Zuzenean

Naiz Irratia

«Ezinbestekoa da Osakidetzan behingoz neurriak hartzea»

Osasun sistema publikoaren egoerarekiko eta 37.000 langileen lan baldintzekiko kritiko, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Medikuen Sindikatuak mobilizazio dinamika berria abiarazi dute, ostegunero egingo dute protesta benetako negoziazio bat aldarrikatuz.

Audio_placeholder

«Ezinbestekoa da Osakidetzan behingoz neurriak hartzea»

Loading player...
Osakidetzako langileen eta sindikatuen protesta Txagorritxun.
Osakidetzako langileen eta sindikatuen protesta Txagorritxun. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Amaia Mayor Satse erizainen sindikatuko bozeramaileak salatu du Lakuako gobernuaren eta langileen ordezkarien artean ez dagoela negoziaziorik, «zoritxarrez ez». Mahai Sektorialeko kide diren sindikatuek urte osoa osoa daramate salatzen elkarrizketarik ez dagoela eta Osakidetzako zuzendaritzak «jarrera inposatzailea» darabilela. Abendua hasieran Gotzone Sagardui osasun sailburuarekin elkartu ziren eta Osakidetzako zuzendaritzaren jarreran aldaketa bat bultza zezala eskatu zioten baina Mayorrek Naiz Irratian salatu duenez «ez du konpromezurik hartu nahi izan».

Bitartean Osakidetzaren egoera «okerrera» doala baieztatu du Satseko ordezkariak. Arazo nagusienen artean lan baldintza kaskarrak aipatu ditu, «prekarietatea oso handia da eta %50etik gorakoa da behin behinekotasuna». Hainbat arlotan profesionalak falta direla gaineratu du, lehen arretan gero eta zailagoa dela osasun beharrei erantzutea, gero eta zaialagoa dela hitzordu bat lortzea, gabonetan zentroen ordutegiak murriztu egin direla eta etengabeko hainbat arreta gune itxi dituztela. Herritarrek jasotzen duten osasun arreta «ez da kalitatezkoa» Mayorren esanetan eta profesionalen arazoentzat ez da irtenbiderik eskeintzen. Egoera ez dela «batere ona» ziurtatzearekin bat, negoziazioa eskatu die Osakidetzako arduradunei, «ezer egin ezean egoera ez da hobetuko, ezinbestekoa da behingoz neurriak hartzea»

 Irtenbideen artean, lan publikoko prozesuak azkartzea eskatu du, lan baldintzak duintzea, «profesionalak osasun pribatura» joan ez daitezen, eta epe luzerako plangintzak osatzea. Murrizketarik ez dutela onartuko gaineratu du, ez osasun arretan, ezta profesionalen jardunean ere, «Osakidetzak garapen profesionalean murrizketak egiteko asmoa du eta guretzat hori onartezina da». Denen ahotan den profesional faltari aurre egiteko, halaber, unibertsitatean plaza gehiago eskeini behar dela defendatu du.

Jaurlaritza Logoa