Zuzenean

«2000. urtetik Turkiako eraikuntzek arau sismo-erresistente bat bete behar dute»

Lurrikarak jasateko probabilidade handia duen zonaldea da Turkia eta Siria ingurua. 1999. urtean 20.000 hildako eragin zituen lur astindu handi batek Turkian. Oraingoak suntsitu dituen eraikuntza asko aurrez eraikitakoak direla uste du Eneko Iriarte geologoak.

Audio_placeholder

«2000. urtetik Turkiako eraikuntzek arau sismo-erresistente bat bete behar dute»

Loading player...
Turkia mendebaldean, Izmirren, lurrikarak kaltetutako eraikin bat. (HANDOUT/AFP)
Turkia mendebaldean, Izmirren, lurrikarak kaltetutako eraikin bat. (HANDOUT/AFP)

Eneko Iriarte geologian doktorea eta paleo-ambientaletan aditua, irakaslea da Burgoseko unibertsitatean eta Aranzadi zientzia elkarteko Geologia Saileko kidea ere bada. Turkia, Siria eta Kurdistanen milaka eta milaka heriotza eragin dituzten lurrikarei begiratu diegu aditu honen eskutik.

Turkian «nahiko barneratuta» dute lurrikaren aurrean nola jokatu behar duten, 1999. urteko lurrikarak 20.000 hildako eragin ostean. Lur mugimenduak ohikoak dira zonaldean baina «normalean askoz txikiagoak» dira Iriarteren esanetan. Egiazki «ehundaka» lurrikara izan dira azken egunetan, erreplika asko, 6 graduen gainekoak hainbat, gehienak magnitude horren azpikoak izan diren arren. Geologoak azaldu du Turkia, Siria eta Kurdistanen txikizioa eragin duten 7,8 graduko lurrikararen eta ondoren izandako 7,5eko erreplika handiaren artean aldea nabarmena dela, «dezima bakarrean energia izugarri aldatzen da, 32 aldiz handiagoa da».

Erreplika berriak gerta daitezkeela ohartarazi du eta hala izanez gero, lehen lurrikaretan kalte nahiko handiak jasan dituzten eraikinak behera eror litezkeela. Siria iparraldean egondakoa da Iriarte eta azaldu du bertako eraikin asko baxuak direla, elkarri itsatsita daudela eta bat hausten denean normalean ingurukoak ere erori egiten direla.

«Desgrazia ahalik eta txikiena»

Iriarteren esanetan, «geologiaren ezagutzak» hainbat jarraibide eskeintzen ditu lurrikaren «desgraziak ahalik eta txikienak izateko». Baieztatu du «lana ondo eginez gero» kalteak txikitzea lor daitekeela, beti ere aurre lanketa egiteko aukera badago, tartean eraikinak halako mehatsuetarako prestatzen badira. Sirian, ordea, 11 urteko gerraren ostean egoera zinez kaskarra da eta azken urteetan suntsituriko eraikinak ahal bezala berreraiki dituzte, ondorioz, lurrikara handi bat iristi denean behera joan dira denak «oso erraz».

Turkian, berriz, 1999. urtean 20.000 hildako eragin zituen lurrikararen ostean, eraikuntzek «arau sismo-erresistente bat» bete behar dute. Iriarteren ustez orain txikituta geratu diren eraikin asko aurrez eraikitakoak izango dira ziurrenik.

 

 

 

 

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa