Zuzenean

Irati Alvarez

«Gu ere izan gaitezke migrante»

Jatorri anitzeko jendarte batean bizi gara, baina zein pertzepzio dugu migranten inguruan? Onartzen al ditugu? Zein zailtasun ikusten ditugu? Kalera irten gara herritarren iritzia ezagutu nahian.

Audio_placeholder

«Gu ere izan gaitezke migrante»

Loading player...
Migranteak Irun eta Hendaia arteko pasabidean. (Gorka RUBIO | AFP)
Migranteak Irun eta Hendaia arteko pasabidean. (Gorka RUBIO | AFP)

Jatorri, kultura zein erlijio anitzeko gizarte batean bizi gara gaur egun, eta euskal herritarrek migrazioarekiko duten pertzepzioa eta jarrera entzutera irten gara kalera.

Herritarrek, orokorrean, argi dute haien ikuspuntua: mundu globalizatu batean bizi garen heinean, «egoera normaltzat» jotzen dute migratzea, «egoera berean gauza bera egingo genuke», diote askok. Baina uste dute «berdintasun batera heltzeko lan handia» egin behar dela oraindik.

Positibotasunez, «kulturalki hobetzen gaituela eta gure pentsaera zabaltzeko aukera ematen digula” ere esan dute. Bide beretik, elkarren arteko errespetuaren garrantzia azpimarratu du batek, «gurekin errespetagarriak badira, zergatik kaltetu beharko ditugu?».
 
Gure gizartean etorkinen jatorri eta migratzeko duten arrazoiak topikoekin lotzen ditugula ere iritzi dute: «Pasatzen dena da etorkina bakarrik deitzen diogula aterkiak saltzen dituztenei». Baita, jatorriaren arabera harrera desberdina izaten dutela, Ukrainiako gerrari erreferentzia eginez.

Harrera eta integrazioari erreferentzia eginez bestalde, iritzi desberdinak izan dira: «Alde biko lana dela», «hezkuntzak eragina duela» eta «pertsonaren araberakoa» dela esan dute orokorrean, baina bada kulturara egokitzen ez direla eta komunitatea sortzean integratzeko zailtasunak handitzen direla uste dutenak ere. Hizkuntza integraziorako zailtasuna dela aipatuta, bada hizkuntza-politiken beharraz mintzatu denik.

Eta azkenik, etorkizunera begira jarriz, migrazioak gorakada izango duela edo ez jakin ezin bada ere, indibidualismoak sortzen duen egoskorkeria nabarmendu dute eta «gu ere migrante izan gaitezkeela» gogoratu dute.

Jaurlaritza Logoa