Zuzenean

Ainara Rodriguez

Zazpi haur familia baten altzoaren esperoan

Gipuzkoak 73 harrera familia behar ditu, horietatik 7 premia larriz. Euren jatorriko familietan bizi duten egoera zaurgarriagatik, familia baten «goxotasuna eta segurtasuna» behar dute. Harrera familia izateak zer suposatzen duen azaldu digu Foru Aldundiko teknikari Maitane Mardarasek.

Audio_placeholder

Zazpi haur familia baten altzoaren esperoan

Loading player...
73 harrera familia behar dituzte Gipuzkoan, horietatik 7 kasuetan premia larria da.
73 harrera familia behar dituzte Gipuzkoan, horietatik 7 kasuetan premia larria da. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Teresak 12 urte ditu eta pixka bat kostatzen zaio etxeko lanekin egunean jartzea, baina asko gustatzen zaizkio harrera etxean egiten dituzten ekintzak. Omarri, berriz, asko gustatuko litzaioke familia baten altzoan bizitzea; harrera etxe batean bizi da, eta asko maite ditu berarekin bizi diren beste neska-mutilak. Urgentziaz harrera familia behar duten 7 haur gipuzkoarretik bi dira Teresa eta Omar. Sergio, Jon, Melissa, Miren eta Fani dira besteak. Euren jatorriko familietan bizi duten egoera konplikatuagatik beste etxe batzuetan artatuak izatea behar dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika departamentuak kanpaina berezia jarri du martxan hori ahalbidetzeko.

Maitane Mardaras teknikariak azaldu duenez, berez, guztira, 73 harrera familia behar dituzte, baina 7 horietan premia larriaz: «Horietako bat larrialdiko familia batean bizi da eta beste seiak Gipuzkoako egoitza ezberdinetan orain denbora dezente. Harrera familia batean bizi nahi dutela adierazi digute guztiek, gogo asko dute horretarako». Bizi dituzten egoerak ezberdinak izan arren, guztiek dituzte 4 eta 14 urte bitartean, eta familia baten goxotasuna da gehien behar dutena: «Babesa ematen die, ziurtasuna, onarpena, eta bizitzako aspektu ezberdinetarako estruktura bat. Euren nortasuna modu egokian garatzeko aukera ematen die. Beraien bizitzako lehen urteetan ez dituzte behar besteko zaintzak jaso, askok abandonua, ziurtasun ezaren sentimendua izaten dute eta harrera familia baten berotasuna behar dute, haurtzaroan garapen ona izan eta, azken finean, zoriontsuak izateko».

Mota guztietako familiak

«Abentura» honetan murgiltzeko, edozein familia eredu da posible; familiako kide guztien onespena behar da, hori bai, eta haur etorri berriari familia giroan murgiltzen laguntzea. Bereziki egiten dute indarra jatorriko familian «errespetarazten eta ulertzen»: «Harrera familien programak ez du bilatzen jatorrizko familia ordezkatzea. Haur edo nerabearentzat ona bada, familia biologikoarekin ez dute kontaktua galtzen, bisitak egiten dira. Ez bakarrik gurasoekin, batzuetan anai-arrebekin, aiton-amonekin, izeba-osabekin kontaktuak izaten dira. Horien frekuentzia kasuaren araberakoa izaten da, baina guk horretara bultzatzen ditugu».

Programa «aitzindaria»

33 urte bete ditu harrera familien programak. Gaur egun 350 familiak osatzen dute sarea, eta 403 dira familia horietan diren haur eta nerabeak. Ukrainatik etorritako 58 haur ere badaude harrera familietan.

Programa bera bere momentuan «aitzindaria» izan zela azaldu du Mardarasek. Haurren eta nerabeen beharrei erantzun profesionalizatua emateko jarri zen martxan, eta noski, denbora honetan egokitzen joan den programa izan da: «Hasiera batean borondatezko familia sare batekin abiatu zen, gerora harrera espezializatua sortu zen behar bereziak zituzten adingabeak artatzeko, eta berri-berriena larrialdiko harrera familiena da; hauek berehalako arreta eskaintzeko familiak dira, prest egon behar dira edozein momentutan, deitzen zaienean, erantzun ahal izateko».

Urratsa eman nahi duten familiek bi aukera dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko harrera familien sailera bideratzeko: familiaharrera@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan edo bestela 943 112522 telefonora deituta.

Jaurlaritza Logoa