Zuzenean

Arraute Sarrikotako Zamakoitz etxea
Arraute Sarrikotako Zamakoitz etxea gaur egun. 1937an 120 donostiar eta bidasotar hartu zituen (Peli Lekuona | NAIZ Irratia)
Jean Claude Mailharin
Jean Claude Mailharinek bertakoek Zamakoitz etxeaz dakitena gogoratu du. (Peli Lekuona | NAIZ Irratia)
Jose Guezala Garmendia eta Maria Perez Aparicio oiartzuarren hobia Sarrikotako hilerrian
Zamakoitzen babes hartu zuten Jose Guezala Garmendia eta Maria Perez Aparicio oiartzuarren hobia Sarrikotako hilerrian (Peli Lekuona | NAIZ Irratia)
Bidasoatik Amikuzera gerturaturiko bisitari taldea.
Bidasoatik Amikuzera gerturaturiko bisitari taldea. (Peli Lekuona | NAIZ Irratia)
Peli Lekuona

Zamakoitz, 1937ko iheslarien babesleku

1936ko kolpearen ondorioz dozenaka lagunek Arrueta-Sarrikotako (Nafarroa Beherea) Zamakoitz etxean hartu zuten aterpe. Bertara goaz aste honetako ‘Hemen gertatu zen’ saioan, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren arrastoaren atzetik. 

Audio_placeholder

Zamakoitz, 1937ko iheslarien babesleku

Loading player...
Bidasoatik Amikuzera gerturaturiko bisitari taldea.
Bidasoatik Amikuzera gerturaturiko bisitari taldea. (Peli Lekuona | NAIZ Irratia)

Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen eskutik Nafarroa Behereko Arrueta eta Sarrikotara goaz. Bertan izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari eta politikari errepublikano irundarra.

Zamakoitz etxea babesleku izan zuten dozenaka gipuzkoarrek 1936ko estatu kolpearen ondoren, tartean garai hartan ezaguna zen Lopetegi bertsolariak. Dagoeneko 80 urte bete dira haren heriotzaz eta bere gorpuzkiak Nafarroa Beherean gelditu ziren, ez dakigu non zehazki. Hauek bilatu nahian zein Zamakoitz babeslekua ezagutzeko bertan izan da elkartearen inguruko bidasotar talde bat.

Egun Arruetako hilerria guztiz eraldatuta dago, hobi zaharrak berriztatu baitituzte. Honela, 1942an lurperatutako Joxe Mari Lopetegiren hobia galdu da. Arruetako hilerritik Zamakoitz etxera bidean Bide Berri etxearekin gurutzatu da taldea; heriotzera arte Joxe Mari Lopetegi jaso zuen.

Zamakoitz babeslekua ere moldatuta eta berrituta topatu dute. Juan Mari Arrospide Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideak dioenez, «hainbat eta hainbat jende» pasa zen babeslekutik, batez ere Irundik eta Hondarribiatik etorritakoak, baina nafarrak eta Estatu espainoleko beste hainbat tokitatik ere hara joan ziren. Guztira 100 eta 200 errefuxiatu artean jaso zituen Zamakoitzek, Eusko Jaurlaritzak ordainduta.

Espainiar Errepublikako Gobernuko ordezkari batek Zamakoitz etxearen deskribapen sakona egin zuen. Bertan azaltzen du Arrospidek esandakoa, 3, 4 eta 6 ohe arteko logelen banatzeak «enbalatzeko kartoiarekin» eginda zeudela, errefuxiatuek egindako altzariekin. Etxeak «bere apaltasunaren barruan itxura garbia, atsegina eta familiarra eskaintzen zuela» esan zuen.

Joxan Elosegi itzultzaileak ‘Joxe Mari Lopetegi Errepublikanoen bertsolaria» liburua argitaratu zuen 2004. urtean, bertsolariaren bizitza, bertsoak eta jardun politikoa jasoz. Bera ere Nafarroa Beherera egindako bidaian egon da.

Mutil gazteak frontean geratzen ziren bitartean, adineko jendea, haurrak eta emakumeak babes bila joan zirenak izan zirela dio Elosegik. 1937an jada antolatzen hasi zen eta 1940an Bigarren Mundu Gerra hasi zen arte iraun zuen. Han egon zirenen izenen zerrenda bertako aldizkari batean argitaratu zen, batzuk agertzen ez diren arren.

Lopetegi Klaudio Urtizberea lagunarekin ospitaleetara bidaltzeko makilen bila mendira joaten eguna pasatzen omen zuen, baina bertsoak eta Jose Antonio Agirreri zuzendutako gutunak ere idatzi zituen, bere heriotza agirian saskigilea zela jartzen duen arren.

«Goitik beherako errepublikanoa»

1875ean sortu zen Irunen, Santiago kaleko lehenengo etxean, eta hango «ezagunetako bat» zen, Elosegiren hitzetan. Bertsoak idazteaz gain inprobisatu ere egiten zuen. Oso gaztetatik «goitik beherako errepublikanoa» izan zen eta jaioterrian zinegotzi izan zen 1910etik aurrera.

Igeltseroen patroia izan zenez, ezker muturrekoak lagun zituen eta karlisten «etsai borrokatua» izan zen. Elosegik nabarmendu duenez. «Euskalduna zen eta ez abertzalea», baina «euskararen alde egin zuen beti». Funtsean, «Gerra Zibila ezagutu zuten bertsolarietatik egia aintzat hartu zuenetako bat» izan zen Lopetegi Joxan Elosegirentzat.

Jose, Maria eta Romualdo

Sarrikotako hilerriak, bestalde, ez du aldaketa nabarmenik izan azken 85 urteetan. Honen irudiko dira Jose Guezala Garmendia, Maria Perez Aparicio oiartzuarren eta Romualdo Iriazabal hondarribiarraren hobiak, 1938an, 1939an eta 1940an hildakoak, hurrenez hurren.

Jean Pierre Mendiboure eta Jean Claude Mailharin baxenafartarrak izan dira bidaia honetako gidariak. Hauei errefuxiatuen berri izan ote duten galdetuta, Mailharinek onartu du gurasoek aipatu izan ziotela errefuxiatuak egon zirela herrian. Gainera, errotekiko duen afizioagatik Sarrikota etxeko maizterrek erabiltzen zuten iturria aurkitu du, errefuxiatuek konpondutakoa.

Jaurlaritza Logoa