Zuzenean

NAIZ

«Emakumeentzako, gaur egun, tertuliak ez dira irauteko espazioak»

‘Irautea iraultzea denean’ artikulua argitaratu dute euskal hedabideetako tertulietan parte hartzen duten hainbat emakumek. Ahotsak zapaltzea, moztea, giro zurbila, «arzalpenak» zein mahaietako emakume bakarrak izatea «egunerokotasunaren ogia» dela salatu dute.

Audio_placeholder

«Emakumeentzako, gaur egun, tertuliak ez dira irauteko espazioak»

Loading player...
Info 7 irratiko tertulia Eusko Legebiltzarrean.
Info 7 irratiko tertulia Eusko Legebiltzarrean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Euskal hedabideetako tertulietan parte hartzen duten Naiara Pinedo, Iraia Oiarzabal, Zuriñe Rodriguez, Eva Silvan, Pilar Kaltzada, Maite Ubiria, Maialen Ferreira, Ainhoa Etxaide, Gessami Forner, Leire Regardas, Esti Linares edo Estitxu Garaik eztabaidetan bizi duten egoera salatu dute. Iritzi artikuluak oihartzun zabala izan du, eta «urgentziazko zerbaiti erantzuteko» plazaratu denaren sentsazioa egon dela aitortu dute Iraia Oiarzabal eta Maider Galardik NAIZ Irratian. Hala ere, helburua urtez urte jasandako egoerei «oihartzuna ematea» dela zehaztu du Galardik.

Tertulietan ahotsak zapaltzea, moztea, gizonek iritzia gutxiestea edota gizonak finkoak izatea eta emakumeak aldakorrak «etengabean eta modu egituratuan dagoen errealitatea» dela azaldu du Iraia Oiarzabalek.

Estitxu Garaik zehaztu duenez, oso oharkabean pasatzen diren «mekanismo maltzurrak» dira, baina «konturatzerako txiki txiki uzten zaituztenak». «Horren ondorioz, emakume askok ez dute parte hartu nahi horrelako espazioetan. Eta beste batzuk parte hartzen hasten dira baina arin uzten dute. Oso gutxi dira denbora luzean hor egon diren emakumeak», gaineratu du.

«Irautea iraultzea da»

«Mahaiaren bueltan emakume baten beharragatik deitzea izan zen hasieran gehien txokatu zidana», azaldu du Oiarzabalek.

Tertulien «etsaitasun» izaera dela eta, mantentzen dienen emakumeekiko «goresmena» aitortu du Galardik: «Horrelako leku hostiletan irautea iraultzea da». Aldiz, bertako «anaidia apurtzeko» egon behar dela erantsi du. «Burua lehoietara botatzea» edo «iruzurgilearen sindromea» aipatu dituzte tertuliekiko aurrez aurre egotearen baitan.

«Hau publikoa da jada. Guk esan dugu zer dagoen. Orain dagokionari tokatzen zaio neurriak hartzea egoera aldatzeko», nabarmendu du Galardik. «Tertulien mekanismoa edo sistema guztiaren aldaketa egon behar da espazio horretan erosoak izateko eta iraungarriak edo jasangarriak izateko. Bertan dauden gizon tertuliakideek beraien pribilegioei buruzko gogoeta ere egin behar dute», gaineratu du.

«Hitz egin nahi ez izateak asko adierazten du»

Salaketaren ostean isiltasuna egon arren, Galardik baieztatu du adierazpenak «neurriak» hartzeko balio behar duela. «Inguruko jendeak esan dit hau ere gurean gertatzen dela. Ez dezatela pentsatu bakarrik gertatzen dela telebista publikoaren saio zehatzetan, baizik eta gertuago ere gertatzen direla halakoak».