Zuzenean

«Estatuaren biktimak omenduko dituen zentro bat sortzea dago jokoan»

Martxoaren 3ko errepresioa oinarri hartuta Gasteizen memoria zentro bat eraikitzeko proiektuan «borondate politikoa» falta dela uste du Memoria Gara elkarteak. Bitimek eta eragile sozialek egitasmoan inplikatuta egon behar dutela aldarrikatu du Josu Santamariak.

Audio_placeholder

«Estatuaren biktimak omenduko dituen zentro bat sortzea dago jokoan»

Loading player...
Memoria Gara elkarteko kideek astelehenean egindako agerraldia.
Memoria Gara elkarteko kideek astelehenean egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko memoria zentroaren proiektua «izoztuta» dago, Memoria Gara elkarteko Josu Santamariak NAIZ Irratian salatu duenez. 1976ko Martxoaren 3an San Frantzisko Asiskoa elizan gertaturiko sarraskia oinarri hartuta, eliza memoria eta giza eskubideen zentro bilakatzeko helburuz jaio zen Memoria Gara elkartea 2018. urtean. Hiru urtera, 2021. urteko otsailean sinatu zuten instituzio publikoek, Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Lakuako Gobernuak, eta elizaren jabe den Gasteizko apezpikutzak zentroa sortzeko «konpromisoaa», baina lehen fase «arrakastatsu» baten ostean, proiektua gauzatzeko «borondate politikoa» falta dela uste du elkarteak.

Martxoak 3 biktimen elkartea zein Memoria Gara elkartea proiektuan integratzeko pausorik ez dela eman salatu du Santamariak. Azaldu du lankidetza hitzarmen bat sinatzeko proposamen «serio» bat osatu zutela eurek baina instituzio publikoek ez dutela pausoa eman. Lankidetza eta gardentasuna beharrezkotzat jo ditu baina uste du erakundeek egitasmoa «monopolizatu» nahi dutela eta ohartarazi du horrek «zentzua kentzen» diola memoria zentroari.

Ez dakite instituzio publikoek zergatik ez duten lankidetzan aritu nahi, «gauza asko pentsa ditzakegu, enpatia falta edo anbizio falta izan litezke», baina Memoria Gara elkartearentzat erakundeen jarrerak erakusten du ez dutela ulertzen «nola egiten den halako memoria espazio bat». Hainbat «erreferente» aipatu ditu, Latinoamerikan, Txile, Argentina nahiz Uruguain, edota Irlandan dauden memoria zentroak zehazki, eta guztiek biktimen nahiz herri ekimenen parte-hartzea dutela azaldu du. Hala, biktimen eta eragile sozial nahiz herri mugimenduaren parte-hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu du Santamariak, baita «aditu eta profesionalena» ere.

«Biktima aktiboak»

Proiektu honen oinarria Martxoaren 3ko biktimak omentzea dela gogoratu du Santamariak, baina harago, «oro har errepresio tardofrankistaren inguruko memoria zentro bat» sortzea da helburua, «70. hamarkadako giroa jasoko luke, hsitorikoki, kritikoki, Estatuaren biktimak omenduz, hau da apustua, Gasteizen jokoan daukaguna».

Memoria Gara elkarteko ordezkariaren iritziz, azken hamarkadetan aurrerapausoak eman dira «errepresio frankistaren aitortzan» eta positiboki baloratu du San Frantzisko Asiskoa eliza memoria gune bihurtzeko proposamena babestu izana erakundeek. Baina egitasmoa ez aurrera ez atzera ikusten duten honetan, uste du arazoa ez dela «kontzeptua» baizik eta «nork egiten duen diskurtsoa». Zentzu honetan biktimen «autonomia» eta «heldutasuna» aldarrikatu eta «biktimen kontzeptu aktiboa» landu dadila eskatu du, zentroa «modu horizontalean» eraiki dadin. Sanatamariak uste du «diskurtsoaren monopoliorako borondate politikoa» egon litekeela instituzioen aldetik, edo «lana egiteko duten inertzia baten sinbolo» izan litekeela lankidetzarako erakusten ari diren ezintasun edo borondate falta, baina Memoria Gara elkarteko ordezkariak argi dio, «guztion artean eraikiko dugu edo ez da izango».

Jaurlaritza Logoa