Zuzenean

Naiz Irratia

Guztia prest 'txooooootx!' denboraldirako

Asteazken honetan zabalduko da Gipuzkoan Sagardo denboraldi berria Astigarragan, eta guztia prest dute herrian zein sagardotegian hitzorduari heltzeko. Alkatearekin, eta, Aitziber Garmendiarekin batera denboraldiari irekiera emateko ardura izango duen Jon Plazaolarekin hitz egin dugu.

Audio_placeholder

Guztia prest 'txooooootx!' denboraldirako

Loading player...
Gipuzkoako Sagardo denboraldia abiatuko dute asteazken honetan Astigarragan, Alorrenea sagardotegian. (Gorka RUBIO/FOKU).
Gipuzkoako Sagardo denboraldia abiatuko dute asteazken honetan Astigarragan, Alorrenea sagardotegian. (Gorka RUBIO/FOKU).

«Nolako dator aurtengo sagardoa?», kazetariaren galdera. «Zer esango dizut ba nik, ona, ooooona!», alkatearen erantzuna. Sagardo ekoizleek emango dituzten xehetasunen zain, Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek eman digu aurtengo uztaren arrastoa: «Freskoa, ona... zer esango dizuet ba!». Bera izango da asteazken honetan egingo den Sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldiko buru, Euskal Sagardoa deiturako kide, eta, Lakuako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain.

Denboraldi berezia izango dela ezin uka, pandemiaren garaiko gogorrenak alde batera utzita, aparteko neurririk gabe antolatua izango delako, besteak beste. Ez dira urte errazak izan; pandemiak berak, eta ondorengo inflazio egoerak sektorean orbana utzi dute aitortu digunez: «Ia egin ditugu bi urte 'txotx' denboraldirik gabe eta pandemian ginenean ere sagardo gutxiago kontsumitu da. Gerora etorri da prezioen igoera ikaragarri hau, eta, alde horretatik, sagardo ekoizleek buruhauste dezente ari dira izaten egoerari eusteko; ez dira garai errazak, baina sagardogintzak gure herrian eta eskualdean badute mendeetako iragana eta ziur naiz orain ere bidea topatuko duela».   

Horretan lagunduko du segur asko denboraldi berriak. Astigarragan preziatua izaten den garaia dela aurreratu digu alkateak, hilabeteak atzera ospatzen hasten den ospakizun handi baten parte: «Udazkenean hasten gara sagar biltzearekin, udaberrian sagar-loretan... zikloa sagarrak eta sagardotegiek markatzen dute Astigarragan». Asko da garai honek herriari ekartzen diona, «giroari eta ikuspegi ekonomikoari» dagokionez. Baina buruhausteak ere bai: «Jende asko etorriko da, eta horrekin batera zalaparta ere bai». Hortik alkatearen deia: «Bilatu dezagun guztion artean disfrutatzeko modua. Egin dezatela festa sano, baina bertakoen bizimodua errespetatuz».

Eztarria gertu

Astigarragako Alorrenea sagardotegiak jasoko du aurtengo sagardotegi denboraldiaren irekiera ekitaldia. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktore eta umoregileek izango dute horretarako ardura. Plazaolak kontatu digu «sagardozalea» dela; pozik jaso dutela izendapena, eta entseatu ez duten arren, «seguruenik umorerik ez dela faltako» aurreratu digu.

Jaurlaritza Logoa