Zuzenean

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

«'Soilik bai da bai' legeari aldaketak egitekotan ados egongo gara, muina ukitzen ez bada»

Eskuinak Berdintasun Ministerioaren legearen aurka abiarazitako «kanpaina bortitza» salatu du Mertxe Aizpuruak azpimarratuz «aipatzen ez diren elementu asko» dituela. Legeen benetako eragina ikusteko denbora behar dela gogoratu du, «lege honi ez zaio denborarik eman frogatzeko zertarako den gai». 

Audio_placeholder

«'Soilik bai da bai' legeari aldaketak egitekotan ados egongo gara, muina ukitzen ez bada»

Loading player...

'Soilik bai da bai' legearen defentsa irmoa egin du Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak Naiz Irratian eta sortu den gatazka, besteak beste, legearen interpretazioarekin lotu du, «Euskal Herrian asko dakigu horretaz». Edonola, gakoa «aldez aurretik prestatutako kanpaina izugarri eta bortitz» bat dela uste du, «politika feministen eta ministeritza zehatz baten aurka» egiteko. Aitortu du legearen inguruan sortu den eztabaidak «alarma» piztu duela jendearengan eta eskuinaren helburua hori bera zela ohartarazi du. Orain legea aldatzen bada EH Bildu ados egongo da beti ere «muina, emakumearen aldeko adostasuna ez bada ikutzen» eta moldaketa oro «Berdintasun Ministeritzaren adostasunarekin» egiten bada.

Legearen bertuteei begira, «argi eta garbi eduki behar dugu emakumeen defentsarako egin den legea bat dela», aldarrikatu du Aizpuruak, gaineratuz «hainbat sektore kontserbadoreetan» ez dute «begi onez» ikusi egitasmoa. Lege berriak aipatzen ez diren elementu asko dituela azpimarratu du baina fokua soilik «murriztu diren zigorretan» jarri dela. Honi lotuta, legeen benetako eragina ikusteko denbora behar izaten dela gogoratu du, «lege honi ez zaio denborarik eman frogatzeko zertarako den gai».

Murriztu diren zigorrek sortu duten polemikaren aurrean, «batzuk» izan direla, zenbait kasutan murrizketak ez direla «hainbestekoak» izan eta hainbat kasutan «epaileek larrigarriak izan zitezkeen» elementuak ez dituztela kontuan hartu zehaztu ostean, lege berria osotasunean haintzat hartu behar dela defendatu du. «Legeak emakumeen eskubideak gehiago babesten ditu, ez da soilik zigorretan oinarritzen, beste hainbat neurri ditu, adibidez, sexu erasoa salatzen duzun momentutik laguntza ematen du orain arteko legeak ez bezala», adierazi du.

Sakondu du gehiago zigorren auziaren inguruan eta galdera egin du, «zigor gogorragoak behar dira beti ondo zigortzekpo eta lege bat eraginkorra izateko?». Aizpuruak ezetz dio, baina uste du hala kontsideratzeak «ikuspegi aldaketa» bat eskatzen duela.

Mozal Legea, «promesa bete dezala PSOEk»

Mozal Legea erreformatzeko ponentzia asteazken honetan bilduko da Espainiako Kongresuan. Ateak itxita egingo den bileran argituko da PPk 2015ean onartu zuen legea indagabetzeko Sanchezen gobernuak egindako promesa beteko ote den. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak berretsi du akordioa posible dela, beti ere PSOEk emandako hitza betetzen badu. 40 bilera baino gehiago izan ditu koalizioak gobernu espainiarrarekin baina EH Bilduk hasieratik planteatu dituen hiru gai nagusienetan ez dute akordiorik lortu. Beraz, gomazko piloten, autoritatearen aurkako desobedientzia edo irainen eta beroan egindako itzulketen inguruan egungo legeak zehazten duena ezabatu gabe EH Bilduk ez du gobernuaren erreforma babestuko.

Pentsioen bideragarritasuna zalantzan jartzea, «gezurrezko markoa»

IEHan pentsioen erreformaren aurkako bigarren greba egunean, Espainiako gobernuak kotizazio garaia 30 urtera luzatzeko agertu duen asmoa kritikatu du Aizpuruak, gutxien dutenak kaltetuko direlako. Pentsio sistema publikoaren jasangarritasuna zalantzan jartzen ari dira bai Pedro Sanchez baita Emmanuel Macron ere. EH Bilduko diputatuaren esanetan gezurretan ari dira, ez delako ezinbestekoa pentsioak lan merkatuarekin lotzea, «gezurrezko marko bat jartzen digute, zergatik ezin dira beste arlo batzuk bezala tratatu?».

Lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko nahia ere adierazi du gobernu espainiarrak baina CEOE patronala guztiz aurka dago. Aizpuruak ohartarazi du patronalak bere aldeko akordioak nahi dituela beti, betorako baimena ere eman zaiola baina iritsi dela ordua horrekin amaitzeko. Patronalak gustuko ez duen legea, gainera, langileentzat mesedegarria dela baieztatu du.

Jaurlaritza Logoa