Zuzenean

NAIZ
Elkarrizketa
Igor Beitilarringoitia
Lezetxikiko lagunak taldeko kidea

«Arkeologikoki potentzial altuko zonaldea da eta AHTa horren gainetik pasa da»

Arrasateko Lezetxikin, kalte nabariak eragin ditu AHTren egitasmoak. Eskualdeko Lezetxikiko lagunak espeleologia taldeak erakutsi zituen asteazken honetan eta haietako bat, Igor Beitilarringoitia, NAIZ Irratian izan da gaur goizean. «Sarraski bat topatu genuen».

Audio_placeholder

«Arkeologikoki potentzial altuko zonaldea da eta AHTa horren gainetik pasa da»

Loading player...

Lezetxikin aurkitu zuen Jose Miel Barandiaranek Euskal Herriko gizaki aztarnarik zaharrena, emakume baten besondoa, duela 80.000 urtetakoa. Haginak ere agertu dira, eta zonalde guztia, karstikoa izanda, kobazulo eta galeriaz josita dago. «Arkeologikoki potentzial altuko zonaldea da. Animalia aztarna asko ere topatu dira inguruan. Eta AHT horren gainetik pasa da», adierazi du Igor Beitilarringoitiak NAIZ Irratian.

Atzo eman zuten jakitera Lezetxikin AHTaren lanek kalte nabarmenak eragin dituztela. «Duela bi urte, Lezetxikiko amaierako galerietara doan bide batetik gindoazela, galeria batera sartzerako orduan konturatu ginen dena kareharrizko blokeekin estalita zegoela eta guztiz taponatuta zegoela galeria horretarako sarrera». Bi urte eman dituzte, bide alternatibo baten bila eta eta duela bi aste jakin zuten bazegoela bertara iristeko beste aukera bat.

«Kobazulo guztia goitik pasatzen duen beste galeria bat da. Bertara iristea lortu genuen eta ikusi genuen sabai guztia hondoratuta zegoela, azpiko galeria zegoela guztiz harriz beteta. Berez hor 15 metroko rapel bat zegoen beheko galeriara jaisteko eta ezin zen ingurua ezagutu ere egin», azaldu du.

Harri guzti horiek nondik erori ziren bilatzeko orduan sare edo metalezko xafla batzuk ikusi zituzten. Rapel baten bidez iritsi behar zen bertara, eta orduan material egokia ez zutenez, urtarrilaren 28an itzuli ziren «sarraski guzti hori» topatuz.

Bingen Zupiria, Lakuako Gobernuko bozeramailea, ere izan da NAIZ Irratian eta bertan nabarmendu du «kalteturiko eremua ez dela eremu babestua», eta ikusmira espeleologoengan ere jarri du, bertara iristeko baimenik ote zuten zalantzan jarriz. Beitilarringoitiak, ordea, kaltetutako lezearen sarrera babestuko eremuan dagoela baieztatu du, nahiz-eta erorketa izan den eremua gune horretatik kanpo egon.

Kalteek duten garrantzia nabarmendu du arrasatearrak: «Arrasatearrontzat, kobazulotan ibiltzen garen guztiak Leizetxikin batailatu gara. Eta erori den zonalde hau politenetakoa zen. Estalaktita berezi batzuk zituen, oso txuriak. Orain dena lurpean dago».

Aloñamendi espeleologo taldeak ere duela bi urte aipatu zuen, kobazuloaren erdialdean «musikagela» deitzen den zonalde bat dago, «silofono» gisa ere ezaguna. «Estalaktita batzuk daude zeintzuk behatzekin joz gero nota ezberdinak ateratzen dituztela eta horren gaineko sabaia kendu egin zuten eta portlandez estali», jakinarazi du Beitilarringoitiak.

Jaurlaritza Logoa