Zuzenean

Maite Bidarte

Bigarren Kafearen 500. saioa, Donostiako Aquariumetik [ZUZENEAN]

500. saiora iritsi da Bigarren Kafea magazina. Oharkabean pasa da denbora, baina orain arteko bidea ederra izan delako eta ospatzeko asko dagoelako, lagun, kolaboratzaile eta entzuleen artean irratsaio berezia egingo dute astelehen honetan, Donostiako Aquariumean, arratsaldeko 18:30ean.

Audio_placeholder

Bigarren Kafearen 500. saioa, Donostiako Aquariumetik [ZUZENEAN]

Loading player...

Ez da erraza atzera begiratu eta Bigarren Kafea (BK) magazineko 500 saio hauetan gertatu dena gogoratzea, baina nekez ahantziko zaio Iñigo Asensio aurkezleari nolakoak izan ziren hastapenak. «Batez ere, prestakuntza lanak gogoratzen ditut, bideo deien bidez egin behar izan genuen lan eta sormenerako ez da hori modurik onena». Pandemia bete-betean, bideo-deien bidez, norbere etxetik egin ziren BK-ko lehendabiziko saioak. Eta Nola aldatzen diren gauzak kamarada: 500. saioa Donostiako Aquariumean egingo dute, bide luze honetan, modu batean edo bertzean, famili bihurtu diren kolaboratzaile, elkarrizketatu eta entzuleekin.

Garaian, Iñigo Asensiok, Arrarte Hernandezekin eta Iñigo Etxarrirekin konpartitzen zuen saioaren gidaritza. Saioa irrati bidez zabaltzeaz gain, sare sozialetan ere zabaldu zen zuzenean (gaur egun hala da ere), Youtube, Facebook eta Twitchen. Itxialdi egunetan konpainia ederra bihurtu zen Bigarren Kafea magazina, beraien freskotasunak eta dinamismoak erakarri gintuen, are gehiago, irudiz ikusten genituelako, pantailaz bertzalde. Itxialdia amaitu zenean «Bigarren Kafeko laborategian» elkartu ziren aurrez aurre, Tolosako Rondilla kaleko egoitzan, gaur egun, handik egiten da egunero saioa. 

Egun, Goiuri Eceiza eta Iñigo Asensio dira Bigarren Kafea saioko ahots nagusiak, eta txandaka, aurkezle taldea osatzen dute Julen Goikoetxeak, Oihana Maritorenak, Irati Orejak eta Mai Gorostiagak. Aurretik, Iñaki Lasa, Maitena Salinas, Amaia Rosende eta Fariba Sheikan ere aritu dira aurkezle lanetan, baita aurretik aipatu ditugun Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarri ere. «500. saioan denak egotea nahi dugu» esan du Iñigo Asensiok NAIZ irratiko Informazioaren Harian.

Astelehenetik ostiralera 2 orduko 500 programa egitea bada marka, «gaur zer kontatuko dugu? Esaten diogu gure buruari. Baina Euskal Herrian proiektu zoragarri asko egiten dabilen jende asko dago, gaiak badaude» dio Goiruri Eceizak. Psikologia, soziologia, antropologia, artea, ikus-entzunezkoa, antzerkia, gastronomia, bidaiak, teknologia berriak...askotarikoak dira Bigarren Kafea saioan lantzen diren gaiak.

Eta nola kudeatu hori guztia? «Atrebitu samarrak gara» aitortu du Iñigo Asensiok. Ideia bat okurritu eta hariari tira egiten diote amaiera arte, alegia, irrati estudioan egikaritu arte. Horren adibide da ‘Firfiran’ podcast erotikoa, eta baita Durangoko Azokan arrakastaz zabaldu den 'LabankaDA!’ podcasta. «Lotsagabe batzuk ez bagina izango iaz ez genioke oihuka agurtuko Uxue Razkin Ereineko editoreari» esan du Asensiok, horrek ekarri zuen gerora Razkinen txio bati erantzun, amua bota, eta LabankaDA! Irrati fikzioa sortzea. «Eta egin genion elkarrizketa batean Harkaitz Canok jostaria zela esan ez baligu ez genuen LabankaDa! egingo, eta guk hori aprobetxatu dugu» gogoratu du Eceizak.

Momentu berezirik ba ote duten galdetuta Eceiza eta Asensiok aitortu dute aunitz direla, eta zaila dela bat nabarmentzea. Asko ikasi dute, asko hunkitu eta askotan irriz lehertu. ‘Politikantuz’ tarteak adibidez momentu gozok utzi ditu, astero gaurkotasun satira abesti egiten zuen Iker Laurobak.

Elkarrizketa akustikoek ere egin dute bidea Bigarren Kafea. Asteazkeneko-asteazkeneko, NAIZeko ‘Gure musikaren alde’ filosofiarekin bat eginez, musikariek kantu akustikoak eskaini dituzten Tolosako Bigarren Kafeko laborategian. Irratia egiteko tresna guztiez gain, musika instrumentu daude ugari, eta horrekin ere badituzten zenbait pasarte. Hala gogoratu du Goiuri Eceizak «Gogoan dut Ane Lukinekin gertatutakoa. Ukelerik gabe atera zen etxetik, eta ezin zuen etxera sartu eta haren managerrak galdetu zigun ea ukelelerik bagenuen, eta guk baietz, noski, etortzeko lasai» eta piano bat, organiloa, zenbat gitarra, eskusoinua, harmonika...horregatik da laborategia Bigarren Kafea magazineko estudioa.

Abenduaren 26an Tolosako laborategitik aterako dira Bigarren Kafekoak urteko azken saioa egiteko. 2022ko urtea agurtuko dute eta 500. saiora iritsi direla ospatu. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da saioa, eta gonbidatu mordoa pasako da NAIZ irratiko mikrofonoetatik, zuzeneko musika egongo da eta noski, sorpresa ugari. Saioa, irrati bidez eta Twitch bidez zabalduko da.

500. saioan parte hartzeko sarrerak gonbidapen bidez banatuko dira. Zozketan parte hartu nahi baduzu mezu bat bidali NAIZ irratiko whatsapp zenbakira (644632994) galdera hau erantzunez: 2023an, nor nahi duzu Bigarren Kafean elkarrizketatzea?

Jaurlaritza Logoa