Zuzenean

Bigarren Kafea

«Inoiz baino konektatuago, baina inoiz baino isolatuago daude ikasleak»

Gaur egungo hezkuntza duela urte batzuetakoa baino maila baxuagoakoa dela dio jendeak, eta horren inguruan hitz egitera etorri dira gaur Bigarren Kafera Ekaitz Goikoetxea eta Joxe Ubera irakasleak.

Audio_placeholder

«Inoiz baino konektatuago, baina inoiz baino isolatuago daude ikasleak»

Loading player...

Ekaitz Goikoetxea eta Joxe Ubera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak dira, lehena Beasaingo BHI ikastetxean eta bigarrena Oiartzungo Elizalde institutuan, baina antzeko esperientziak izan dituzte azken urteetako irakaskuntzaren gorabeherekin eta hezkuntzaren digitalizazioarekin.

Nahiz eta pasioz bizi duten irakaskuntza, hezkuntzan maila jaitsi denaren sentsazioa dute biek, ahalegin gutxiagorekin emaitza onak lortzen baitituzte ikasleek. «Ez diogu behar bezelako garrantzia ematen ahaleginari edo esfortzuari», esan du Goikoetxeak.

Horrez gain, irakasle honek aipatu du ikasle guztiek gainditu behar dutenaren ustea zabalduta dagoela. Ohartarazi du honek gaitasun handiko ikasleengan eragin kaltegarria duela, «grinatsu» aritzen diren horiek, askotan, «aspertu» egin daitezkeelako: «Nire buruari askotan galdetzen diot zeinentzat eta zenbatentzat ari garen eskolak ematen. Irakasleon lehentasunetako bat izan beharko litzateke ikasle bakoitzari egokitzen eta ahalik eta ikasle gehienentzat probetxugarria izango den eskola ematen. Eta iruditzen zait, mailaren jaiste honekin, gorago ibiltzen diren ikasleak konforma daitezkeela askoz lauagoa den zerbaitekin».

Errepikatzea: gaur drama, bihar tabua

Suspentsoa porrotaren mailara beheratu den honetan, Goikoetxeak eta Uberak zalantzak erakutsi dituzte gehiegizko permisibitatearen inguruan. «Suspentsoak badakigu zer dakarren: hurrengo urtean beste inguru batekin, beste lagun batzuekin hasi beharra, eta badakigu horrek norbanakoan zer eragin izan dezakeen. Baina iruditzen zait suspentsoak ikasgai eta ikasbide izan daitezkeela eta horretan ere jarri beharko genuke fokua: ahalegintzen ez dena konturatu dadila ahaleginak emaitzak ekarriko dizkiola, besoak gurutzatuta nekez iritsiko dela iritsi behar duen toki horietara», agertu du Goikoetxeak.

Zentzu beretik mintzatu da Ubera. «Gaur egun ikaslea babestu behar dela esaten da, baina kurtsoz pasatuta zenbat ari gara laguntzen ikasle horri?», galdetu du. Azaldu du, halaber, ikasturtea errepikatzea ez dela «drama bat» ondo aprobetxatzen bada, eta ohartarazi hemendik denbora batera ‘errepikapena’ hitza «tabu» ere bihurtuko dela.

Maila jaisteaz gain, heldutasun edo autonomia falta ere nabari dutela esan du Elizalde institutuko irakasleak: «Unibertsitateetatik gero eta gehiago entzuten dugu, adibidez, azterketa baten berrikuspenera gero eta ikasle gehiago gurasoek lagunduta joaten direla. Lehenago sinesteko zailak izango ziren egoerak ere bai, adibidez, laneko elkarrizketa batera gurasoekin azaltzea. Horrek asko esan nahi du, denbora gutxian gauzak asko aldatu dira».

Digitalizazioaren eragina

Irakaskuntzaren digitalizazioak ekarri duen «menpekotasunaz» ohartarazi du Goikoetxeak. Une honetan, 21.000 irakasle ari dira digitalizazioari eta curriculumari buruzko ikastaro bat egiten. Goikoetxeak ez du ukatu horretarako beharra dagoenik, baina gustatuko litzaioke jakitea nork identifikatu dituen behar horiek, norekin adostu duen ikastaroaren edukia eta helburua. «Nirekin eta nire lankideekin ez behintzat. Ikasleen eta irakasleen beharrak zeintzuk diren askotan goitik esaten digute», kritikatu du.

Teknologia iristearekin batera irentsi du hezkuntzak, bere abantailekin, baina baita desabantailekin ere. Ikasle bakoitzak bere ordenagailua izaten du mahai gainean eta horrek kontraesan batzuk sortzen ditu: pantailak kaltegarriak direla esaten zaien bitartean, ordenagailu bat jartzen zaie eskola orduetan, zenbaitetan gurasoek nahi baino lehenago. Ikasgelaren klima ere aldatzen dute gailu hauek, Goikoetxearen esanetan: «Orain dela 20 urte esaten zen irakasleak ordu laurden inguru behar izaten zuela ikasleak isilarazten. Gaur egun, klasean sartzen garenean isil-isilik egoten dira beraien chromebook-aren aurrean. Esango nuke inoiz baino konektatuago daudela, baina inoiz baino isolatuago ere bai».

Non geratu da emozioen kudeaketa?

Irakasle guztiak digitalizazioari buruzko ikastaroan murgilduta eta ikasleak pantailari begira dauden bitartean, pandemia garaian abiatutako ikuspuntu emozionala galdu da, Goikoetxeak esan duenez: «Duela bi urte gure erronka emozioen kudeaketa zen. Itxialdian geundenean esan zen edukiak baztertutu behar genituela eta buru-belarri murgildu behar ginela gure ikasleen emozioetan eta ongizatean. Hori bat-batean ahaztu dugula dirudi. Eta datuak hor daude: gero eta ikasle gehiago antsietatearekin, estresatuta; bere buruaz beste egiten saiatu direnak gero eta gehiago dira. Horri aurre egiteko aukera bakarra digitalizazioa bada... horrek zer pentsatua ematen dit».

Jaurlaritza Logoa