Zuzenean

Sonia Martinez: «Mañeru irla batean gelditu da»

Ika-mika eragin du Mañeru eremu mistoan sartzeari emandako ezetzak. Udalak aho batez eskaria egin arren, Parlamentuak prozedura eten du. Sonia Martinez zinegotzia ziur da borrokaren jarraipenaz. «Herriaren nahia da», baieztatu du. Bestelako esperientzia izan zuen Oteitzak 2017an.

Audio_placeholder

Sonia Martinez: «Mañeru irla batean gelditu da»

Loading player...
Euskararen Defentsarako Sareak Mañeruren sustenguz antolaturiko elkarretaratzea.
Euskararen Defentsarako Sareak Mañeruren sustenguz antolaturiko elkarretaratzea. (@hordagonafarroa)

«Parlamentuan entzundakoa eta hartutako erabakia pena eta amorru handiarekin bizi dugu», ziurtatu du Sonia Martinez Mañeruko zinegotziak. Udalbatza zazpi zinegotzi independentek osatzen dute, eta aho batez onartu zuten herria eremu mistoan sartzeko eskaera.

Nahia 2017. urtean piztu zen, Lizarraldeko hainbat herri eremu mistoan barneratu zirenean. «Mañeru eremu mistoan sartzeko sinadura bilketa egin genuen, eta hor ikusi zen erroldaren erdia baino gehiago alde zegoela». Oteitza izan zen eremu mistoko herri bilakatu zen herrietako bat. Bertako bizilaguna den Ekhiotz Martinezek aldaketa Nafarroak izan zuen Gobernu aldaketari egotzi dio. «Zirrikitu bat ireki zen. Olatu bat sortu zen, eta Oteitza horren parte izan zen», erantsi du.

Aldaketa burutu arren, prozesua ez zela samurra izan nabarmendu du Prietok. «Herri borondatea erreferendum bidez irabazi behar izan genuen. Momentuan mamuak zabaldu ziren nonahi. Kanpaina bortitza egon zen. Administrazioaren langileak edo erdaraz soilik ikasi nahi zutenak beldur zirenez, eztabaida bizia piztu zen. Udala ez zen argi eta garbi posizionatu. Azkenean, mobilizazioen bitartez lortu genuen Udalakk herri galdeketa bat planteatzea». Egoera Mañerurekin alderatuz gero, berezitasuna hezkuntza da. «Euskaraz bizi eta ikasteko nahia argia da. Garesko eskola publikora joaten diren 42 ikasleetatik denek aukeratu dute euskaraz egitea ikasketak: 27 D ereduan eta 15 A ereduan».

«Ez dugu ulertzen. Euskara zabaltzearen beldurra dago»

Mañeruko bizilagunentzat muga bilakatu da PSN eta Navarra Sumak osaturiko ententea. Sonia Martinezek dionez, eskaerak ez ditu inoren eskubideak urratzen, Parlamentuaren erantzunak egin moduan.

Parlamentuan buruturiko eztabaidan, Navarra Sumako Carlos Perez Nievasek baieztatu zuen seguru aski udalbatzako kide asko ez direla euskaraz mintzatzen. Errealitatea bestelakoa dela erantzun du Martinezek: «Ez da informatu ere egin. Zazpi gara, eta sei euskaldunak. Zazpigarrena ikasten ari da».

Jaurlaritza Logoa