Zuzenean

NAIZ Irratia

«100 asilo eskaeratik 5 onartzen dira, hor dago eztabaida, beste guztia zarata da»

Espainiar Gobernuak Gasteizen eraiki nahi duen errefuxiatuen zentroaren aurka dago Caritas ere. Arabako koordinatzaile Ramon Ibeasek ohartarazi du horrelako eraikuntzek «ghettoak» sortzen dituztela eta ez direla baliagarriak migrante eta errefuxiatuei «harrera duin» bat emateko.

Audio_placeholder

«100 asilo eskaeratik 5 onartzen dira, hor dago eztabaida, beste guztia zarata da»

Loading player...
Duela 10 urte itxi zuten Arana Klinikan eraiki asmo dute errefuxiatuen zentroa.
Duela 10 urte itxi zuten Arana Klinikan eraiki asmo dute errefuxiatuen zentroa. (GOOGLE MAPS)

350 errefuxiaturentzat lekua izango lukeen zentro bat eraiki asmo du espainiar Gobernuak Gasteizko Arana Klinikan. Aurkakotasun handia eragin du egitasmoak eta Arabako Caritasek ere ez du begi onez jaso iragarpena. «Harreraren alde gaude, noski, baina nola egin eztabaidatu behar da eta uste dugu horrelako eraikuntza batek ez duela lagunduko harrera duin batean», adierazi du Ramon Ibeas koordinatzaileak NAIZ Irratian.

Salatu duenez, «errazegi» hitz egin da «xenofobiari» buruz, «eta hori erantzukizun falta izan da». Izan ere, Arana Klinikaren kasuan eredua kritikatu da, ez ordea harrera.

Zentzu honetan, Gasteizek migranteak hartzeko erabateko gaitasuna duela defendatu du, gogoratuz duela mende erdi 30.000 biztanle zituela Arabako hiriburuak eta egun 250.000 dituela, «gai gara eta ez ditugu horrelako azpiegiturak behar».

Hala, eztabaida harrera duin bat antolatzearen inguruan zentratu behar dela defendatu du Ibeasek eta asilo eskaerek erakusten duten egoeraz ohartarazi du: «Estatu espainiarrean 100 asilo eskaeratik bost onartzen dira, ezezkoa jasotzen dutenak egoera irregularrean gelditzen dira, Atzerritartasun Legearen ondorioz ezin dute bizitza normal bat garatu, beraz, asko dago hitz egiteko, hobetzeko, hori da benetako eztabaida, beste guztia zarata da».

Beraren ustez, zentro erraldoi baten irekiera ez du errefuxiatuen gizarteratzea ahalbidetuko, eta gogoratu du frantziar Estatuan erabilitako eraduaren ondorioak. Halako «esperientzia txarrak» saihesteko, auzoetan aniztasuna sustatzea proposatu du.

«Hirian dagoen aniztasuna eta pluraltasuna auzoetara eraman behar dugu. Horrek ziurtatzen du gizarteratzea. Hori nahi digu Gasteizen», azpimarratu du.