntzatik bizitzeko aukerari aukera bat eman nahi ote nion. Musika irakaslea naiz, eta gaur egun ere galdetzen diot ea nire bizitzako zentralidade nagusia hori izan behar ote den. Eta Huntzak eman dit nire sorkuntzatik bizitzeko esperantza» azpimarratu du Huntza taldeko kideak.

Zaurgarritasunaz, bidearen argilunez, profesionalizazioaz, trikitixaren fenomenoaz, letren garrantziaz eta beste hainbat gauzen inguruan aritu gara Josune Arakistainekin. 

Jaurlaritza Logoa